Osakidetzak apirilean irekiko du Lehen Mailako Arretan betetzen zailak diren postuen EPE berrirako izena emateko prozesua, osasun-zentroetako eta Etengabeko Arretako Guneetako lanpostuak egonkortzeko helburuarekin. Izan ere, hainbat arrazoi direla-eta, lanpostu horiek ez dira hain erakargarriak profesionalentzat, eta, beraz, hutsik geratzen dira. Deialdiari lotuta, lanpostu horietarako neurri pizgarrien sorta bat eskaintzen da, hala nola prestakuntza- eta ikerketa-jardueretan sartzeko lehentasuna, edo ohiko bizilekutik lanpostura joateko denbora lan-denboratzat kontuan hartzea.
Gaur goizean Mahai Sektorialean aurkeztu dira EPEaren deialdi berriaren oinarriak, baita betetzen zailak diren lanpostuak identifikatzeko txostena eta neurri pizgarriak ere, eta Medikuen Sindikatuaren onespena jaso dute. Osakidetzak sindikatu horrekin egindako akordioaren garrantzia balioetsi du, soilik medikuei zuzendutako enplegu publikoko deialdia dela kontuan hartuta. Zehazki, 143 plaza eskainiko dira, honela banatuta:
- Familiako Medikuntzako 108 plaza
- Pediatriako 18 plaza
- Ospitalez kanpoko Psikiatriako 12 plaza
- Ospitalez kanpoko Haur Psikiatriako 5 plaza
Legealdi honetarako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren lehentasun nagusietako bat da betetzen zailak diren lanpostu espezifikoak kontratatzea, fidelizazioa eta iraunkortasuna sustatuko duten neurriak barne hartuta. Ildo horretan, gaur goizean Mahai Sektorialean aurkeztutako proposamenak planteatzen du, alde batetik, lanpostu horiek partekatzen dituzten ezaugarriak argi definitzea —batez ere, hiriguneetako osasun-zentroetan arratsaldeko lanaldiak, EAGak eta urrutien dauden landa-eremuetako kontsultategietako lanpostuak—, eta, bestetik, plaza horiek sustatzeko neurriak. Ildo horretan, planteatutako neurrien artean, hauek nabarmendu behar dira:
Joan-etorrietan emandako denbora lan-denbora gisa zenbatzea.
- Hautaketa, betetze eta lanbide-garapeneko prozesuetan «Betetzen zaila den lanpostua betetzeagatik» puntuak ematea.
- Prestakuntza- eta ikerketa-jardueretan sartzeko lehentasuna izatea.
- PAUak kudeatzeko autonomia handitzea, lanpostu batzuen isolamendu profesionala minimizatzeko.
Gainera, EPE bat egitea planteatzen da, betetzen zailak diren lanpostuen lehiaketa bidez, guztira 143 plaza. Izena emateko prozesua datorren apirilean hasiko da eta, ziurrenik, udarako erabakita egongo da.
EPE EREDU BERRIA
Bestalde, gaurko Mahai Sektorialean, Osakidetzak hurrengo EPE orokorra —23-24-25 urtekoa— arautuko duten irizpideak ere planteatu ditu; horren helburua Osakidetzako hautaketa- eta hornidura-prozesuak arintzea izango da. Proposatutako neurrien artean dago izangaiei galdera eta erantzun sorta bat ematea, bai gai-zerrenda komunerako, bai gai-zerrenda espezifikorako, eta kategoria guztietan.