EKINNek urtebete bete du hiriko ekintzailetza nodo gisa lankidetzaren aldeko apustuan

0

Lehen urtean eraikinetik igarotako 5.500 pertsona baino gehiagorentzako topalekua izan da

EKINN Donostiako Berrikuntza eta Ekintzailetzarako Nodoak urtebete bete du donostiarren eskura, eta ekosistemako eragileen arteko lankidetzaren aldeko apustua egin du. Apustu hori Udalak, Donostia Sustapenaren bitartez, hartutako konpromisoaren erantzuna da: hiriko ekonomia eta enplegua sustatzeko proiektu ekintzaileen garapena bultzatzea. Lankidetza horri esker, 5.500 pertsona baina gehiagok bisitatu dute hiriko erreferentzia gune hori, eta konexiorako plataforma bihurtu dute EKINN.

Lehen urteko balantzea egiterakoan, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzi Ane Oyarbidek zera nabarmendu du: “espazio hurbil eta ireki honek 4.500 m2 ditu eta hiriko erdigunean bertan dago kokatua, San Bartolome gainean. Bertan, udal sozietateak ekintzaileen esku jarritako baliabide guztiak biltzen dira, eta osoko laguntza pertsonalizatua eskaintzen zaie: informazioa eta orientazioa, prestakuntza espezifikoa, aholkularitza, laguntza ekonomikoak, lanerako guneak eta promozioa eta ikusgarritasuna. EKINNek tokiko talentu gazteari ere etxebizitzarako sarbidea erraztu nahi dio”.

952 pertsonari eta 229 proiekturi eman zaie babesa

Gaur egun EKINNen eskainitako ekintzailetza arreta eta orientazio zerbitzuak hurbilak eta pertsonalak dira. Ireki zenetik, 952 pertsonari eta 229 proiekturi eman zaie babesa, bai eta aholkularitza ere, ohiko ekintzailetzan zein ekintzailetza berritzailean. Donostia Sustapenak hirian ekintzailetzaren alde egindako apustua indartu egin da azken 3 urteetan, urteko inbertsioa bikoiztuz, urtean bi milioi euro baino gehiagorekin, eta 2015etik 15 milioi euro ingurura igoz. Apustu tinkoa eta denboran zehar iraun duena.

Proiektuak bizkortzea eta areagotzea

Proiektu berritzaileak bizkortze aldera prestatutako zerbitzuei dagokienez, EKINN+ programaren bidez, 20 proiekturi esleitu zitzaien mentorea 2024an. % 55 IKT eta Industria 4.0 sektoreetako enpresa proiektuak izan ziren, eta % 15, Biozientzia sektorekoak. Parte hartutako proiektuen erdiak baino gehiagok 35 urte baino gutxiagoko emakumeak izan zituen lider.
Berrikuntza eta ekintzailetza ekosistemako erakunde estrategikoekin, bertakoak zein nazioartekoak izan, lankidetza eta konexioa indartzea gakoa izan da EKINNen izaera, hau da, gune irekia eta topalekua izatea, babesteko.

Talentua jasotzea eta erakartzea

Talent House eraikineko 80 bizitegiez gain, eraikin berriak 70 gehiago ditu, eta, beraz, 150 bizitegiko eskaintza dago. Horrela, Sustapen Sozietatearen Talentua Erakarri eta Ostatatzeko Plana indartu egin da. EKINNen ostataturik dagoen pertsonaren profilak joera ekintzaileagoa du; Talent Housen, berriz, profil horiek zientifikoagoak izaten jarraituko dute. EKINNen egoitza-eskaintza 2024. urtean zehar gaitzen joan da, modu mailakatuan, eta urtearen amaieran amaitu da erabateko egokitzapena. Dagoeneko 100 pertsona inguruk hartu dute ostatu; horietatik % 58 atzerritarrak dira eta batez beste urte erdiko egonaldia izan dute.