Azken 30 urteetan izandako eraginik txikiena erregistratu du Bizkaiak 2024an baso-suteei dagokienez

0

Bizkaiko Foru Aldundiak azken hiru hamarkadetan erregistratutako baso-suteen kopuru txikienarekin amaitu du 2024. urtea, eta, hala, finkatu egin da ezbehar horien intzidentzia-indizearen beheranzko joera. Aurreko ekitaldian, 6 baso-sute izan ziren guztira, eta 6,55 hektarea zuhaizti eta zuhaitzik gabeko 5,35 hektarea ukitu zituzten. Datu hori 2023an erregistratutakoa baino txikiagoa da, 33 hektarea erre baitziren eta 16 sute gertatu baitziren.

Ohi bezala, sute gehienak udaberriko hilabeteetan gertatu ziren, bereziki apirilean. Izan ere, orduan gertatu ziren urte osoan erregistratutako sei ezbeharretatik hiru. Gainerakoak otsailean (2 sute) eta azaroan (sute 1) izan ziren. Kasu guztietan, Baso Zerbitzuko baso-agenteek, suhiltzaileek eta Basalaneko langileek osatutako foru-dispositiboak itzali zituen suak.

2024an erregistratutako suteek sastraka-eremuei eragin zieten batez ere, erretako lur guztien % 82 izan baitziren. Datu horien bilakaerak berretsi egiten du Bizkaiko baso-suteen kopuruak duen beheranzko joera, Foru Aldundia prebentzioaren eta basoen kudeaketa jasangarriaren arloan egiten ari den ahaleginaren ildotik.

Prebentzioa, baso-kudeaketa jasangarria eta suteak itzaltzeko bitarteko berriak

Baso-suteen kopuruak eta eraginak erakusten duten beheranzko joera hori Bizkaiko Foru Aldundiak darabilen estrategiaren emaitza dira, Bizkaiko baso-masen kudeaketan eta erabileran jasangarritasuna sustatzen dihardu-eta aspaldian. Estrategia horrek suteak prebenitzeko lanetan ere sakontzen du, eta, horri esker, Bizkaia izan da azken urteetan baso-ziurtagiri jasangarria duten azalerarik handieneko lurraldea Euskal Autonomia Erkidegoan, bai eta halako plan gehien garatzen ari den lurraldea ere.

Baso-kudeaketa jasangarriaren aldeko apustu hori gauzatzeko, neurri zehatzak jasotzen dira basogintzari laguntzeko planetan. Izan ere, plan horietan biltzen dira baso-suteen aurkako prebentzio-planak ezartzeko inbertsioetarako laguntzak, asmoa delarik ez egotea suteen aurka borrokatzeko azpiegiturarik ez duen eskualderik eta hesi naturalak ezartzea, arrisku ertain edo handikotzat jotzen diren guneetan, baso-suteak hedatzea eragozteko.

Foru Aldundiaren estrategia horretan, oso garrantzitsuak dira halaber prebentzio-neurri guztiak. Baso-suteen hedapenean eta intentsitatean, garrantzi berezia dute erregaiaren izaerak eta kokapenak, eta, beraz, funtsezkoa da sastrakadi inbaditzaileak kentzea mendietan ezarritako baso-masetan, eta bakanketa-lanak, entresakak eta inausketa-lanak egitea tokian-tokian. Horrela, suaren hedapena oztopatzen da, berotze-ahalmena kentzen zaio, sua zuhaitzen adaburuetara heltzea saihestu eta kasuan-kasuan gerta litezkeen kalteak minimizatzen dira.

Baso-jabeei laguntzeko planen bitartez, aurrekontuko baliabide handiak bideratzen dira basogintza prebentiboko lan horietara, bai mendi publikoetan eta bai pribatuetan. Horrez gainera, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren aurrekontu arruntaren bitartez, gauza bera egiten da onura publikoko mendietan eta ondare-mendietan. Lan horien osagarri, baso-masaren azalera zatitu egiten da, eta etenka ezarri arboladiak, baso-pisten sare egoki baten bitartez. Gainera, sare horrek aukera ematen du suteak itzaltzeko ibilgailuak azkar irits daitezen sua dagoen lekura.

Gainera, Foru Aldundiak indartu egin du erantzuteko gaitasuna helikoptero bat gehituta dispositiboan; haren bidez, azkar eta eraginkortasunez jardun ahal da baso-suteen aurkako lanetan. Tresna berri hori aurrerapen esanguratsua da suteak itzaltzeko estrategian; koordinazioa hobetu, eta esku hartzeko denbora murriztu du.

Beheranzko joera finkatua

Bizkaiko baso-suteek azken 30 urteetan izan duten bilakaera aztertuta, ikusten da suteen kopuruak eta eragindako azalerak behera egin dutela modu progresiboan. Izan ere, urte horietan intzidentzia handiena izan zuen urtea 1989a izan zen, eta datu horrek agerian uzten du Bizkaiko Foru Aldundiak prebentzioaren eta baso-kudeaketaren arloan sustatutako politiken eraginkortasuna.

2024ko datuek sendotu egin dute Bizkaia baso-suteen aurkako lanen erreferente gisa, eta erakusten dute prebentzioa, baso-kudeaketa jasangarria eta suteak itzaltzeko baliabideen hobekuntza uztartzea funtsezkoa dela lurraldean ezbehar horien inpaktua minimizatzeko.