Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Lehenengo Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Busturialdea-Urdaibai eskualdeko Guggenheim proiektuarekin lotutako aktiboki entzuteko prozesua aurkeztu dute, gaur goizean, Gernikan. Entzuteko prozesuak hainbat fase izango ditu, eta, haren bidez, 2025ean 1.000 lekukotasun baino gehiago biltzea aurreikusten da, Agirre Lehendakaria Center erakundearen eta New Yorkeko Columbiako Unibertsitatearen gidaritzaren menpe. Horrek metodologia akademiko zorrotza eta gardena bermatuko du, eta, hala, Busturialdea garapen- eta ongizate-etorkizun baterantz gidatuko duten kontakizunak eta elementu komunak identifikatu ahal izango dira.
Aurkezpen-ekitaldia Gernika-Lumon egin da, Gernika Elkartegia enpresa-zentroan. Bertan, honako hauek izan dira: Gorka Espiau eta Itziar Moreno, Agirre Lehendakaria Center for Social and Political Studies zentroko zuzendaria eta zuzendarikidea, hurrenez hurren, eta Joshua Fisher, Columbiako Unibertsitateko Lankidetza, Gatazka eta Konplexutasuneko Partzuergo Aurreratuko (AC4) zuzendaria. Prozesua jendaurrean aurkeztu aurretik, bilera bat egin da Busturialdea-Urdaibai eskualdeko hogei alkateekin, ekimenaren xehetasunak bertatik bertara aurkezteko.
Prozesua erronkei lankidetza-dimentsiotik heltzeko beharrizanean oinarrituta dago, eta bost fase izango ditu: (1) eragile guztien mapa egitea, (2) kontakizunak biltzea, (3) pertzepzio-patroiak identifikatzea, (4) interpretazio kolektiboa eta (5) iradokizunak eta ekarpenak aurkeztea.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren esanetan, «Eztabaida sozial konplexua da esku artean duguna; izan ere, pertzepzio positiboak eta negatiboak nahasten dira Busturialdea-Urdaibain Guggenheim Museoa handitzeko proiektuak izan ditzakeen inplikazioak direla eta.« «Konplexutasun hori ulertzeko eta sentsibilitate desberdinei erantzuna ematen saiatzeko, beharrezkoa da entzutea. Horixe da hartu dugun konpromisoa», gaineratu du.
Ibone Bengoetxea Lehendakariordeak azaldu duenez, «ez da ohiko prozesu bat izango; herritarrei entzuteko eta haien pertzepzioak hobeto ulertzeko borondate zintzo eta sakon bati erantzuten dion prozesu neutrala izango da. Honez gain, gaineratu du, helburua ez dela «konbentzitzea», baizik eta «batzen gaituzten elementu komunak identifikatzea».
Entzuteko prozesua
Prozesuaren helburua da inplikatutako eragile guztiak batzen dituzten elementu komunak identifikatzea eta aztertzea urte honetan zehar. Horretarako, 5 fasetan egituratutako prozesu bat proposatzen da:
1) Eragile guztien mapa egitea: Fase honetan, eskualdeko garapen jasangarrian lan egiten duten eragile guztiak identifikatuko dira. Haien ekimenak eta loturak aztertuko dira, ekimen-loturon balioa nabarmentzeko eta bikoiztasunak aztertzeko.
(2) Kontakizunak biltzea: 2025ean, gutxienez Busturialdea-Urdaibai eskualdearen etorkizunari lotutako banakako 1.000 kontakizun jasotzea aurreikusten da. Banakako zein taldeko elkarrizketak egingo dira. Pertsona guztiak aldez aurretik definitu beharrean, «elur-pilotazko laginketa» bat baliatuko da. Horrek zera esan nahi du: kontsulta egin zaien lehenengo pertsonek esango dute norekin has daitekeen entzuteko prozesua, ondoren, aurrera egiten jarraitzeko. Elkarrizketa egin dakien nahi duten pertsonek hala eskatu beharko dute honako helbide elektroniko honen bidez: urdaibai@agirrecenter.eus.
(3) Pertzepzio-patroiak identifikatzea. Prozesuaren une honek aukera emango du diskurtso publikoak eta ezkutuko kontakizunak bereizteko. Eta lagungarria izango da patroiak identifikatzeko eta dauden iritzien sinplifikazioa edo analisi sinplistak saihesteko.
(4) Interpretazio kolektiboa. Hau izango da batera eta elkarlanean bildutako informazioa interpretatzeko unea. Fase honen helburua ez da izango inor «konbentzitzea», kontakizun desberdinen arteko elementu komunak identifikatzea baizik.
(5) Iradokizunak eta ekarpenak aurkeztea. Fase hau sei hilean behin egiten diren jarraipen-txostenei dagokie.
Metodologia zientifikoa: Agirre Lehendakaria Center eta Columbiako Unibertsitatea
Euskal erakundeek bultzatu eta Agirre Lehendakaria Center for Social and Political Studies erakundeak nahiz New Yorkeko Columbiako Unibertsitateak gidatzen duten prozesu honek metodologia akademiko egiaztatua izango du, zintzoa, gardena eta zorrotza izan dadin.
ALC – Agirre Lehendakari Center erakundeak esperientzia zabala eta ibilbide sendoa du giza garapen jasangarriko prozesuak bultzatzeko entzute-prozesuak diseinatzen, ezartzen eta ebaluatzen. Duela 12 urte sortu zen, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta New Yorkeko Columbiako Unibertsitatearen arteko sareko lankidetza-proiektu gisa (AC4ren bidez, Lankidetza, Gatazka eta Konplexutasunari buruzko Institutu Aurreratua. Urte horietan, 20tik gora herrialdetan lan egin izan du, eta Euskadin, besteak beste, erakunde hauekin batera aritu da: NBGP, LANE, Climate Kic, Europako Batzordea, La Caixa Fundazioa edo Gipuzkoako Foru Aldundia.
Columbiako Unibertsitatea ALCeko kidea da, AC4 Lankidetza, Gatazka eta Konplexutasunari buruzko Institutu Aurreratuaren bidez. Arazo global konplexuen diziplina anitzeko ikerketan espezializatutako institutua da. Esperientzia egiaztatua du landa-proiektuetan, Estatu Batuetan, Saharaz hegoaldeko Afrikan, Latinoamerikan, Asia-Pazifikoan, Europan eta Asiako hego-ekialdean.
Esparru akademikoa sartuta, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak jarrera neutrala izango dute, eta horrek bermatuko du entzuteak ahalik eta autonomia handiena izango duela eta prozesu zintzo eta metodologikoki zorrotzaren pean garatuko dela. Lankidetza-metodologia horren bidez, proiektu konplexuak bihurtu nahi dira eztabaidak aberasteko aukera.