Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak bultzatzen duen Hegan programa gizarte-bazterketa larrian dauden pertsonei arreta emateko diseinatuta dago. Bi urteko ibilbidean, Hegan programa Aldundiaren integrazio-zerbitzuetarako sarbidea errazteko funtsezko baliabideen artean finkatu da, gizarteratzeko prozesuan laguntza emanez eta onuradunen bizi-kalitatea hobetuz.
Gaur, gizarte inklusiorako baliabideen sarea indartzeko Hegan programaren konpromisoaren barruan, Eguneko Zentro berria inauguratu da Bilboko Errekalde auzoan. Zentroak ehun pertsona artatzeko kapazitatea du, eta eguneko arreta eskainiko die hala muturreko zaurgarritasun-egoeran dauden gazteei eta helduei, nola buru-nahasmenduei, adikzioei edo etxegabetasunari aurre egiten dieten pertsonei ere.
Baliabide hau Hegan programaren gaueko beste dispositibo batzuekin osatzen da, arreta osoa eta jarraitua bermatuz. Gainera, Zentroa, erabiltzaileei dagokienez, lehengoratzeko, atsedena hartzeko, indarberritzeko, afektua jasotzeko eta gizarteratzea ahalbidetzeko diseinatutako jardueretarako gune gisa pentsatuta dago.
Inaugurazio-ekitaldian Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko diputatuak, ekimen hauen garrantzia azpimarratu du: «Ez du balio konformatzeak eta huts egiten duena jendea dela pentsatzeak; horregatik, beharrezkoak dira dela egoeraren larritasunaz jabetzen ez direlako, dela euren bizitzak behar duen aldaketarako aktibatzeko gai ez direlako, laguntza eskatzen ez dutenengana iristeko politika berritzaileak. Pertsona horiengana hurbildu eta entzun egiten diegu, gure laguntzarekin eta arretarekin egiten den aldaketa baterako motibatuz «.
Bere garapena eta funtzionamendua bermatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak Adsis Fundazioaren bitartez kudeatzen du, Bizkaian bost hamarkadatik gorako esperientzia duen irabazi-asmorik gabeko erakundea.
Erabiltzaileen esperientziak ekimen hauen eragin positiboa berresten du. Horren adibide bat José Antonio da; 49 urte ditu eta kalean bizi izan da, eta adikzioei eta osasun mentaleko arazoei aurre egin behar izan die: «Oso mesfidati nengoen eta borondate gutxi nuen. Beste baliabide batzuetan nik ez nuen kasurik egin, baina Heganen, ez dakit zer daukan, baina kasu egin diet… Konfiantza dute nigan eta nik eurengan».
Ingurune segurua
Eguneko Zentro berria ingurune segurua eta irisgarria eskaintzeko egokitu da, bazterketa-arriskuan dauden pertsonek funtsezko zerbitzuak, gizarte-aholkularitza eta inklusio-prozesuan laguntza jaso ahal izateko. Gainera, Eguneko Zentroak office-gune bat du, etxetresna elektrikoekin, dutxak eta azpiegitura elektriko egokia duen lan-eremua, onuradunen eta eurekin egoten diren profesionalen beharrei erantzuteko.
Zentro hau Bilbon irekita Hegan programak gizarte inklusioarekin duen konpromisoa indartzen du, Bizkaian eskuragarri dagoen laguntza-sarea zabalduz eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko baliabideak emateko egiten duen apustua sendotuz.