Lanok egiteko 1.070.562,30 euroko inbertsioa egin da eta hamar hilabeteko exekuzio-epea izan dute.
Bilboko Udalak Zorrotzaurreko Papelera eraikinari atxikitako eraikina berritzeko lanak amaitu ditu. Eraikin horretan Kunsthal AIZ Arte eta Goi Mailako Diseinu Irakaskuntzen Ikastegia dago.
Zehazki, 1.070.562,30 euro bideratu dira (BEZa barne) azken hamar hilabeteetan garatu den proiektu horretan.
Papelera eraikina dagoen lurzatia Deustuibarra kaleko 17. zenbakian dago, 2.258 metroko azalera du, eta horietatik 1.678 metro koadro eraikin nagusiari dagozkio. Hari atxikita – iparraldeko fatxadan – 239 metro koadroko eranskina zegoen, eta itxi egin zuten, hainbat patologia zituelako.
Obrak amaituta, antzeko azalera duen eraikin berria eraiki da, baina egungo arkitekturako prestazio tekniko egokiekin.
Eranskin horretan, itxi aurretik, Kunsthal AIZaren jardueraren berezko hainbat tailer eta tailer-gela zeuden.
PAPELERA ERAIKINA
Zorrotzaurreko papelera edo paper-fabrika industria-pabiloi bat da, eta papera biltegiratzeko jarduera izan zuena, duela 30 urte inguru amaitu zen arte.
Altuera handiko atal nagusi bat eta erantsitako bi atal ditu, bata hegoaldean, nagusiaren antzeko ezaugarriak dituen pabiloi txiki bat, eta bestea iparraldean, baxuagoa eta xumeagoa, amaitu berri den proiektu honen xede izan dena.
Eraikin berriak aurrekoaren bolumen bera edukiko du: beheko solairua eta lehenengoa. Sarrera eraikin nagusitik izango du.
Beheko solairuan espazio bat egongo da bi gela komunikatuko dituena eta arte-tekniken tailerrerako gune bat. Azken hori altuera bikoitzekoa izango da, eta argiztapen naturala izango du, iparraldera begira estalkian dauden sabai-leihoei esker. Lehen solairuan, berriz, tailerrerako espazio bat aurreikusi da.
Eraikin berria egiteko, zimendu sakonak egin dira mikropiloteekin, eta egiturarako hormigoi armatua erabili da beheko solairuan. Estalkia zurezko panel kontralaminatuekin egin da, iragazgaiztasuna eta isolamendua bermatzeko.
Eraikin berriak – irisgarria izango da, eta beharrezko saneamendu-, telekomunikazio-, wifi- eta aireztapen-instalazioak eta -sareak izango ditu– zoru bero-emailea izango du, eraikin nagusiak bezala; sistema efizienteagoa eta egokiagoa da bolumen horretarako eta aurreikusitako erabilerarako.