Deialdiaren helburua da enplegua lortzeko edo mantentzeko zailtasunak dituzten langile landunen eta langabeen enplegagarritasuna eta gaitasun pertsonalak eta profesionalak indartzea
Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak 8,5 milioi euroko laguntza berriak onartu ditu gizarteratzeko eta berrikuntza soziolaboraleko proiektu bereziak garatzeko. Aurreko edizioetan bezala, aurtengo deialdiaren helburua da lanean edo langabezian dauden baina enplegua lortzeko edo mantentzeko zailtasunak dituzten langileen enplegagarritasuna eta gaitasun pertsonalak eta profesionalak bultzatzea eta indartzea.
Proiektu bereziak erakunde publiko edo pribatu batek edo batzuek bultzatzen dituztenak dira, eta prestakuntzako, orientazioko, enpleguko edo bestelako jarduketako esku hartze mota desberdinak koordinatzen dituzte. Zehazki, 5,95 milioi euro kolektibo zaurgarrientzako proiektu berezietarako erabiliko dira, eta beste 2,55 milioi euro berrikuntza eta esperimentazio-proiektuetarako.
Erakunde onuradunak foro aldundiak, udalak, tokiko edo eskualdeko garapen agentziak eta administrazio horien mendeko erakunde publikoak izan daitezke, baita irabazi asmorik gabeko prestakuntza erakunde pribatuak edo Hezkuntza eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailen mendekoak ere.
Eskabideak Lanbideren Lan-F prestakuntza aplikazio informatikoaren bidez aurkeztu beharko dira, eta erakundearen legezko ordezkariak elektronikoki sinatu beharko ditu. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aurkezpen ordenaren arabera aztertuko dira, eta hurrenkera horretan onartuko dira funtsak agortu arte.