Bizkaiak eta Bilbok indartu egin dute suhiltzaile-zerbitzuen koordinazioa, eremu mugakideetan erantzun eraginkorra emateko

0

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak akordio bat sinatu dute suhiltzaile-zerbitzuen koordinazioa indartzeko, herritarrei ahalik eta erantzun onena eta azkarrena emateko beren eremu mugakideetan larrialdiak gertatzen direnean. Badakitenez erantzuteko denbora erabakigarria dela artatu beharreko larrialdietan gerta daitezkeen kalteak minimizatzeko, bi erakundeek (Aldundiak eta udalak) uste dute interes publikoak modu koordinatuan jardutea gomendatzen duela, beren eskumeneko lurralde-eremuetako eremu mugakideetan gertatzen diren ezbeharren aurrean berehala erantzuteko. Gai hori funtsezkoa da, batez ere ezinbestekoa denean azkar erantzutea bizitzak salbatzeko eta ondasunak babesteko.

Azken urteotan, elkarlan hori ari zen gauzatzen jada SOS-DEIAKekin, bi zerbitzuak aktibatuta, hain zuzen. Orain, azterketa zehatzagoa egin da. Bi zerbitzuen arteko eremu mugakide guztiei buruz, esperientzian oinarrituta eta erantzun-denborak eta irisgarritasuna ebaluatuta, jardun beharreko larrialdi-motaren arabera. Horri esker, jarduketa zehatzagoa egin ahal izango da.

Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak onartu du hitzarmena jada, eta jarduketa urgenteetan eta egoera horren ondorioz bitartekoak eta baliabideak mobilizatu behar direnean aplikatuko da. Helburua da erakundeen arteko lankidetza sustatzea, batez ere erantzun azkarra ematea funtsezkoa den ezbeharretan. Hala, ahalik eta lasterren eman ahal izango zaie laguntza biktimei edo ahalik eta lasterren erantzungo da egoera larrietan, hurbilen dauden suhiltzaileen jardun azkarrari esker. Zehazki, honako egoera hauek aipatzen dira berariaz:

  •  Suteak: erabilera askotako eraikinetan, hiriguneetan, hiri-periferiako eremuetan edo landa-eremuetan, mota guztietako industrietan eta garraiobideetan.
  •  Salbamenduak: bai trafikoarekin zerikusia dutenak, bai biktimen erreskateak eta bizia benetan arriskuan duten pertsonentzako laguntza.
  •  Gai arriskutsuekin izandako istripuak: gai horiek garraiatzen dituzten ibilgailuek izandako ezbeharrak, baita garraiatutako materiaren ihesak, isuriak edo presio- edo tenperatura-arazoak daudenean ere.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak beren baliabide teknikoak eta giza baliabideak batuko dituzte halako egoeretan jarduteko, eremu mugakideetan gertatzen direnean.

SOS Deiak arduratuko da koordinazioaz

Hitzarmenean ezarritakoaren arabera, zerbitzu bat beste zerbitzu baten eskumeneko lurraldean aktibatu behar denean, edo lurralde horretan esku hartu behar duenean,112 SOS DEIAK Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak zerbitzu biei emango die gertatutakoaren berri aldi berean, eta biek egingo dute berehala lehenengo irteera. Bere eskumen-eremutik kanpo jarduten duen zerbitzuaren esku-hartzeak osagarriak izango dira, eta, eskumena duen zerbitzuko kideak ezbeharra gertatu den lekura bertaratu ondoren, azken zerbitzu horretako arduradunak hartuko du operatiboaren agintea eta erantzukizuna, eta txanda nola egingo den ebaluatu eta erabakiko du, esku-hartzea kaltetu gabe. Ondorioz, beste zerbitzutik lekualdatutako dotazioek laguntza ematen jarraitu behar duten edo alde egin ahal duten erabakiko du.

Horrez gainera, lankidetza-hitzarmenak ezartzen du jarraipen-batzorde bat eratuko dela. Eraginkortasuna dela eta, batzorde hori erakunde bakoitzeko bina ordezkarik osatuko dute, akordioa behar bezala gauzatzen dela bermatzeko eta inplikatutako alderdi guztien arteko lankidetza etengabea eta eraginkorra sustatzeko.

Hitzarmena lau urtez izango da indarrean, eta automatikoki luzatuko da urtero, gehienez ere beste lau urtez.