Programek bi fase dituzte, eta bakoitzak bere deialdia du; identifikazioarena eta exekuzioarena
eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak garapenerako lankidetzako programetako exekuziorako deialdia argitaratu du. Guztira, 4 milioi euro bideratuko dira iazko identifikazio faserako deialdian esleipedunizan ziren irabazi asmorik gabeko erakundeei.
2024an, elankidetzak 150.000 euroa eman zizkien 5 GGKEri Kolonbian, Bolivian, Guatemalan Senegalen eta Malin lankidetza programak identifika zitzaten. Ipar eta Hego Globaleko erakundeen eta eragileen arteko lankidetza sustatuko duten ekimenak dira. Hori dela eta, herrialde pobretuetan eta Euskadin egingo dira ekintza guzti horiek.
Deialdiaren oinarrizko baldintzetako bat da aurreko fasean esleitu izana. Halaber, programa erakunde talde baten bidez garatu beharko da, eta, bertan, euskal entitateaz gain, gutxienez hegoko herrialde bateko batek parte hartu beharko du. Afrikan ekimeni babesa emateko, programetako bat kontinentean egin beharko da.
Programa bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa 600.000 eurokoa izango da gutxienez, eta gehienez milioi bat eurokoa. Erakunde bakoitzak eskabide bakarra egin ahalko du www.elankidetza.euskadi.eus edo www.euskadi.eus webguneen bidez. Eskakizunak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, martxoaren 28tik aurrera.
Era berean, apirilaren hasieran irekiko da 2025eko identifikazio deialdia. Zenbait baldintza bete beharko dira aurkeztu ahal izateko; tartean, egoitza edo ordezkaritza Euskadin izatea, dagokion erregistro publikoan izena emanda egotea izaera juridikoaren arabera eta kudeatzeko eta estrategiarako gaitasuna izatea. Elankidetzak 150.000 euro zuzenduko ditu fase honetara eta eskabideak egiteko epea apirilaren hasieran izango da.
Erronka globalei aurre egiteko beharra
Egungo munduan lausotu dira tokiko, estatuko eta nazioarteko mugak, eta, hortaz, hasiera batean Hegoko herrialdeetako arazotzat bakarrik jotzen ziren kontuak erronka global izatera pasatu dira. Horietako batzuk dira krisi klimatikoa, elikagai falta, errefuxiatuen gorakada edo estremismoen hazkundea.
Erronka horiei aurre egiteko beharrezkoak dira tresnak Iparreko zein Hegoko erakundeen arteko elkarlana sustatzeko, baliabideak eta estrategiak komunean jartzeko, maila lokalean zein nazioartean eragiteko gaitasunak garatzeko edota tokiko gizarteen eraldaketarako ekintzak bultzatzeko.
Ildo horretan, deialdiak lau aldaketa proposatzen ditu: tokiko-global ikuspegia programen ezaugarri nagusitzat jotzea; programetan parte hartzen duten eragile ezberdin artean lan-eredu berritzailea ezartzea, Ipar zein Hegoko erakundeen arteko elkarlan-ikuspegiarekin lerrokatuta; programetan bi finantzaketa-fase bereiztea, identifikazio-fasea eta gauzatze-fasea, eta dirulaguntzen onuradun izateko betebeharrak arrazionalizatu eta egokitzea.
2024an argitaratu zen dekretu berriak ordezkatzen du Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako programetakoa, 2007tik indarrean dagoena. Aipatutako dekretuak kudeaketa-eredu gabezia handiak zituen, eta asko zailtzen zuen programen kudeaketa. Hori dela eta, 2017an helburuak berrikusteko eta kudeaketa-eredua hobetzeko prozesu parte hartzailea abiatu zen.