Imanol Pradales Lehendakaria izan da Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluak gaur arratsaldean Bilbon egin duen lehen bileraren buru. Berarekin izan dira María Jesús San José, Justizia eta Giza Eskubideen sailburua; Alfredo Retortillo, Giza Eskubide, Memoria eta Bizikidetzaren sailburuordea; Alberto Alonso, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria; eta Jagoba Álvarez, Giza Eskubideen eta Biktimei Laguntzeko zuzendaria.
“Ohore handia da legegintzaldi berri honetan Gogora Institutuaren lehen Zuzendaritza Kontseiluko buru izatea. Gogorak hamarkada honetan egindako lana aitortu egin nahi dugu. Esker on instituzional eta pertsonala helarazi nahi diegu Urkullu lehendakariari eta Erakunde honetako Zuzendaritza eta Kontseilua osatu duten pertsona guztiei. Euskadin eta euskal gizarte osoan memoriaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen balioak indartzen lagundu dute. Behar genuen. Aurrera egin dugu. Bide honetatik jarraitu behar dugu.”, esan du Lehendakariak hitzaldiaren hasieran.
Bileran 2025-2028rako Jarduera Plana eta 2025erako Kudeaketa Plana onartu dira − Balantzeaz gain −. Plan horiek gidatuko dute Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren datozen urteetako jarduna. Jarduera Planak 7 ekimen eta 39 ekintza biltzen ditu, lau mailatan egituratuta: kudeaketa, dokumentazioa, ikerketa eta dibulgazioa.
‘Bizikidetzarako memoria eta memorien bizikidetza’ izenburupean, planak jasotzen du, datozen urteetarako helburu nagusi gisa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua herritarrei memoria kritiko eta gogoetatsua eraikitzeko beharrezko tresnak emango dizkien erakunde publiko izatea, zorroztasun historikoan eta gure iraganarekiko etengabeko eztabaidan oinarrituta.
Lehendakariak desio bat adierazi du, bereziki gazteei begira: “Gure lana da giza eskubideen urraketen biktimei elkartasuna, aitortza eta ordaina emateko konpromisoa indartzea. Biolentzia guztiak gaitzetsi behar ditugu. Gure betebeharra da eta datozenei zor diegu. Gure ardura da gizarteari, belaunaldi gazteei bereziki, lanabesak eskaintzea hausnarketa kritikoa partekatzeko, indarkeriari eta terrorismoari ateak betirako ixteko.
Eta gure ardura da baita ere, horretarako jarrera baikorra eta eraikitzailea sustatzea, bestelako erabilera politiko edota instrumentalak alde batera utzita”.
Ildo horretan, Imanol Pradalesek gogorarazi du Gogoraren hamarkada honetako lanak balio izan duela «bizikidetzarako memoria bat eraikitzen eta memorien bizikidetza sendotzen aurrera egiteko», nahiz eta «bidea luzea izaten jarraitzen duen. Asko dago egiteko».
Aniztasunean eta desberdintasunerako eskubidean oinarritutako gizarte demokratiko batean memoria-komunitate desberdinak daudela ulertuta, Gogora Institutuaren zeregina memoria-kontakizun guztiek giza eskubideen eta bizikidetzaren errespetuaren gutxieneko izendatzaile komun bat izan dezaten zaintzea da.
Bileran, halaber, Gogoragunearen eraikuntza-obren egoeraren berri eman da; izan ere, obra amaitu ondoren – apirilerako aurreikusita dago –, espazioaren edukiari buruzko ekarpenak egiteko epea hasiko da. Helburua jendearentzat ireki aurretik ahalik eta adostasun handiena lortzea da. Era berean, Turtziozko La Puente Jauregian egin diren eraikinaren mantentze-lanen berri eman da.
Ikerketa eta dibulgazioa bultzatzea. Memoria hezkuntzan
Gogora Institutuko zuzendaritzak beste bultzada bat eman nahi dio Institutuaren ikerketa-lanari, giza eskubideen urraketarekin lotutako ikuspegi edo gai berriak aztertuz. Horretarako, ikerketa-plan bat egingo du, ikuspegi integralarekin, giza eskubideen urraketei dagokienez gure iraganaren ikuspegi osoagoa izateko.
Era berean, Gogora Institutuaren dibulgazio-jarduera funtsezko tresna da ikerketetatik datorren ezagutza zabaldu eta gizarteratzeko, gizarte osoarentzat erabilgarria izan dadin.
Hezkuntza-eremua arlo estrategikoa da Gogora Institutuarentzat, eta, beraz, aurreko legealdian oraintsuko memoriarekin lotuta hasitako lanean sakontzea planteatzen da, Adi-Adian programa ebaluatu eta bultzatuko da, terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimen testigantza zuzena DBHko, Batxilergoko eta Euskadiko Unibertsitateetako ikasleei hurbiltzeko. Beste gradu eta master batzuetara hedatzea ere aztertuko da, bereziki irakasleen prestakuntzari lotutakoak.
Erakusketak, solasaldiak eta jardunaldiak
Hain zuzen ere, hezkuntza-esparruari lotuta eta beren-beregi bigarren hezkuntzako ikasleei zuzenduta, 2025 Kudeaketa Planak jasotzen du Gogorak ETAk garatutako ‘sufrimenduaren sozializazioari buruzko jardunaldi bat antolatuko duela. Biktimek eta ikasleek indarkeriaren zentzugabekeriaz eta memoria horren transmisioaz hausnartzeko aukera izan dezaten.
Eta udazkenean, 40. urteurrenean, GALek Monbar hotelean egindako atentatu terroristari buruzko erakusketa bat eta dibulgazio-jardunaldi bat egingo dira. Atentatu horretan lau pertsona hil ziren.
Frankismo berantiarreko auzo-mugimenduekin lotutako dibulgazio-jarduerak ere aurreikusi dira aurten, Memoria Demokratikoaren Idazkaritza Nagusiarekin lankidetzan.
80 urte kontzentrazio-esparru naziak askatu zirenetik, 2025erako ardatz tematikoa
Nazien kontzentrazio esparruak askatu zituztenetik 80 urte betetzen direla eta, urteurren hau memoria historikoaren arloko hainbat jardueren ardatza izango da. Hala nola, deportazioaren biktimen omenezko ekitaldia, maiatzean; EHUren Udako Ikastaroa, uztailean; deportazioari buruzko erakusketa, udazkenean.
Nazien eremuetara egindako euskal deportazioari dagokionez, Gogora Institutuak lankidetza-dinamika bati ekin dio Euskadin jarduera horiek guztiak koordinatzeko arlo horretan lan egiten duten elkarteekin, eta erreferentziazko webgune bat sortu du, ekimen guztiak biltzen dituena «1945-2025 deportazioaren memoria» izenburupean https://labur.eus/deportazioa
Zuzendaritza Kontseiluaren osaketa
Eusko Jaurlaritzako ordezkariez gain, Bizkaiko eta Arabako Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobe eta Ramiro González, eta Jon Gambra, Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendaria, izan dira bileran, azken hau, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari gisa. Maialen Gurrutxaga eta Amaia Aguirre, Elgoibarko eta Getxoko alkateak hurrenez hurren, eta Andoni Alvarez, Andoaingo alkatea, Eudelen izenean. Xabier Barandiaran, Eraitz Sáez de Egilaz, Miren Gallastegui eta Laura Garrido Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioen ordezkari gisa izan dira. Azkenik, Legebiltzarrak izendatutako arloko bost adituak: Josu Elespe, Paco Etxeberria, María Jauregi, Eider Landaberea eta José Antonio Pérez.