Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Orioko alkate Anuska Esnalek Munto sektorean dagoen Palota kaleko alokairurako babes ofizialeko 46 etxebizitzaren sustapena bisitatu dute gaur goizean. Visesak sustatutako eta Next Generation EU funtsekin partzialki finantzatutako jarduketa estrategikoa da. Jarduketa Alokabide sozietate publikoak kudeatuko du, eta udalerrian gero eta handiagoa den etxebizitza babestuen eskaerari erantzungo dio.
Bisitan zehar, Denis Itxaso sailburuak ekimen honen balioa azpimarratu du, Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den etxebizitza-ereduaren adibide gisa. “Energetikoki efizientea, teknikoki ondo egina eta sozialki beharrezkoa den alokairuko etxebizitza-parke publiko baten aldeko apustua egin dugu”, adierazi du Itxasok, eta gaineratu du “Orioko 46 etxebizitza hauek ikuspegi horren ondorio” direla. Halaber, sailburuak adierazi duenez, “Europako funtsei esker, azkarrago eta anbizio handiagoz egin ahal izan dugu aurrera gehien behar dutenei etxebizitza eskuragarria eta duina eskaintzeko dugun helburuan”.
Bestalde, Orioko alkate Anuska Esnal pozik agertu da obrak amaitu direlako eta laster etxebizitzak erabiltzeko moduan egongo direlako. “Udalaren erronka estrategiko nagusietako bat udalerriaren hazkunde jasangarria sustatzea da”, adierazi du. Izan ere, “Orioko biztanleria % 38,5 hazi da azken 25 urteetan, eta hazkunde horrek presio handia eragin du etxebizitzaren merkatuan”. Esnalek azpimarratu duenez, «Orion etxebizitza babestuaren eskaria Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen batez bestekoa baino askoz handiagoa da, eta, errealitate horren aurrean, Udalak benetako soluzioa eman nahi dio arazo horri. Munto inguruan proiektatutako etxebizitzak norabide horretan emandako urrats garrantzitsua dira. Horregatik, Udalak bizitegi-garapen berri guztietan izaera sozialeko etxebizitzak gordetzea bultzatzen jarraituko du”, adierazi du alkateak.
Sustapenak —Munto 8 sektoreko PR-2 partzelan kokatua— 5.630.123,51 euroko (BEZik gabe) kontrata-aurrekontua izan du (eraikuntza eta horri lotutako urbanizazioa), eta 7.364.884,77 euroko inbertsioa egin da guztira. Kopuru horretatik 1.986.720 euro Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak jarri ditu —Next Generation EU programaren funtsen bidez—, hau da, kostu osoaren % 27 inguru. Gainerako kopurua Visesak hartu du bere gain. Nabarmentzekoa da 2020ko urtarrilaren 8an sinatutako hitzarmenaren arabera, Udalak 541.424,10 eurotan saldu ziola Sailari partzela, kargarik gabe; Sailak, berriz, eraikinaren beheko solairuan egokitu gabeko 400 m2 inguruko lokal baten erabilera entregatu dio ekipamendu publikorako.
46 etxebizitzek —horietatik 40 bi logelakoak dira (mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako bi etxebizitza barne) eta 6 hiru logelakoak— energia-efizientziaren, irisgarritasunaren eta eraikuntza-kalitatearen irizpide zorrotzenei erantzuten diete. Guztiek 4 m² baino gehiagoko terraza dute eta esekileku babestu bat fatxadan.
Pedro Apaolaza y Asociados SL estudioak diseinatu du eraikina, eta Sukia Eraikuntzak SA enpresak eraiki du. Higiezinaren banaketa L formako bloke batean antolatzen da. Bloke horrek erabilera publikoko plaza bat du barruan, eta modu harmoniatsuan integratzen da hiri-sarean. Multzoak sotoko solairua —garaje gisa erabiltzeko—, beheko solairua —sarrerak eta udalaren lokal bat bertan daude—, hiru etxebizitza-solairu eta teilatupeko solairu bat ditu. Azken horretan aireztapen-sistemaren elementu teknikoak eta eremu fotovoltaikoa daude.
Jasangarritasunarekiko konpromisoa eta sistema % 100 elektrikoa
Jasangarritasunarekin duen konpromisoa da proiektuaren alderdi azpimarragarrienetako bat. Etxebizitzak A etiketa energetikoarekin kalifikatu dituzte, eta klimatizazio-sistema eta Ur Bero Sanitario (UBS) %100 elektrikoa jarri dute. Etxebizitza bakoitzak termo elektrikoak eta emisore termikoak ditu; horiez gain, beroa berreskuratzen duen fluxu bikoitzeko aireztapena eta eguzki-panel fotovoltaikoak estalkian, eskatutako energia berriztagarriaren estandarrak betetzeko. Estrategia horri esker, maizterrentzako energia-kostua nabarmen murrizten da, eta eraikinaren ingurumen-inpaktua gutxitzen da honen bizi-ziklo osoan.
Itxaso sailburuak adierazi duenez, «sustapen hau prezioari dagokionez ez ezik, energia-kontsumoari dagokionez ere eskuragarria izatea nahi izan dugu. Etxebizitza ezin delako izan prekarietate energetikoaren iturri. Ongizateko, efizientziako eta ingurumena errespetatzeko gunea izan behar du”.
Orion alokairu-erregimenean dauden etxebizitza mota hauetarako eskaria oso handia da. 2025eko martxoaren 1ean, Etxebidek alokairu babestua eskatzen duten 378 bizikidetza-unitate erregistratuta ditu, eta horietatik 261 udalerrian erroldatuta daude. Eskaera guztietatik 289k eskatutako baldintza ekonomikoak (urtean 9.000 eta 45.022 euro artean irabaztea) betetzen dituzte.
Hala, Eusko Jaurlaritzak eta Orioko Udalak eskaera horri erantzuteko elkarlanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, eta iragarri dute hau ez dela izango udalerrian egingo den etxebizitza publikoen azken sustapena. “Alokairuko parke publikoa handitzen jarraitzeko konpromisoa dugu”, aitortu du Itxasok. Eta hau gaineratu du: “Orioko etxebizitza hauek urrats bat gehiago dira etxebizitza eskuratzeko eskubide eraginkorra lortzeko bidean. Eta hori erakundeen arteko lankidetzarekin eta Europako funtsen laguntza garrantzitsuarekin lortu dugu, gure politika publikoetarako tresna eraldatzailea izan baitira”.
Sustapen honekin, Eusko Jaurlaritzak beste bultzada bat ematen dio etxebizitzaren arloan duen estrategiari, alokairuko etxebizitza publikoaren eredua indartuz eta bizitegi-parke modernoa, efizientea eta gizarte-ongizatera bideratua sendotuz.