Indarkeriaren deslegitimaziotik biktima guztiekiko errekonozimenduak eta konpromiso integralak demokrazia eta bizikidetza indartzen dituztela nabarmendu du Ollo lehendakariordeak

0
IRATI AIZPURUA

Biktimen errekonozimendu eta erreparaziorako bigarren ekitaldi publikoa hartu du Baluartek gaur arratsaldean, 19/2019 Foru Legearen babesean 2024an onartutako 41 pertsonena. Lege horrek funtzionario publikoen eta eskuin muturreko taldeen motibazio politikoa duten indarkeriazko ekintzei buruzko testuinguru biktimologikoari heltzen dio. Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok bere hitzaldian nabarmendu duenez, «demokrazia, bakea eta bizikidetza indartu dira, biktima guztiekiko errekonozimenduan eta konpromiso integralean egindako aurrerapenak sendotuz, indarkeria orori zilegitasuna kenduz».

Oraingo honetan errekonozitutako biktimen aldetik, Alberto Goñik hartu du hitza, eta Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeko presidente Martin Zabalzak – Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusia ere bada- Batzorde horren lana nabarmendu du.

Ekitaldian parte hartu dute, biktimez gain, senitartekoekin eta haien ingurune hurbilenarekin batera, Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeko kideek, zeinak aztertzen ari baitira motibazio politikoko indarkeria jasan duten pertsonen espedienteak eta eskaerak. Nafarroako hainbat instituzio eta erakundetako ordezkariak ere izan dira (Gobernuko kideak, Arartekoak, Parlamentariak, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioaren elkartekoak (NUKF), udaletakoak, unibertsitateetakoak, sindikatuetakoak…), baita giza eskubideen arloari lotutako elkarteak ere. Danserie Ensembleren musika eta EnKlabe Dantza taldearen emanaldiak izan dira bertan.

Biktima guztiekiko konpromisoa, parekatzerik eta diluziorik gabe

Ana Ollo lehendakariordeak Nafarroako gizarteak eta Gobernu honek azken legegintzaldietan memoriaren eta bizikidetzaren politika publikoen arloan egindako aurrerapenak nabarmendu ditu, eta «oraindik egiteko dituen etapetan urrats sendo eta erabakigarriarekin» aurrera egiten jarraitzeko apustua egin du.

«Indarkeriaren kulturak ekintza politikorako estrategia gisa duen deslegitimazio politiko eta sozial erradikala berrestea; Nafarroako pluralismoa defendatzea eta indartzea; eta guztion eskubideak – batez ere biktimenak eta sektore ahulenenak – benetan babesten direla zaintzea dira lantzen ari garen II. Bizikidetza Planaren ardatzak, desberdinentzako kontratu sozial gisa. Etorkizuna hiru zutabe handi eta sendotan oinarritzen da: pertsonen duintasuna, indarkeriaren zentzugabekeriaren erabateko deslegitimazioa eta giza eskubideen babes eta berme eraginkorra «, azpimarratu du.
Ollok «zerumuga» horren barruan kokatu du gaurko eguna, «iraganean bidegabeko eta justifikaziorik gabeko kaltea eta indarkeria jasan zenuten pertsonei errekonozimendua eta ordaina emateko ekitaldia: indarkeria, tortura, tratu txarrak, atentatuak… Nafarroako Gobernutik barkamena eskatzen dugu erakundeen izenean iraganean eragin zizueten kalte desegoki eta ez-legitimo horrengatik, orainetik gizarte benetan demokratikoa eta baketsua eraiki ahal izateko. Izan ere, ekintza honek — gaineratu du — kontakizun bat eraikitzeko balio behar du, indarkeria oro deslegitimatuko duena, baita zuek jasan zenutena ere, eta bakean dagoen gizarte batean aurrera egitea ahalbidetuko duena».

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria ere badenak azpimarratu duenez, tratu txarrak eta tortura jasan dituzten emakumeen kasuan, «indarkeriak genero-joera bat ere badu. Izan ere, giza eskubideen edozein urraketaren aurkako jarrerak erabat demokratikoa izan behar du».

Ildo horretan, Ollok memoriaren garrantzia aldarrikatu du, izan ere, «ezin da aurrera egin biktima bakar bat ere ahaztuta edo ikusezin bihurtuta, ezta biktima guztiekin dugun konpromisoa ere, Gobernuarena, bakoitza bere testuinguru biktimologikoan, diluziorik eta parekatzerik gabe. Gizarte gisa — gaineratu du —, ideia desberdinak izan ditzakegu, proiektu desberdinak, baita kontrajarriak ere, baina inork ez zuen inoiz gainditu behar pertsonen duintasunaren muga. Biktimekiko eta gizarte osoarekiko konpromiso bikoitzetik abiatuta, inoiz gehiago ez den mezua helarazi nahi dugu gaur hemen».

«Demokraziak ez du bidezidorrik onartzen. Indarkeria eta giza eskubideen urraketa ez dago inoiz justifikatuta. Ez demokrazia lortzeko, ezta, ustez, hura defendatzeko ere. Inoiz ez inorentzat inon «, azpimarratu du Ollo lehendakariordeak. Era berean, azpimarratu nahi izan du «memoria kritiko baten garrantzia, banakako eta taldeko akatsen errepikapenak saihesteko balio duena. Eta aitortu – baita erakundeen aldetik ere- inoiz gertatu edo egin behar ez zena». Ondorio gisa, dei egin du «ukazioz eta inboluzioz betetako garai nahasietan» Nafarroako gizarteak «printzipioei eta etikari» eta «demokrazia defendatzeari» eutsi diezaien, «agian demokrazia osatugabea baina hori bera lortzea asko kostatu dena».

Errekonozimendu Batzordearen lanaren balioa

Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusi Martin Zabalzak ere hitz egin du Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeko presidente gisa. Batzordeari berari eta bere kideei balioa eman eta aitortzeaz gain, egiaren beste batzorde batzuekin bat datorrela nabarmendu du. » Esan dezakegu, erratzeko beldurrik gabe, bai gure jardueren lege-egokitzapena, bai Batzorde honek erabilitako metodologia, guztiz homologatuta eta lerrokatuta daudela nazioarteko gomendioekin eta gaian aditu ospetsuen interpretazioekin «, ziurtatu du. Gero garrantzitsua dela» bizikidetza demokratikoko ekosistema nafar bat eraikitzeko aldi hau, herritarrak ordezkatzen dituen ezein eragile baztertu gabe» azpimarratu du. Jakina denez, eta Zabalzak Parlamentuaren aurrean aurkeztutako urteko txostenean azaldu zuenez, Nafarroako Gobernuak 41 pertsona (horien artean 2024ko maiatzean hasierako errekonozimendu-ekitaldi baten xede izan ziren 12 pertsonak) aitortu ditu indarkeria-mota horren biktima gisa, Batzordearen nahitaezko txostenen ondoren. Batzordeak beste 78 espedientetan lan egiten du, oraindik irekita dagoen prozesuan.

Onartutako eta aitortutako kasuen tipologiak hainbat egoera biltzen ditu. Hala, horietako seik heriotza-emaitza izan zuten, eta horiei zauritutako pertsonak gehitu behar zaizkie, baita egoera eta une desberdinetan kalte fisiko eta psikikoak jasan dituzten beste batzuk ere. Beste 16 biktima atxilotu eta «tratu txarrak/tortura» jasan zituzten, txostenaren arabera. Beste bi biktimak «kalte fisikoak eta materialak» jasan zituzten beste egoera batzuetan; sei biktimak «kalte psikologikoak» jasan zituzten, eta 11k «kalte fisikoak», istiluen aurkako materiala, su-arma eta bestelako indarkeria erabiltzeagatik. Generoaren arabera, % 83 gizonak dira eta zazpi emakumeak.

Espektro sozial eta politiko zabal baten biktimak dira, eta, ikuspegi kronologikotik, hiru garaietan banatuta daude. % 36 60ko eta 70eko hamarkadei dagokie; % 27, 1980ko hamarkadatik 90eko hamarkadara bitarteko aldiari; eta beste % 37, azken garai bati, 2000. urtetik aurrera. Kasu gehienak Estatuko segurtasun-indar eta -kidego ezberdinetako funtzionario publikoek eragindako indarkeriarekin lotuta daude, nahiz eta eskuin muturrak aldarrikatutako ekintzen ondorioz ere hainbat gertatu.

Elkarrizketa, entzutea, elkar ulertzea

Tortura pairatu duen biktima horietako batek, Alberto Goñik – bere esperientzia pertsonaletik abiatuta, baina bizipen hori gaindituz – testuinguru biktimologiko horretan jasandako motibazio politikoko indarkerien uneak, egoerak eta kausak errepasatu ditu, ahaztu gabe eta «bizikidetza, entzutea eta elkarrizketa» oinarri hartuta aurrera egiteko beharra defendatzeko.

«Bete ditzagun lubakiak lur berri eta emankorrez, egin ditzagun gudu-zelaiak ereintza-zelaiak, non elkarrizketa, entzutea, adimena, ideia desberdinak, kontraesanak landu, non gizateria berri bat, jendarte berri bat nahi dutela oihuka eskatzen diguna elikatu. Non bestearen bihotzean, eta ez haren ideietan bakarrik elkartuko garen», hausnartu du Goñik. «Bere akatsak egin ditzakeen gizarte bat, eta ez berriro gureak. Espero dut hau guztia hasiera izatea, hainbeste behar dugun beste inflexio- eta sendatze-puntu bat izatea. Datozen belaunaldiek eskatzen digute. Aurreko belaunaldiek begiratu eta horretara animatu egiten gaituzte», amaitu du.

Danserie Ensemble (Alfonso Iturria, Koldo Azkona, Eneko Páez, Gabriela López, Javier Navascués) eta EnKlabe Dantza (Ainhoa Carrera Igeltz, María Arcos Corretjé, Miguel Nuño Viguria eta Iñigo Mikeleiz Berrade) taldeen musika eta arte emanaldiak ere izan dira.

Biktima guztiak aitortzearen aldeko apustu integrala

Ekitaldi honekin, Nafarroako Gobernuak, «memoriaren ikuspegi integral» batetik, aurrera egiten du biktima guztien errekonozimenduan eta erreparazioan, bizikidetzaren eta memoria demokratikoaren alde eta bakean oinarritutako gizartea eraikitzeko duen lan-ildo global eta koherentearen barruan.

Ildo horretan, motibazio politikoko indarkeriaren biktima horiez gain, eta abian diren beste 78 espedienterekin, Gobernuak jada aplikatzen zituen bai Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko apirilaren 28ko 9/2010 Foru Legea (aurten lege integralago eta eguneratuago batekin gainditzea aurreikusten dena), bai Nafarroako herritarrei eta errepresioaren biktimei errekonozimendu eta erreparazio morala emateko azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta jasandako errepresioaren biktimei. Hori guztia biktima guztiekiko konpromiso irmoarekin – bakoitzaren testuinguru biktimologikoetan- eta indarkeria orori eta giza eskubideen urraketei zilegitasuna kenduz.