Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren Europe Direct Navarra/Nafarroa zentroaren bitartez, Europako Zinemaren Zikloa berria antolatu du Golem zinemekin batera. Martxoaren 7tik apirilaren 4ra bitartean egingo da, ostiralero.
LUX Europako Zinemaren Publikoaren Saria Europako Parlamentuaren eta Europako Zinemaren Akademiaren ekimena da, Europako Batzordearekin eta Europa Cinemas sarearekin lankidetzan. Sari honen helburua politikaren eta herritarren arteko loturak sendotzea da, Europako publikoa protagonista aktibo bihurtzeko eta bere pelikula gogokoenen alde bozkatzeko gonbidapena eginez.
Urte bakoitzeko irabazlearen aukeraketak publikoaren kalifikazio zuzenaren eta Europako Parlamentuko diputatuen kalifikazioaren konbinazio bat islatzen du, eta alde bakoitza saria jasotzeko hautagai diren film bakoitzaren azken puntuazioaren % 50 da. Ikusleek apirilera arte puntuatu ditzakete filmak webgune honetan. Parte-hartzaileak hainbat sariren zozketan sartuko dira, besteak beste, Europako Parlamentuaren Bruselako egoitzako sari-banaketara joateko aukera.
Bost lan finalistak
Sarirako lehian arituko diren film finalistek gai hauek jorratzen dituzte, besteak beste: genero-berdintasuna, kultura-identitatea, laneko presioa, turismoa, desinformazioa eta Lur planetaren suntsipena.
Ziklo honek barne hartzen dituen filmak eta erakusketa datak honako hauek dira: Animal (Sofia Exarchou), martxoaren 7an; Dahomey (Mati Diop), martxoaren 14an; Flow (Gints Zibalodis), martxoaren 21ean; Inercepted (Oksana Karpovych), martxoaren 28an; eta Julie keeps quiet (Leonardo van Dijl), apirilaren 4an.
Proiekzio horien aurretik, Patxi Burillo zinema aditu eta kritikariak aurkezpen labur bat egingo du.
Film guztiak Golem Yamaguchi aretoetan proiektatuko dira, sarrera doan izango da lekua bete arte, eta saioak ostiralero izango dira, 19:30ean, martxoaren 7tik apirilaren 4ra.