Imanol Pradales lehendakaria buru izan da gaur arratsaldean Donostiako Miramongo Teknologia Parkean 2030 Agenda Euskadi Foroaren osoko bileran. Foro hori eragile anitzeko gunea da, eta bertan Eusko Jaurlaritzak demokrazia indartzeko eta garapen-eredu inklusibo, jasangarri eta berritzailea eraikitzeko duen konpromisoa berretsi du. Bilera horretan ‘Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren 2025-2028 Plana’ onartu da, datozen urteetan ekintza publikoa bideratuko duen ibilbide-orri nagusia, gizarte-erronka handiei erantzun ahal izateko, ikuspegi eraldatzaile, parte-hartzaile eta partekatu batetik.
Imanol Pradales lehendakariak nabarmendu duenez, «demokrazia indarberritzea, segur aski, gure garaiko erronka nagusia da, ‘sine qua non’ baldintza delako ditugun erronka sozial, teknologiko edo ingurumenekoei berme osoz heltzeko. Demokrazia indartsua, osasungarria eta kalitatezkoa ezinbestekoa da Herri gisa eta ongizatean hazten jarraitzeko. Demagogia, populismoa eta polarizazioa geldiarazteko antidotorik onena da». Gainera, Lehendakariak azpimarratu du garai honetako erronkei aurre egiteko beharrezkoa dela komunitatea eta konpromiso zibikoa sendotzea.
Horrez gain, Euskadi 2030 Agenda Foroaren osoko bilkuran Lehendakariak aurreratu du Eusko Legebiltzarrean Kalitate Demokratikoa Hobetzeko Ponentzia bat abian jartzea bultzatzeko proposamena. Ponentzia horren helburua da arau-esparru zabal eta berritzaile bat eratzea, Euskadi demokrazia indartzeko abangoardian jar dezan. Aldi berean, Eusko Jaurlaritza Europako Batzordea lantzen ari den ‘European Democracy Shield’ estrategiarekin bat datorren plan bat prestatzen ari dela azaldu du. Estrategia horren helburua Europar Batasun osoan demokrazia erresilienteagoak eraikitzea da. «Jokoan dagoena Europako eredua eta haren sorrerako balioak direlako», berretsi du.
2030 Agenda Euskadi Foroa Eusko Jaurlaritzako sailburu guztiek, hiru foru-aldundiek, EUDELek eta euskal hiriburuetako udalek osatzen dute, baita euskal unibertsitate-sistemako hiru unibertsitateetako errektoreek ere. Halaber, Sareen Sareak ordezkatzen dituen hirugarren sektoreko erakundeek eta lankidetza publiko-pribatuko eragileek ere hartzen dute parte bertan, hala nola Basque Center for Climate Change-k (BC3), Basque Research and Technology Alliance (BRTA) Partzuergo Zientifiko-Teknologikoak eta ACLIMA ingurumen-klusterrak.
Zortzigarren bilera honetan, dinamika bat egin da bertaratutakoen artean, lau ardatz estrategikoren inguruko ikuspegiak bateratzeko: berrikuntza kudeaketa publikoan eta elkarlaneko gobernantzan; ahalduntzea eta herritarren erantzukizuna; teknologia, zientzia eta informazioa; eta kultura demokratikoa eta belaunaldi berriak.
Euskal Autonomia Erkidegoa berrikuntzaren bidez eraldatzea
Osoko Bileraren mugarri nagusietako bat Gizarte Berrikuntzarako 2025-2028 Plana eta 2030 Agenda onartzea izan da. Plan hori modu parte-hartzailean landu dute azken hilabeteetan, eragile sozialen, instituzionalen eta herritarren ekarpenekin.
Plan hori tresna estrategikoa da, gizarte-berrikuntza Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lotzen du, eta helburuak nahiz jarduteko modu eraldatzaileak definitzen ditu. XIII. Legegintzaldiko (2024-2028) Gobernu Programarekin bat dator, eta haren helburua da pertsonak erdian jarriko dituen ongizate-eredu jasangarri, lehiakor eta inklusibo baterantz urratsak ematea.
Planaren lehentasunezko ardatzetako bat kultura demokratikoa da. Ildo horretan, parte-hartze aktiboa, komunitate-zentzua eta konpromiso zibikoa sustatzen ditu, erronka sozial konplexuei soluzio partekatuak emateko eragile gisa.
Planaren ekintza-ildoen artean, hauek nabarmentzen dira: herritar ahaldunduak, informatuak eta erantzunkideak sustatzea; deliberazio eta parte-hartze eraginkorreko espazioak sortzea; gizarte-berrikuntza politika publikoetan txertatzea; aliantza estrategikoak sendotzea GJHak lortzeko (17. GJH); eta zientzia, teknologia, datuak eta erabakiak hartzeko ezagutza partekatua txertatuko dituen zeharkako ikuspegia bultzatzea.
Jardunaldian, gainera, soziologo eta CSICeko ikertzaile Luis Millerrek hitzaldi bat eman du, polarizazio politikoaren arriskuetan oinarritua, eta dinamika parte-hartzaile bat ere izan da, funtsezko lau ardatzen inguruan: berrikuntza kudeaketa publikoan, herritarren ahalduntzea, eraldaketa digitala eta informazioa, eta belaunaldi berriak eta kultura demokratikoa.
Topaketak agerian utzi du demokrazia deliberatiboago, informatuago eta pluralago baterantz aurrera egiteko beharra, non pentsamendu kritikoak, aniztasunak eta konpromiso komunitarioak leku nagusia hartuko duten. Ildo horretan, onartutako plana funtsezko tresna da gizarte-loturak indartzeko eta Euskal Autonomia Erkidego kohesionatuago, berritzaileago eta erresilienteago bat garatzeko.