Euskadik familia-medikuen BAME 3 urtera murriztea proposatu dio Osasun Ministerioari, mediku faltaren aurrean premiazko eta aldi baterako neurri gisa

0

Medikuntzako profesionalen falta larriaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martinezek «3+1» neurria proposatu dio Osasun Ministerioari. Hala, familia-medikuen BAME prestakuntzaren iraupena borondatez murriztea proposatu du, hain zuzen, hiru urteko BAMEn ondoren, titulua lortu eta lanean hasi ahal izango lirateke profesionak; gehi beste urtebeteko ordaindutako prestakuntza, hurrengo bost urteetan, familiako medikuak egokitzat jotzen duen esparruan. “Ezohiko egoera da, eta egoera horrek ezohiko neurriak eskatzen ditu, gure ustez arriskutsuak baina une honetan beharrezkoak diren neurriak”, adierazi du.

Alberto Martinez sailburuak azaldu duenez, neurri horren bidez, 4 edo 5 urteren buruan, urtebetean sartuko beharreko medikuen kopurua bikoiztea lortuko litzateke, eta gainera, profesional horiek lanean hasteko prest egongo lirateke. Era horretan “mediku gehiago izateaz gain, gehiago trebatzeko gaitasuna izango dugu”. Behin-behineko neurria, Batzorde Nazionalarekin adostu beharko litzatekeena; oraintxe bertan Euskal Osasun Zerbitzuan, Osakidetzan, dugun arazo nagusiari erantzutea erraztuko lukeen ituna.

Hala, adibide gisa azaldu du, Frantzian zein Italian, BAME prestakuntza hiru urtekoa eta bikoa dela, hurrenez hurren. Haiek Euskadin lan egin dezakete; hala ere, kritikatu du hemen R4 batek —jada pazienteak ikusten ari den laugarren urteko mediku egoiliar batek— ezin duela lan egin, ezta azken hilabetean ere, tutoretzarekin ez bada. “Iruditzen zait sistema zorrotza, hertsia eta zurruna dugula”, gaineratu du sailburuak.

Osasuneko sailburuak berretsi du egoera kritikoan gaudela eta beharrezkoa dela neurriak hartzea, «hau da proposatzen dugun neurrietako bat, baina irekita gaude bururatzen zaien beste edozein neurri aztertzera, egoera benetan kritikoa eta larria baita guztiontzat. Gustatuko litzaidake Ministerioak guri ideiaren bat ematea, orain arte ez baitugu bakar bat ere jaso. Ez digute egiten uzten, eta haiek ez dute ezer egiten”.

Martinezek azpimarratu du herritarren artean ezinegon handia sortzen ari den arazoa dela; «herritarrek ez dute ulertzen zergatik den zaila Ataunerako edo Laudiorako familia-mediku bat, edo Bidasoarako haur-psikiatra bat, edo Gasteizerako pediatra bat aurkitzea. Ez dute ulertzen”.

Horrela, haserrea partekatu du eta bere egin du, egoera konplexua delako eta erabakiak hartzeko premiazkoa delako, arazoak areagotu egingo baitira.