Diputatuen Kongresuak onartu du Ekonomia-Itunean sartzea Eusko Jaurlaritzak finantza-autogobernua indartzeko lortutako akordioak

0

Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak Ekonomia Ituna aldatu eta eguneratzen duen lege-proiektua onartu du gaur. Lege-proiektu horrek ordenamendu juridikoan sartzen ditu azaroaren 13an, abenduaren 23an eta otsailaren 6an egindako batzorde mistoaren bileretan sinatutako akordioak.

Onarpen horren ondoren, lege-proiektua Senatura bidaliko da, hasiera batean apirilaren 22an egitekoa den bilkuran eztabaidatu eta behin betiko onar dadin.

Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburua, Ogasun Sailburuordetzako bere taldearekin, eta María Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua bilkuraren garapenean izan dira, eta, bilkuraren ondoren, lege-proiektu horren tramitazioan lortutako emaitzaren balorazio egin du Noël d’Anjou sailburuak: “Eskertzen dut Gorte Nagusietan jasotako babesa, Ekonomia Ituna indartzen duen aldetik. Izatez, Ekonomia Ituna gure autogobernu-sistemaren giltzarria da, eta Euskadin munduko autonomia- eta ongizate-sistema aurreratuenetako eta osatuenetako batez gozatzeko funtsezko tresna”.

Ekonomia Ituna eguneratzen duten akordioetatik, d’Anjouk arreta berezia jarri dio Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren autonomia arautzailearen inguruan lortutako mugarriari. Izatez, jarduera ekonomikoa sustatzeko eta dinamizatzeko eta foru-erakundeek onartzen dituzten jarduera jakin batzuk sustatzeko neurriak zergadun ez-egoiliarrei ere aplikatu ahal izatea ahalbidetuko du.

“Horrek eragin positiboa izango du Euskadin atzerriko inbertsioa handitzeko, talentua erakartzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek diseinatu eta abian jartzen dituzten ekonomia-eraldaketarako ildo estrategikoak indartzeko”, adierazi du d’Anjou sailburuak. Ziurgabetasun eta asaldura protekzionisten nazioarteko testuinguru honetan erdietsitako lorpen horren garrantzia nabarmendu du.

Onarpen horrekin lortutako beste hobekuntza batzuk dira:

Foru-ogasunek betebehar formalen arloan duten araugintza-ahalmena 14 zergatan handitu da —bereziki garrantzitsua da Balio Erantsiaren gaineko Zerga—.Horri esker, foru-ogasunek obligazio formalei eta kudeaketa-obligazioei buruzko arauak egokitu ahal izango dituzte, eta zergadunentzako kargak murriztu. Gainera, horiek betetzea errazteko aukera izango da, TicketBai sistemaren onurak baliatuta.

Eragiketen bolumenaren atalasea 12 milioi eurora igo da. Horri esker, Sozietateen gaineko Zergan eta Balio Erantsiaren gaineko Zergan foru-ogasunei soilik zergak ordaintzen dizkieten zergadunen kopurua handituko da, eta zerga-betebeharrak betetzea erraztuko zaie. 2017. urteaz geroztik, atalase hori 10 milioi eurokoa zen.

Zerga berriak itundu dira. Hauek dira:

Bat. Zigarro elektronikoen likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zerga

Bi. Zenbait finantza-erakunderen interesen eta komisioen marjinaren gaineko zerga

Hiru. Talde multinazionalentzat eta talde nazional handientzat gutxieneko ezarpen-maila globala bermatzeko zerga osagarria

Euskal zergadunek beren inportazioei dagokien BEZaren ordainketa geroratu ahal izango dute.

Akordio horri esker, euskal zergadunek ez dituzte inportazioari dagokion Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kuotak aduanan ordaindu behar izango; aitzitik, haien ohiko aitorpenetan aitortu ahal izango dizkiete foru-ogasunei, eta, horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko zergadunak Estatuko gainerako zergadunen lehia-egoera berean egongo dira.

“Gobernuak eta, zehazki, Sailak gure autogobernua indartzearen alde egiten jarraituko dugu. Ezin da bestela izan. Eredu finkatua, aitortua eta egiaztatua da, baina eredua babestu eta indartu behar dugu, gure ongizateari eragiten dioten eta gure eskumenekoak diren politika publikoen inguruan erabakitzeko ahalmenari eutsi eta zabaltze aldera” eman du aditzera Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak.

Sailburuak balorazio hori egin du gaur goizeko lehen orduan egin den Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren bilera amaitu eta lau ordutara. Bilera horretan, d’Anjou sailburua eta María Jesús Montero lehen presidenteorde eta Ogasun ministroa izan dira, eta bertan beste lau akordio itxi dira.