Pedrosa sailburuak lidergo linguistikoa eskatu die ikastetxeetako zuzendaritzei Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren aurkezpenean

0

Institutu sortu berriaren egiteko nagusia izango da hezkuntza-sistema inklusibo eta ekitatiboa eratzen laguntzea. Euskara ardatz duela, eredu eleanitza bermatuko du.

Euskadik aitzindari izaten jarraituko du hizkuntza minorizatua den berezko hizkuntzan irakasten duen sistema eleaniztun bat gauzatzen, berrikuntza didaktiko eta metodologiko aktiboen bidez.

Hezkuntza sailak ezarri dituen ekimen desberdinekin izango du lotura.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren inguruko azalpenak eman ditu gaur Legebiltzarrean, institutuaren zuzendari Josune Zabalarekin batera. Hezkuntza Sailaren mendeko organo berri hori, ikasgeletan praktika pedagogiko eraginkorrak ezartzeaz, euskararen erabilera aktiboa sustatzeaz eta irakasleak prestatzeaz arduratuko da besteak beste. Azpimarratu du, agertoki berri honetan, lidergotza linguistikoak ikastetxeetako zuzendaritzetan izango duen papera testuinguru berriak proposatzen dituen erronkei erantzuteko.

Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, “euskara eta euskal kultura ardatz hartzen dituen esparru eleaniztun eta kulturarteko bat eraikitzen lagunduko du” Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuak. Bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, menderatzeaz gain, “atzerriko hizkuntza bat, gutxienez, ondo ezagutzea ere” sustatuko du. Bide horretan hezkuntza komunitateko partaideak; irakasleak, ikasleak, hezitzaileak, langileak eta udalerriak ere, institutuaren jardunean eragile izango dira.

Hizkuntza gaitasunari dagokionean, gero eta emaitza hobeak lortzea da Euskal Hezkuntza Sistemaren helburua, horregatik, sailburuak albiste ontzat du “euskarak eta gainerako hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntzarekiko ardurak leku berezitu bat izatea Hezkuntza Sailean hemendik aurrera”.

Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Intitutuaren sorrera 17/2023 Legearen 90.artikuluan aurrikusi zen. “Etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko Osoko Bilkuraren erabakian” ere (2022ko apirilak 19koan) adostu zen. Orain, “espazio eta denbora gehiago, gogoeta eta praktika gehiago, jakintza eta baliabide gehiago eraiki zein eskaintzeko” institutu hau sortu izana goraipatu du Pedrosak. “Berri on eta pozgarria da hau gure hezkuntza sistemarentzat, eta berri oso ona da gure gizarte kulturanitz eta eleanitzarentzat ere” ondorioztatu du.  Gaineratu du hezkuntza sistema gero eta anitzagoa den neurrian, erronka berriak jarri dizkigu, eta une honetan, euskal hezkuntza eleaniztuna zein kulturartekoa lortzea da geure buruari jarritako erronka.

Institutuaren helburuak lortzeko, irakasleen etengabeko prestakuntza ardatz nagusia izango da hurrengo ikasturteetan. Lantalde espezializatuen eskutik, ikastetxeetako hizkuntza proiektuen nondik norakoa zehaztuko duen dekretua proposatuko du aurten eta pedagogia eta antolaketa-eraldaketa ere abiaraziko du.

Zeharkakotasuna eta lau lan eremu

Institutuak zeharkakotasunez eragiteko ahalmena izango du. Elkarlana eta elkarreragina sustatuko du hezkuntza sailaren sailburuordetza guztiekin eta zuzendaritzekin batera.

Horretarako Institutuak lau lan eremuotan jardungo du: Prestakuntza eta aholkularitza eremuan, Hizkuntzen gaitasuna eta jarreren lanketa eremuan, Euskararen normalizazioa eta hizkuntzaren didaktika eremuan eta Ikerketaren, dokumentazioaren eta hedapenaren eremuan.

Bizikidetza eta aniztasunarekin lotuta

Legebiltzarrean izandako agerraldian, Pedrosa sailburuak gogorarazi du bizikidetza eta aniztasunaren eremuan kokatu zela euskararen auzia hezkuntzan, “Euskal hezkuntzak, batez ere euskalduntzeari eta inklusio-politikei dagokienez, errealitate berri baten funtzio eraldatzailea eta egituratzailea bete izan du azken hamarkadetan” oroitu du. Ildo horretatik, “hezkuntza sistema gero eta anitzagoa den neurrian, erronka berriak jarri dizkiogu, eta une honetan, euskal hezkuntza eleaniztuna zein kulturartekoa lortzea da geure buruari jarritako erronka” azaldu du. Beraz, euskara ardatz duten hiztun eleaniztunak eta kulturartekotasunaren ikuspegitik, inklusiboak lortzea beharrezkotzat jo du.

Eskola bidezko euskalduntzeak hartu du pisua

Lau hamarkadatan, bikoiztu egin da lurralde honetako euskaldun kopurua. Munduan ezagutzen den hizkuntza gutxitu gehienen kontrako norantzan doa aurrera Euskadiko eredua. Pedrosa sailburuak azaldu duenez, euskaldun kopuru gehien duen adin tartea haur eta gazteena da gure gizartean. “Euskara gaztea da; gazteek dakite euskara gehien” ondorioztatu du. Gaineratu du, ingurune erdaldunetan gertatu dela bilakaerarik handiena, beraz, etxetik euskaldun ez diren neska eta mutil gazte askoren bigarren hizkuntza da, gaur egun, euskara. Izan ere, une honetan, 30 urtez azpiko hamar gaztetik seik etxetik kanpo ikasi du euskara, ia guztiek hezkuntzari esker. “Horrek guztiak ekarri du euskaldunen konplexutasuna ere” azaldu du; “Gero eta errealitate anitz eta konplexuago baten aurrean gaude euskararen soziolinguistikari dagokionean” hausnartu du sailburuak. Erantsi du “aurrerapenak aurrerapen, ikasleek euskara eta euskaraz ikasteaz harago, behar berriak sortu direla hezkuntzan ere: “kulturarteko hezkuntza, hizkuntza aniztasunaren kudeaketa, ahozko hizkuntzaren gaitasun nahiz erabilera, ezagutza-praktika soziolinguistikoak…” Erronka horien aurrean, hezitzaileen eta irakasleen prestakuntza berriak eta  ekarri du gogora eta euskararen erabilera errazteko, eskola-komunitatea motibatzeko eta ikasleen arteko harremanetan euskararen erabilera indartzeko proposamen berritzaileak ekarri behar direla azpimarratu du. Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako institutua horri guztiari erantzuna ematera dator.