Kanpo Ekintzak nafar enpresek Europako ekitaldietan parte har dezaten laguntzeko deialdia egin du

0

Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak 30.000 euroko laguntza-deialdia argitaratu du, Nafarroako enpresek enpresa-misioetan zein misio teknologikoetan edo «Europa+Cerca» programaren barruan Europan egindako ekitaldietan parte har dezaten. Horren guztiaren helburua da Foru Komunitateko entitateek Europako instituzioei buruz duten ezagutza hobetzea eta arlo horretan sor daitezkeen finantzaketa-aukerak aprobetxatzea.

Deialdiari buruzko informazio guztia urriaren 3ra arte egongo da zabalik, eta Nafarroako Gobernuaren webguneko Zerbitzuen Katalogoaren fitxan kontsulta daiteke. Enpresa-misioen kasuan, EENk antolatutako misioaren zazpigarren edizioa sartzen da; Europako Batzordeak ezarrita, nazioartekotzearen, finantzaketarako sarbidearen eta teknologia-transferentziaren bidez enpresei laguntzeko sarerik handiena da. Halaber, diruz lagunduko da CEIN-en mintegiko enpresentzako misioan parte hartzea, erakunde horrek eta Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak batera antolatuta.

Bestalde, misio teknologikoa Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak eta ADItech Fundazioak ere bultzatzen dute, eta Europako proiektuetan parte hartzeko interesa duten osagai teknologikoko enpresetara bideratzen da, bereziki I+G+Bra. Ekimenak bilera-agenda bat eskaintzen du Bruselan, parte hartzen duten enpresen beharretara egokitua, batez ere Europako esparruan sortzen diren aukeretan oinarritua.

Azkenik, deialdi honetan sartzen da, halaber, Europako Batzordeak edo haren agentzia betearazleetako batek antolatutako beste ekitaldi batzuetan parte hartzen duten enpresak finantzatzeko aukera, Europako Batzordearen beraren Project Officers-ekin banakako elkarrizketak dituzten enpresentzat, edo partzuergoak osatzeko Europa mailako sare eta plataformekin bilerak egiten dituztenentzat.

Bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuetarako laguntzak

Kasu guztietan, bidaia-, ostatu- edo mantenu-gastuak diruz lagunduko dira, eta gehienez ere 1.250 euro emango dira enpresa bakoitzeko. Jarduerak 2025eko urtarrilaren 1etik azaroaren 21era bitartean egin beharko dira, eta, laguntza emateko, irizpide hauek hartuko dira kontuan, besteak beste: enpresaren eta planteatzen duen proiektuaren ezaugarriak, lortzea aurreikusten dituen emaitzak edo garatuko dituen ekintzen kronograma.