- Hamaikagarrenez, euskal kultura garaikidea ezagutzeko, ospatzeko eta berritzeko topagune paregabea bilakatuko da Loraldia Festibala, martxoaren 10a eta 30a bitartean.
- 29 ekintza ezberdinek osatzen dute Loraldia Festibalaren 11. edizioaren programazio artistikoa, Trikua esnatu da lema pean.
Loraldia Festibala bere 11. edizioan dator, euskal kulturaren aniztasuna eta sormenaren aldeko apustuarekin. Martxoaren 10etik 30era, Bilboko kultur-espazio nagusietan garatuko den festibalak diziplina artistiko guztietako proposamenak eskainiko ditu, euskaraz sortzen den kulturaren berrikuntza eta ikusgarritasuna sustatzeko. Ehun sortzaile baino gehiagok hartuko du parte festibalean.
Gaur goizean aurkeztu da hedabideen aurrean Loraldia Festibalaren 11. edizioa Arriaga Antzokian. Prentsaurreko honetan parte hartu dute: Eider Inunciaga Serna, Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotzi ordezkaria; Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatua; Ana Lopez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendaria; Imanol Agirre, Loraldiako programazio artistikoaren arduraduna; eta Amaia Ocerin, Loraldiaren komunikazio burua. Loraldia Festibala ez da soilik jaialdi bat; euskal kulturaren transmisioa eta berrikuntza sustatzeko plataforma bat da. Aurten, berriz ere, festibalak euskarazko kulturaren balioak azpimarratuko ditu: berrikuntza artistikoa, gizartearen integrazioa eta ingurumenarekiko errespetua.
Jaialdiaren helburua da euskal kulturaren ikusgarritasuna areagotzea eta publiko anitz eta zabal bat erakartzea, euskaldunak eta ez-euskaldunak barne. Loraldia Festibala erreferente bihurtu da kultura garaikidearen esparruan, eta aurten ere, euskarazko sormenaren bikaintasuna erakutsiko du.
Babesleak eta bidelagunak
Loraldia Festibala burutu ahal izateko ezinbestekoa dugu erakunde publikoen laguntza. Edizio honetan, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala dira babesle nagusiak. Hauekin batera, Eusko Jaurlaritzaren eta Laboral Kutxaren laguntza jasotzen dugu baita ere.
Bestalde, Loraldia Festibalak erakunde, eragile, sortzaile eta elkarteen arteko elkarlana sustatzen du eta ekimen ugari kolaborazioari esker plazaratzen dira.
Hamaikagarren edizio honetan ere, badira elkarlan bereziak: Iparraldeko Euskal Kultur Erakundea (EKE), Guggenheim Bilbao Museoaren TopARTE programa, Berriak babestutako ekintza, Elkar eta KOT.
Babesle nagusiak prentsaurrekoan presente egon dira eta adierazpenak egin dituzte, Loraldia Festibalak egiten duen ekarpena balorean jarriz.
Horrela, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustapeneko zuzendari Ana Lopezek aipatu duenez, “Loradia Festibalak euskal talentu sortzaileei ikusgarritasuna emateko, lankidetzan aritzeko eta herri nortasunari eta komunitate sentipenari ekarpena egiteko balio du.”
Leixuri Arrizabalagak, Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatuak azaldu duenez, “herritartasuna, lurraldetasuna, euskara, sorkuntza eta talentua batzen dituen proposamen indartsua da Loraldia. Aberasten gaituen proposamen bat, gurea denari balioa emanez. Loraldiak bat egiten du Bizkaiko Foru Aldundiak euskal kultura sustatu eta transmititzeko egin duen apustuarekin.”
Eta Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotzi ordezkaria, Eider Inunciagaren hitzetan, “Loraldia Festibala pilak kargatzen dizkizun jaialdia da. Mota guztietako adierazpen kulturalen eztanda, bakoitzak bere formatuan atsegin hartzeaz eta beti harritzeaz gain, gure hizkuntza sustatzen eta zaintzen laguntzen digutenak. Benetan interesgarria ikuskizunetara joatea eta bertatik bertara egiaztatzea bada ere, guztiok dugun erantzunkidetasunari buruz ohartarazi nahi nuke, zeharkakotasunari dagokionez. Bilboko Udala buru-belarri ari da lanean euskararen normalizazioaren, biziberritzearen eta erabileraren alde, Bilbo ehuneko ehun euskalduna lortzeko. Zorionak Loraldiari, katearen parte delako eta edizio bakoitzean jaialdi handi hau posible egiten dugun pertsona, kolektibo, eragile eta erakunde guztiak direlako «.
Trikua esnatu da: Bernardo Atxagaren metafora bizia
Aurtengo festibalaren lemak, «Trikua esnatu da», Bernardo Atxagaren metaforan du sustraia. Atxagak trikua gure hizkuntzaren eta kulturaren sinbolo gisa erabili zuen: zaurgarria, txikia, baina historia luzea duena eta bere arantzekin babestua. Trikua udaberrian esnatzen da, loaldi luze baten ondoren, eta gauza bera gertatzen da euskal kulturarekin: oztopo eta arriskuen gainetik, berriro loratzen da, indarrez eta ausardiaz.
Loraldia Festibalak arduraz eta maitasunez bultzatzen du kultura hori, etorkizunera begira eta belaunaldi berriei euskararen eta sormenaren balioak transmitituz.
Informazio gehiago: loraldiafestibala.eus