Herritarrek parte hartzeko prozesua ireki da Busturialdea-Urdaibaiko Eskualdeko Plan Estrategikoaren barruan

0

Eskualdean bizi diren edo eskualdearekin lotura duten pertsonek beren ideiak proposatu ahal dituzte online galdetegi baten bidez. Galdera hau egiten da: zein proiektu edo ekimen proposatzen dituzu eskualdeak dituen erronkei aurre egiteko?

Busturialdea-Urdaibaiko Eskualdeko Plan Estrategikoaren (EPE) barruan, herritarrek parte hartzeko prozesua hasi da, Bizkaiko Foru Aldundiaren webguneko esteka honetan dagoen galdetegi baten bidez. Otsailaren 19ra arte egongo da irekita prozesua. Hala, herritarrak plana prestatzeko prozesuan sartuko dira, EPEren (Lehentasunezko jarduera-eremuetako eskualdeko plan estrategikoak) metodologian jasotzen den bezala; izan ere, metodologia horrek ezartzen du plana parte-hartzean oinarrituta egin behar dela. Helburua da eskualdean bizi diren edo eskualdearekin lotura duten pertsonen ekarpenak jasotzea. Horretarako, galdera honi erantzun behar diote: zein proiektu edo ekimen proposatzen dituzu eskualdeak dituen erronkei aurre egiteko?

Busturialdea-Urdaibaiko Eskualdeko Plan Estrategikoa Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta eskualdeko hogei udalek sustatzen dute: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Morga, Murueta, Muxika, Mundaka, Nabarniz eta Sukarrieta. Planak eskualdean bizi diren pertsonen lehiakortasun ekonomikoa eta bizi-kalitatea hobetuko duten trakzio-proiektuak identifikatu eta garatuko ditu. Eskualdea bere osotasunean eraldatzeko gaitasun handia eta garapen sozioekonomikoan eragin handia duten proiektuak, hain zuzen ere.

Plana egiteko lehen urrats izan da eskualdearen diagnostiko integrala egitea, eta bertan etorkizunerako zortzi erronka identifikatu dira. Bigarren fasean, erronka horiei erantzuna emango dieten trakzio-proiektuak identifikatuko dira. Horretarako, joan den abenduan, Plan Estrategikoaren Eskualdeko I. Partaidetza Foroan bildu ziren inplikatutako erakundeak, eskualdea ordezkatzen duten eragileak eta landutako gaietan adituak diren pertsonak. Prozesu horren ondorioz, trakzio-gaitasun potentziala duten ideiak bildu dira. Ideiak biltzeko prozesu hori osatzeko eta aberasteko, orain herritarrek parte hartuko dute, orain arte kontuan hartu ez diren beste iritzi eta ikuspegi batzuk sartzeko.

Galdetegira sartzeko, egin klik hemen.