Eusko Jaurlaritza Gizarte Ekonomiaren bigarren Plan Estrategikoa lantzen ari da sektoreari benetako bultzada emateko

0

Mikel Torres lehendakariordeak parte hartzeko, ekintzailetzarako, kooperatibetan bazkideak sartzeko eta Enpresaren Gizarte Erantzukizuna ezartzeko laguntzen hurrengo deialdia ere iragarri du 

Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila Gizarte Ekonomiaren II. Plan Estrategikoa prestatzen ari da jada. Plan hau «proiektu partekatua» izango da, eta «nahitaez ekintzailetza kolektiboan oinarritu behar da», ziurtatu du Mikel Torres lehendakariordeak. «Bigarren plan honek proiektu berritzailea izan behar du, ekonomia sozialari benetako bultzada emango diona». 

Hala adierazi du Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak asteazken honetan Ulma taldera egin duen bisitan; erakunde honek bederatzi kooperatiba eta 5.600 langile baino gehiago ditu. Torresek bertatik bertara ezagutu ditu talde handi honen filosofia eta Ulma Handling Systemsek Oñatin (Gipuzkoa) dituen instalazioak, «logistika automatizatzeko enpresa-eredu oso bat, materialak biltegiratzeko eta manipulatzeko sistema automatizatuen hornitzailea», adierazi du. 

Torresek azpimarratu du ekonomia soziala «demokrazia ekonomikoa eta justizia soziala sustatzen dituen» eredua dela, eta, aldi berean, «kalitatezko enplegua sortzeko eta etorkizun justuagoa, berdintasunezkoagoa, birbanatzaileagoa eta desberdintasun-tasa txikiagoak izango dituena eraikitzeko tresna handia» dela. 

Lehendakariordearen ustez, enpresa eredu honek funtzionatzen duela erakutsi du, eta etorkizunean ere hala egingo duela. Eta «Eusko Jaurlaritzatik egiten ari garen konpromiso ekonomiko, sozial eta instituzionala» erakutsi du. Honen harira, laster laguntzak deitzeko asmoa iragarri du, parte hartzeko, ekintzailetzarako, Gizarte Ekonomiako enpresetan bazkideak sartzeko eta Enpresaren Gizarte Erantzukizuna ezartzeko. 

Horrela, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak helburu hau du: «administrazio-prozedurak sinplifikatzea, eraginkortasun ekonomikoa lortzea eta onuradunei erraztasun handiagoak ematea». 

Kooperatiben nazioarteko urtean, NBEk 2025. urterako hala aldarrikatutakoa, Mikel Torresek pozik dagoela adierazi du «kooperatibismoak hazten jarraitzen duelako eta Euskadik gizarte-ekonomian munduko erreferente izaten jarrai dezan eragiten duelako; izan ere, honek esan nahi du baliodun enpresa-eredu bat izango dugula, ekiten, arriskuak partekatzen eta irabaziak banatzen dakiena».