Euskararen Etxeak Europako Kontseiluaren 2025eko Museo Onenaren saria jaso du gaur

0

Euskararen Etxeak 2025eko Europako Museo Onenaren Saria jaso du Estrasburgoko Europako Kontseiluko Parlamentu Biltzarreko (PACE) Kultura Batzordeak antolatutako ekitaldian.

Bertan izan dira Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Iurdana Acasuso Euskararen Etxeko zuzendaria, eta Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatu Leixuri Arrizabalaga eta saria jaso dute batzordeko buru den Konstantinos Efstathiou-en eskutik.

1977 ezkero, Europako Kontseiluaren Museo Saria museo bati urtero ematen zaio era aipagarrian laguntzeagatik Europako kultur ondarea ulertzen, giza eskubideen eta demokraziaren errespetua sustatzen, kultur zubiak sortzen, muga sozial eta politikoak gainditzen, egungo problema sozialei buruz bisitariek duten ezagutza eta ulermena areagotzen eta herritartasun demokratikoaren ideiak esploratzen.

Ekitaldi honen ostean, Bizkaiko Ahaldun Nagusia gonbidatua izan da Europako kontseiluko Kultura, Zientzia eta Hezkuntza Batzorde honetan parte hartzeko. Bertako kideen aurrean egindako agerraldian Bizkaiko agintari gorenak euskararen aldeko diskurtsoa egin zuen Pozik gaude Europako Museorik onenaren saria jasotzeko, baina argi utzi nahi dugu euskara ez da museoko pieza bat. Euskara hizkuntza bizia da hiztunen eta euskal gizartearen inplikazioari eta konpromisoari esker. Horregatik sari hau euskal gizartearentzat errekonozimendua da, guztiontzako, lanean jarraitzeko bultzada ematen gaituena.

Bertan ere, eskerrak emateaz gain, Acasusok zentroaren zeregina laburbildu du belaunaldien arteko jarduerak dituen zentro txiki baina dinamikoa gara, lotura sozialak eta komunitate sendoagoa sortzen dituena eta gaineratu du Euskararen Etxean gure hizkuntza milaka urtekoa eta aldi berean gaztea dela islatu nahi izan dugu, inguru anitz batean bizitzen eta bizitzea egokitu zaion garai bakoitzera egokitzen jakin duelako. Gizarte gisa, euskararen ispiluan islatuta ikusten dugu geure burua.