EIBMk erabaki du Foru Ogasunek nazioartean duten ikusgaitasuna handitzea eta Euskal Erakundeen finantza gaitasuna indartzea

0

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa Madrilen bildu da, eta lau erabaki hartu ditu aho batez. Horrekin, Batzorde Mistoak 2024ko abenduaren 23an egindako bileran hartutako konpromisoak bete dira, zehazki Foru Ogasunek nazioartean duten ikusgaitasuna eta presentzia handitzeari buruzkoa eta Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistema finantzatzeari buruzkoa. Bestalde, akordioak lortu dira nazioarteko egungo egoera ekonomikoan Euskadiren zorpetze-mugak malgutzeko, baita araubide erkideko autonomia-erkidegoen zorraren zati bat Estatuak bere gain hartzeko prozesuko kupoa kalkulatzearen arloko neutraltasuna bermatzeko ere.

Euskadiko ordezkariak izan dira: Noël d’Anjou, Ogasun eta Finantzetako sailburua; María Ubarretxena, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua; Ramiro González, Arabako Diputatu Nagusia; Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Ahaldun Nagusia; Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia; eta Iñaki Alonso, Ogasuneko sailburuordea. Bestalde, Estatuko Administrazio Orokorraren ordezkariak izan dira: María Jesús Montero, Gobernuko lehen presidenteordea eta Ogasuneko ministroa; Jesús Gascón, Ogasuneko estatu-idazkaria; María José Gualda, Aurrekontu eta Gastuen estatu-idazkaria; Arcadi España, Lurralde Politikako estatu-idazkaria; Miryam Álvarez, Lurralde Koordinazioko idazkari nagusia; eta Inés Olóndriz de Moragas, Autonomia eta Toki Finantzaketako idazkari nagusia.

Foru Ogasunek nazioartean duten ikusgaitasuna eta presentzia handitzea

Gaur lortutako akordioak, beraz, Batzorde Mistoak, 2024ko azaroaren 13ko bileran, hartutako akordioak gehitu eta osatzen ditu, eta Foru Ogasunek nazioartean duten ikusgaitasuna eta parte-hartzea handitzen du, bai informazio-truke automatikoei dagokienez, bai aldebiko eta alde anitzeko baloraziorako aurretiazko akordioen nazioarteko tramitazioari dagokionez. Era berean, Foru Aldundiek Europar Batasuneko informazio fiskalaren gobernantzaren eta trukearen esparruan lotura-zerbitzu gisa jardun ahal izateko oinarriak ezartzen dira.

Akordio horien bidez, euskal zergadunen segurtasun juridikoa handitzen da, bermatzen baita foru-ogasunek nazioarteko prozeduretan parte hartzea, eta laguntzen baitu nazioarteko testuinguruan Espainiako Estatuan bost ogasun integral daudela argi eta garbi identifikatzen.

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistema finantzatzea

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren kudeaketaren ondoriozko betebeharrek izan duten garapena dela eta, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak erabaki du adostutako eta gutxieneko babes-mailen finantzaketa-eredua berrikusi eta osatzea, Ekonomia Itunaren ereduaren arabera.

Akordioak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistema kudeatzeagatik IMSERSOri ziurtatzen dioten guztizko gastuaren % 50 finantzatuko du urtero Estatuko Administrazioak. Dena dela, legealdi honetan, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko hurrengo Legea onartzen den unetik aurrera, finantzaketa berria arian-arian hedatzea aurreikusten da; nolanahi ere, bermatuko da 2027an Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuaren eskutik jasotzea sistemaren gastuaren % 50 hori.

Euskal Autonomia Erkidegoaren zorpetze-atalasea malgutzea

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak adostu du aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren arloko printzipio orokorrak eta jarduketa-prozedurak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2024/1263 (EB) Erregelamendura egokitzea —izatez, Erregelamendu hori ekonomia-politiken koordinazio eraginkorrari eta aurrekontu-ikuskapen aldeaniztunari buruzkoa da—.Horrela, Europar Batasuneko arau fiskalen esparrua berrikusteko eta egokitzeko egin berri den prozesuaren arabera eguneratu da Ekonomia Itunaren sistema. Europako gobernantza ekonomikoaren esparru berriaren printzipioak eta orientabideak aplikatzearekin, Euskal Autonomia Erkidegoaren zorpetze-atalasea malgutu da, eta % 15eraino gainditu ahal izango du Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan ekitaldi bakoitzerako adostutako finantza-jasangarritasuneko helburua. Akordioak, beraz, Ekonomia Ituna arautzen duen finantza-autonomiaren errespetua bermatzen du eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen inbertsio-ahalmena indartzen du.

Gainera, Ekonomia Itunean indarrean dagoen aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren berezko esparruari segurtasun juridiko handiagoa eta ziurtasun handiagoa emate aldera, beste arau iraunkor bat gehitu da. Arau horretan ezartzen da Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan hurrengo ekitaldietako defizitaren eta zor publikoaren helburuak finkatzeko beste erabaki bat hartzen ez bada, azken erabakian hartutako konpromisoak eta helburuak behin-behinean aplikatzen jarraituko dela, biltzen duen azken ekitaldirako.

Era berean, oro har ezarri da Foru Aldundiei aurrekontu-egonkortasuneko helburu propio eta bereiziak aitortuko zaizkiela beti, haien eskubide historikoen arabera dagozkien eskumenak kontuan izanik.

Araubide erkideko autonomia-erkidegoen zorra barkatzearen ondorioek kupoan duten neutraltasuna

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak hartutako konpromisoaren arabera, kupoa finkatzeko metodologia berritzeko hurrengo prozesuan, Estatuak araubide erkideko autonomia-erkidegoen zorraren zati bat bere gain hartzeari buruzko 2025eko otsailaren 26ko Erabakia, Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluarena, aplikatzeak ekar ditzakeen ondorioen finantza-neutraltasuna bermatzeko beharrezkoak diren egokitzapenak eta doikuntzak aplikatuko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek Estatuko Administrazioarekin egindako Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren bilera hau laugarrena da, joan den 2024ko azaroaren 13an egindakoaren ondoren. Guztira, askotariko gaien inguruko 34 akordio lortu dira, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen ekonomia, zerga eta finantzaren arloko autogobernua defendatu eta indartzearekin zerikusia duten hainbat arlotan. Horrek balioa ematen dio Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak, Euskadiren eta Estatuaren arteko harremanetarako eta akordiorako aldebiko organoa den aldetik, betetzen duen zereginari.