Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitatea (ZIU) izan da Estatuan AENORek ematen duen zainketen humanizazioaren egiaztapen maximoa – maila bikaina – lortu duen lehena, HU-CI proiektuaren esparruan, zainketen humanizazioa pertsonen beharretara egokituz hobetzea ahalbidetuko duten ekintzak ezartzeko. Ziurtagiri horrek lortutako bikaintasuna aitortzeaz gain, zainketaren humanizazioa lideratzen eta bultzatzen jarraitzeko konpromisoa indartzen du, eta pazienteengan oinarritutako arreta-emateko Osakidetzaren konpromisoarekiko erantzukizuna islatzen du, zeinak asistentzia-alderdia ez ezik, haien ongizate emozionala eta psikologikoa ere barne hartzen dituen; hori guztia pazientearen senideei zein talde asistentzialari ere behar den arreta eskainiz.
Osakidetzako Asistentzia Sanitarioaren Humanizazioaren ildo estrategikoan hainbat urtez lan egin ondoren, Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitateak 2018an ekin zion Humanizazioko Jardunbide Egokien Ziurtagiria lortzeko ibilbideari, eta prozesu horretan maila aurreratua lortu zuen 2022an. Bi urte geroago, ekintza jakin batzuk ezarri eta beste auditoretza batera aurkeztu ondoren, bikain mailadun ziurtagiria eskuratu du.
HU-CI proiektuaren helburuetako bat zainketa intentsiboen unitateetako hainbat arlo ebaluatzea da, zainketa intentsiboak humanizatzeko, senideen, pazienteen eta profesionalen arteko topagune eta foro izateko, zainketa intentsiboak hedatzeko eta humanizazio-trebetasunei lotutako prestakuntza sustatzeko.
Ziurtagiriak egiaztatzen du humanizazioaren arloko segidako 7 ildo estrategikoetan banatzen diren 160 jardunbide egoki betetzen direla: senideek zainketetan parte hartzea eta pazientearekin egotea; komunikazioa hobetzea; pazienteen ongizatea ziurtatzea; profesionalak zaintzea; ZIU osteko sindromearen prebentzioa, detekzioa eta jarraipena; arkitektura humanizatua; eta hiltze-prozesuko arreta.
ZIUko Humanizazio Taldeak sustatu du ekimena, Ainara Arana Unitateko gainbegiralearen hitzetan, “paziente eta senide bakoitzak, ospitaleko egonaldi osoan, tratu duina eta errespetuzkoa jasotzen duela bermatzeko ZIUko taldea osatzen duten profesional guztien diziplina anitzeko ahaleginaren emaitza da lorpen hori; profesionalen euren zaintza ere barne hartzen duena”.
ZIUk 1.300 paziente baino gehiago artatzen ditu urtean, eta zerbitzu nabarmenen artean dago familien gela. Maite Esteban, ZIUko Erizaintzako Zaintza Osagarrietako teknikaria da proiektu horren buru, eta berorren helburua da pazientearen senideak inplikatzea senidearen zaintzan, dauzkaten prestakuntza- eta emozio-premiei entzunez eta erantzunez. Era berean, Zainketa Intentsiboen Osteko Sindromearen jarraipena egiteko kontsulta bat ezarri da. Virginia Arnaiz ZIUko medikua arduratzen da kontsultaz. Bertan jarraipena egiten zaie ZIUn ospitaleratuta egon diren paziente larrienei, ospitaleko alta eman ondoren. Orain arte 72 pazienteren jarraipena egin da.