- Urtean zehar, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak unibertso kuantikoari lotutako ekintza ugari bultzatuko ditu.
- IBMren System One ordenagailu kuantikoa udazkenean jarriko da martxan.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek 2025 Kuantikaren Urtea aurkeztu du gaur goizean Donostian, Euskadin aurrerapen zientifiko eta teknologikorako funtsezko urtea.
UNESCOk 2025 urtea Zientzia eta Teknologia Kuantikoen Nazioarteko Urtea izendatu zuen, eta kuantikaren arloan sakonduko duten jarduerez betetako urte bat garatzeko prestatzen ari da Euskadi. Ekimen nabarmenetako bat IBM System One ordenagailu kuantikoa instalatzea izango da, Euskadi ikerketa kuantikoaren munduko abangoardian jarriko duen mugarri teknologikoa. Gainera, hainbat ekintza egingo dira ezagutzaren eremu hori eta aplikazioak herritarrengana hurbiltzeko.
2025eko agenda
Topaketan, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak Eusko Jaurlaritzak datozen hilabeteetan garatuko dituen eta Euskadiko Kuantikaren Urtea markatuko duten zenbait ekintza zehaztu ditu, BasQ Estrategiaren barruan. Ekintza horiek foru-aldundiek BasQ programan parte hartzearen barruan gara ditzaketen ekimenekin osatuko dira.
Zehazki, Eusko Jaurlaritzak lau arlo nagusitan egituratu du bere ekimen-programa: zientzialarientzat, industriarentzat eta formakuntzarentzat, gizartearentzat, eta IBMren etorkizuneko ordenagailu kuantikoarekin lotutako ekintzak.
Hiru euskal hiriburuetan publiko orori zuzendutako erakusketak, tailerrak eta hitzaldiak programatu dira, baita erkidegoko hainbat herritan zehar ibiliko den erakusketa ibiltari bat ere, kuantika espazio publikora modu atsegin eta irisgarrian eraman asmoz.
www. basquequantum.eus
Ekitaldian, BasQ Estrategiaren webgunea ere aurkeztu da. Horren helburua da komunitate zientifikoak eta gizarteak, oro har, BasQ sistemaren ezaugarriak eta mundu kuantikoaren potentziala ezagutzea.
IBM System One
Aipamen berezia merezi du etorkizunean IBMren ordenagailu kuantikoa, System One, eraikitzeak. Azpiegitura hori funtsezkoa da BasQ Estrategiaren garapenean, eta Euskadi berrikuntza kuantikoko polo bihurtuko du nazioartean. Ikerbasqueren eraikin berrian kokatuko da, eta IBM-Euskadi Quantum Computational Centerren egoitza bihurtuko da. Horrela, Euskadi IBMren konputazio kuantikoaren seigarren nodoa izango da munduan, Estatu Batuekin, Kanadarekin, Alemaniarekin, Japoniarekin eta Hego Korearekin batera. Mugarri teknologiko horrek ikertzaileen, enpresen eta berrikuntza-zentroen arteko lankidetza indartuko du, konputazio kuantikoan oinarritutako soluzioen garapena bizkortuz.
Adituen ahotsak
Topaketari amaiera emateko, mahai-inguru bat egin da, Adolfo Morais sailburuordeak moderatuta. Bertan, kuantikak eskaintzen dituen erronkak eta aukerak eztabaidatu dira. Eztabaida horretan hainbat adituk hartu dute parte, hala nola Javier Aizpurua, Basque Quantumeko Zuzendari Zientifikoa; Cristina Ortega, AVS enpresako Espazio zuzendaria, non misio espazialetarako teknologia garatzen duen talde bat koordinatzen duen, ESA eta NASA agentziekin, esaterako; eta Alba Larraya, BCAMeko (Matematika Aplikatuaren Euskal Zentroa) ikertzailea, sistema kriptografikoetan lan egiten duena, kriptografia post-kuantikorako ildo erabakigarria.
2025eko Kuantikaren Urtea mugarri izango da Euskadirentzat, eta teknologia kuantikoen garapenaren eta aplikazioaren abangoardian jarriko du.