Bizkaiak Lurralde Historikoko tributu-sistemaren berrikuspen fiskala onetsi du

0

Ganberako 5 taldeetatik 3k babestu dute foru-arauaren onarpena; EAJ-PNV, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos alderdietako batzarkideek eman dute aldeko botoa (50 batzarkideetatik 32), hau da, batzarkide guztien % 65ek. Akordioaren emaitza den foru-araua 2025ean izango ditu ondorioak. Helburua da Bizkaiko gizarteak gaur egun dituen erronka nagusiei erantzutea. Erronka horiek 6 eremutan kokatzen dira:

      .- familia, berdintasuna, kontziliazioa, emakumea eta gazteria

      .- etxebizitza

      .- enpleguaren inguruko gizarte-aurreikuspena

      .- trantsizio berdea

      .- aberastasunaren progresibitatea eta birbanaketa

      .- ekoizpen-sarea babestea eta bultzatzea.

Berrikuspen honen bidez, hainbat erronkari aurre egin nahi zaie: demografikoari, fiskalitate berdearenari, genero-berdintasunarenari, errenta txikienak dituzten zergadunen babesarenari, gazteenari, kontziliazioarenari, etxebizitzarenari, enpleguarenari edo pentsioenari.

Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Elixabete Etxanobe, oso pozik agertu da Zerga Berrikuspen hau onartu delako :» Nik oso balorazio positiboa egiten dut gaur onartutako neurri honen inguruan, baita balioan jarri nahi dut akordioetara iristeko gobernu honek daukan gaitasuna. Nahi izan dugun berrikuspen hau uste dugulako garrantzitsua dela Euskadin bizi garen jende guztia eduki ditzan neurri honek aprobetxatzeko aukerak».

Familia, berdintasuna, kontziliazioa, emakumea eta gazteria

Foru-arau honek berdintasun benetako eta eraginkorra sustatzen duten ekimen fiskalak jasotzen ditu, kontziliazioa hobetzea bilatzen dutenak, erantzukizun profesionalen eta familiakoen arteko bidezko oreka bermatzeko. Gainera, agerian jartzen ditu gure gizartean dauden bizikidetza-unitate guztiak eta parekatu egiten du haien tratamendua, berrikuntzak sartu baitira familia-unitatearen konfigurazioari dagokionez.

Emakumearen diskriminazio positiboaren aldeko apustua egiten da, eta, horretarako, kenkarien eta murrizketen ehuneko jakin batzuk handitu dira, emakumeek ehun ekonomiko eta sozialean parte har dezaten sustatzeko.

Kenkari pertsonal eta familiar berriak sartu ditu: hiru urtetik beherako adingabeak zaindu ondoren (eszedentzia / lanaldi-murrizketa), emakumeak lan-merkatura itzultzeagatiko kenkaria, 1.500 eurokoa, edo 200 euroko kenkaria gizonek adingabeak zaintzeko hartze duten geldiarazte-, uzte- edo murrizketa-urte bakoitzeko, besteak beste.

Halaber, sozietateen gaineko zergan kenkariak jaso dira bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko neurri berriak legez ezarritakoaren gainetik ezartzen dituzten enpresentzat eta gazteak eta emakumeak kontratatzen dituztenentzat. Halaber, pizgarri berri bat sartu da emakume eta gazteentzako (36 urtetik beherakoak) enpleguaren sorrera sustatzeko.

Etxebizitza

Etxebizitzaren arloan, errentamendua bultzatzen da, eskaintza eta alokairu eskuragarri gehiago izateko pizgarri fiskalak indartuz.

Horretarako, errentatzailearen tratamendu fiskala hobetu da etxebizitza errentariaren ohiko etxebizitza izatera bideratzen bada, eta ezarri da handiagoa izango dela alokairuan bitartekaritza publikoa dagoenean edo etxebizitza eremu tentsionatuetan dagoenean, edo errentatzaileak errentaren zenbatekoa bere kabuz mugatzen duenean. Aurreko bi kasuetan, errentaren zenbatekoa hartuko da erreferentziatzat.

Igo egin dira eskatzaileek alokairuko etxebizitza eskuratzeko pizgarriak, eta, salbuespen gisa, etxebizitzak alokatzeko merkatuan dauden tentsio koiunturalak kontuan hartuta, kalte handiagoa eragiten baitiete errenta txikiak dituzten zergadunei. Era berean, 2025etik 2029ra bitarteko ekitaldietan, alokairuagatiko kenkaria itzuli ahal izango zaie aitorpena aurkezteko beharrik izan gabe zergaren aitorpena aurkezten duten pertsonei.

Gazteen emantzipazioa bultzatzen da eta, horretarako, ohiko etxebizitza eskuratzea errazten da, honela: etxebizitza-kontuaren epea 6 urtetik 10 urtera luzatu da; etxebizitza erosteagatiko inbertsioaren 8.500 euroko gehieneko muga ezabatu da lehen urtean; ohiko etxebizitza alokatzeagatiko kenkariak handitu dira, eta sortutako eta aplikatu gabeko kenkariak hurrengo 5 ekitaldietan aplikatzeko aukera ematen da.

Era berean, eta higiezinen parkea berritzeko, etxebizitza baten jabeak babestutako birgaitzeagatiko kenkaria aplikatzeko aukera ahalbidetzen da, betiere birgaitutako etxebizitza errentan ematen bada, iraunkorreko etxebizitza izateko.

Enpleguaren inguruko gizarte-aurreikuspena bultzatzea

Pentsio publikoaren osagarrietan aurrera egiteko, foru-arauak enpleguaren inguruko gizarte-aurreikuspen osagarriko lehentasunezko sistemak sustatzen ditu, eta, horretarako, zerga-esparru berri bat ezartzen du, helburu hori lortzea ahalbidetuko duena edo horretan lagunduko duena. Horrela, bada, osagarrien tratamendu fiskala eguneratzen da, eta prestazioak errenta gisa kobratzea sustatzen da; horrez gain, kalitatezko ekarpenak bultzatzen dira, eta pizgarri handiagoak ezartzen dira ekarpen handiagoetarako.

Trantsizio berdea

Kenkari berriak ezarri dira etxebizitzen efizientzia energetikoa hobetzeko obrengatik, izan ohiko etxebizitzan, izan errentan emanda daudenetan: berokuntza- eta hozte-eskaria murrizteko obrak, energia primario berriztaezinaren kontsumoa hobetzeko obrak edo eraikinen energia-birgaitzea egitekoak.

% 5eko edo % 10eko kenkariak proposatzen dira PFEZean zero emisioko ibilgailu berriak erosteagatik, eta % 15ekoak ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak ezartzeagatik.

Era berean,sozietateen gaineko zergan, igo egin dira (muga % 35 da) garapen jasangarria, ingurumenaren zaintza eta hobekuntza edo ekonomia zirkularra sustatzen duten proiektuei lotutako inbertsio eta gastuen ondoriozko kenkariak, eta handitu egin dira energia-iturri berriekin lotutako I+G arloko kenkariak.

Horrez gainera, trantsizio berdea bultzatzeko, pizgarri batzuk handitu egin dira tokiko tributazioan, edo beste batzuk sartu dira.

Progresibitatea

Progresibitatearen arloan, foru-arau honek gure tributu-sistemaren gizarte-kohesioa eta progresibitatea sustatzen jarraitzeko aukera emango du. Horrela, PFEZa aitortzeko betebeharra urteko 20.000 eurotik gora ezarri da (zifra hori nabarmen handiagoa da lanbide arteko gutxieneko soldata baino, zeina 2024an 16.576 eurokoa baita), eta nabarmen areagotu da lan-hobaria; horri esker, errentarik txikienen tributazioa hobetu da.

Aurrezkiaren tarifa birkonfiguratu egin da eta progresiboagoa izango da: 9 tarte izango ditu orain eta tasa marjinala % 28ra igo da.

Enpresei dagokienez, igo egin da sozietateen gaineko zergaren gutxieneko tributazio-tasa, % 19ra, inbertsiorik egiten ez duten eta enplegurik sortzen ez duten enpresentzat, eta tributazio gehigarri bat ezarri da, aldi baterako, enpresa handien aparteko kontabilitate-mozkinetarako.

Ekoizpen-sarea babestea eta bultzatzea: mikroenpresak eta enpresa txikiak/kooperatibak

Mikroenpresen kasuan, foru-arauak % 15ean finkatu du mikroenpresentzako konpentsazioa.

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen kasuan, forfait berriak ezarri dira, % 20, % 15 eta % 10ekoak, jardueraren etekinen arabera.

Mikroenpresen eta enpresa txikien kasuan, kendu egin da zerga-oinarri negatiboen konpentsazioa egin aurreko zerga-oinarri positiboaren % 70eko muga.

Kooperatibak babesteari dagokionez, eta etxebizitza eskuratzea errazteko eta haiek babesteko helburu bikoitzarekin, bereziki babestutzat jotzen dira etxebizitzen erabilera eta gozamena xede duten etxebizitzen kooperatibak (erabilera lagatzeko araubideko etxebizitza-kooperatibak).