Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak Lisboan egingo diren Justizia Errestauratiboari buruzko Jardunaldi Iberoamerikarretan hartuko du parte

0

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San José «Justizia Errestauratiboa biktimen ikuspegitik: esperientziak Espazio Iberoamerikarrean» jardunaldietan izango da martxoaren 20an eta 21ean, Lisboan. Espetxe Erakundeetako aholkulari Ines Soriak ere parte hartuko duen foro horrek justizia errestauratiboari buruzko hausnarketa sakona egitea du helburu, delituen biktimen esperientziak eta justizia-sistemek praktika horiek nola barne hartzen dituzten bereziki kontuan hartuta.

Bi egunez, foro honek Iberoamerikako hainbat herrialdetako —hala nola Portugal, Espainia, Brasil, Txile, Argentina, Ekuador edo Kolonbiakoak— adituak, profesionalak, ikertzaileak eta gizarte zibileko kideak bilduko ditu. Espainiako autonomia-erkidegoen artean, Euskal Autonomia Erkidegokoez gain, Nafarroako eta Kataluniako erakundeetako ordezkariak ere nabarmentzen dira.

San José sailburua inaugurazio-saioko hizlarietako bat izango da. Soriak, bestalde, bigarren jardunaldian parte hartuko du, magistratuen ikuspegitik justizia errestauratiboaz hitz egingo den mahai-inguruan. Biek ala biek Euskal Autonomia Erkidegoan arlo honetan ematen ari diren urratsak aurreratuko dituzte beren hitzaldietan, zehazki, Justizia eta Giza Eskubideen Saila garatzen ari den eta urtea amaitu baino lehen idatzita egotea espero den lege-aurreproiektuari buruzko urratsak.

Jardunaldiotan izango dira, halaber, Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilari Amparo López Antelo eta Kataluniako Generalitateko Justizia eta Kalitate Demokratikoko kontseilari Ramon Espadaler, besteak beste, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente Iñaki Subijana eta Kataluniako Sindic de Greuges-eko Esther Giménez ere.

Jardunaldietan, biktimek justizia errestauratiboko prozesuetan duten funtsezko zeregina eztabaidatuko dute, baita herrialde ezberdinetako justizia-sistemek praktika horiek nola hautematen eta integratzen dituzten ere. Gainera, Iberoamerikako testuinguruan garatutako esperientzia eta ikuspegi berritzaileak aurkeztuko dira, justizia errestauratiboko eredu inklusiboagoak eta biktimen beharretara egokituak indartzea helburu dutenak.

Justizia Errestauratiboko Kontseilu Iberoamerikarraren aurkezpena

Ekitaldia Justizia Errestauratiboaren Kontseilu Iberoamerikarraren abiapuntua ere izango da. Kontseilu hori diziplina anitzeko erakundea da, arlo horretan eta beste esparru profesional batzuetan adituak diren teknikariz osatua, eta, horren bidez, herrialdeen arteko lankidetza eta jardunbide egokien trukea sendotu ahal izango da, arlo horretan prestakuntza sustatuz, adibidez.

Kongresu honek Euskadiko Birgizarteratze Institutua (IRSE-EBI), Biktimen Laguntzarako Elkarte Portugaldarra (APAV) eta Justizia Errestauratiboko Foro Latinoamerikarra bezalako erakundeen lana bertatik bertara ezagutzeko aukera ere emango du.