Euskadi Gobernu Irekirako Aliantzaren (OGP) Tokiko Gobernuen Sareko kide da 2018. urtetik, ondoren printzipioak sustatzeko helburuarekin: gardentasuna, integritatea, kontu-ematea eta parte-hartzea.
Zentzu horretan, 2018az geroztik, Euskadik 2 ekintza-plan diseinatu eta aurrera eraman ditu (2018-2020 eta 2021-2024). Plan horietako bakoitzak 5 konpromiso barnebiltzen zituen. Konpromiso horietako bakoitzeko proiektu zehatz bat garatu da, besteak beste, Open Data Euskadi edo iLab, Euskadiko Parte-hartzeko Berrikuntza Gunea; herritarrak ahaldundu eta gardentasunerako, datu irekietarako edo herritarren proposamenak eta ekimenak era errazagoan jasotzeko tresna berriak garatzeko.
Euskadik, beraz, urteak daramatza Gobernu Irekiaren esparruan lanean eta plan berriaren eskutik, aurrerapausoa eman nahi da gardentasun, parte-hartze, datu ireki edo kontu-ematearen arloan ez ezik, kalitate demokratikoan ere, Euskadi alor horretan erreferentziazko lurraldea bilakatzeko.
III. Ekintza Plana 2025-2028 kalitate demokratikoan aurrera egiteko
OGP Euskadi osatzen dute Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalek eta Berrikuntzaren Euskal Agentziak (Innobasque) eta foro eta lan-espazio ezberdinetan antolatzen da: talde sustatzailea, foro erregularra, foro irekia (interesa duen edonork parte har dezake) eta konpromisoen araberako lantaldeak.
2025. urte honetan ekin zaio Euskadin Gobernu Irekia sustatzen jarraitzeko 2025-2028 Ekintza Plan berria eratzeari, Partaidetza-prozesu bat egin da, herritar guztiei eta OGP Euskadiko eragileei irekia. Prozesu horretan 802 pertsonek hartu dute parte; partaideen %53 emakumezkoak izan dira eta %55 46-64 urte bitarteko pertsonak.
Partaidetza prozesuaren baitan, parte hartu duten pertsonen jarrera eta esperientzia aztertu dira Gobernu Irekiari dagokionez eta plan berrirako lehentasunak zehaztu dira, baita ere.
Parte hartzaileek adierazi dutenez, %31k hartu du parte partaidetza prozesuren batean; %30ak gardentasun-atariren bat bisitatu du noizbait eta %21ak bisitatu du noizbait datu irekiei buruzko atariren bat.
Herritarrek ondorengo lehentasunak ezarri dituzte, plan berria garatzeko:
- Integritatean eta jokabide etikoan sakontzea
- Plan, programa edo zerbitzu publikoen betetze-mailari buruzko kontu-ematea sustatzea
- Gai gehiago jartzea herritarren parte-hartzearen esku
- Herritarrei gardentasun eta informazio publikorako eskubidea gerturatzea
- Pertsona eta/edo eragile gehiagoren parte-hartzea lortzea, partaidetzaren kultura indartzeko
Plan berriak gaitasun eraldatzailea duten 5 konpromiso berri izango ditu, ezarritako lehentasunei jarraiki; konpromiso horiek gizarte zibilaren lankidetzarekin eta hiru erakunde-mailen artean modu koordinatuan gauzatuko dira, demokratikoa sendotzeko eta Gobernu Irekiaren alorrean ditugun erronkei erantzuteko helburuarekin.
Orain, foro erregularrak ezarritako lehentasunen gainean lan egingo du, eta plan proposamen bat egingo du, ekainean egingo den foro irekian aurkeztu eta jorratuko dena.
Gasteiz, OGP 2025 Goi Bilera Globalaren egoitza
Gobernu Irekiaren esparruan Euskadik egindako ibilbidea dela-eta, Gasteiz hautatu dute Gobernu Irekirako Aliantzaren IX. Goi Bilera Globala hartzeko.
2025eko urriaren 7an, 8an eta 9an izango da goi-bilera eta 2.000 aditu eta lider baino gehiagok parte hartuko dute. Goi-mailako mahai-inguruak, tailer interaktiboak, networking-guneak eta ekitaldi paraleloak izango dira, Gobernu Irekiaren komunitatea osatzen duten eragileek biltzeko eta ideiak trukatzeko aukera izan dezaten.
Horrek guztiak aukera emango dio Euskadiri, Gobernu Irekiaren, gardentasunaren eta lankidetzazko gobernantzaren esparruan duen posizioa indartzeko.