David de las Heras artista da Itzulia Basque Country 2025-eko kartelaren egilea

0

Apirilaren 7tik 12ra eta maiatzaren 16tik 18ra ospatuko diren aurtengo Itzulia Basque Country eta Women Itzulia iragartzeko kartela ezagutzen da. Duela zazpi urtetik hona, Euskadi Literatura Sariaren irabazleak diseinatzen du Itzuliaren kartela, Literatur Lanen Ilustrazio kategorian. Aurten saritua eta, beraz, kartelaren egilea, avid de las Heras da.

Bilboko Arte Ederren Museoak Itzuliaren kartelaren aurkezpena egin du gaur eguerdian, eta bertan izan dira Andoni Iturbe Kulturako sailburuordea, Javier Riaño OCETA – Organizaciones Ciclistas Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzako (Itzulia antolatzen duen organizazioko) presidentea, David de las Heras egilea eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria. Gerra Zibilaren aurretik, euskal artista ezagunek egin zituzten karrera iragartzeko irudiak, horietako asko Bilboko Arte Ederren Museoan gordeta daude. 2019an, Eusko Jaurlaritzak, museoarekin lankidetzan, tradizio hori berreskuratzea erabaki zuen. Harrezkero, Lan literarioen ilustrazioa kategorian Euskadi Literatura Saria irabazi duen pertsonak diseinatu du Itzuliaren kartela. Ondoren, lan hori aipatutako museoan gordetzea izan da konpromisoa.

David de las Herasek azaldu duenez, gizakiaren eta Euskal Herriko paisaiaren arteko harremanari buruzko gogoeta bat islatu du kartelean. “Ni Bartzelonan bizi naiz eta, nire lurraldera itzultzen naizenean, asko nabaritzen dut aldaketa Euskal Herrira iristen ari naizenean. Mendi horiek, paisaia berde horiek, hodei horiek…”, azaldu du. Obra egiteko, olioarekin eta paper gainean lan egin du, gizakiaren aldean naturak duen eskala transmititu nahian. “Ideia hau atsegin nuen: nola gizakiak borrokatu eta aurre egin behar dion naturak ezartzen dion bide zail bati”, adierazi du.

Andoni Iturbe Kulturako sailburuordeak azaldu duenez: ekimen honen bidez, Eusko Jaurlaritzan tradizio bat berreskuratu nahi genuen, hau da, artea eta kirola bezalako bi esparru elkartu, eta gure artistei aukera berriak eskaini beren lana ezagutzera emateko eta normalean iristen ez diren publikoengana iristeko. “Artistak aintzatestea gure lan-ardatzetako bat da, eta uste dugu gaur hemen egotea, Bilboko Arte Ederren Museoan, proiektu batean hainbat eragile konektatuz, helburu hori lortzeko beste bide bat dela”, adierazi du.

Lasterketak antolatzen dituen elkartetik, Javier Riañok bere poza adierazi nahi izan du artea eta kirola uztartzen dituen lankidetza aberasgarri honekin jarraitzeagatik. «Sinergia horrekin askoz urte gehiagoz jarraitu nahi dugu, eta gure karrerak irudikatzeko hainbat obra ikusi», dio.

Bestalde, Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendari Miguel Zugazak nabarmendu duenez, «David de las Herasek Itzulia 2025erako sortutako irudiak paisaia berreskuratzea esan nahi du, konposizioaren elementu nagusi gisa. Beste mugarri bat museoko bildumetan sartzen den Itzuliaren kartelen sekuentzia bikainarentzat».

Ekimen honi esker, Bilboko museoan Yolanda Mosquera, Asisko Urmeneta, Miren Asiain, Javier Isusi, Maite Mutuberria eta Joseba Larratxeren diseinuak gordailututa daude, Euskadi Literatura Sarietako Literatura Lanen Ilustrazioa kategorian sarituak, eta horiei David de las Herasena gehituko zaie.

David de las Heras

David de las Heras artista plastikoa eta ilustratzailea da. Arte Ederretan lizentziatua UPV/EHUn eta Escola Massana ilustrazio-zikloan graduatua. Bere margolanak Alemania eta Portugal bezalako herrialdeetan izan dira ikusgai. Ilustratzaile gisa zenbait liburu argitaratu ditu, besteak beste, “Martín, de grumete a capitán” eta “Atlas de la España imaginada”. Liburuen azalen diseinuan ere espezializatuta dago, eta nabarmentzekoak dira James Rhodes pianistarentzat egindako lana eta 2015ean “Kalimán” libururako egindako azala. Bere lana egunkarietan, igandekarietan eta gehigarri kulturaletan aurki daiteke. 2024an Euskadi Literatura Saria jaso zuen, Literatura Lanen Ilustrazioa kategorian, “Campos de Castilla” obragatik.

Itzulia Basque Country 2025

Basque Country 2025 Itzulia apirilaren 7tik 12ra egingo da. Aurtengo edizioa Gasteizen hasi eta Eibarren amaituko da. Guztira sei etapa izango dira: Vitoria-Gasteiz/Baskonia-Alaves/Iruña-Lodosa/Zarautz/Beasain/Markina-Xemein/Urduña/Gernika-Lumo/Eibar. Maiatzaren 16tik 18ra egingo den Women Itzuliaren ibilbidea ez da oraindik ofizialki aurkeztu.