Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Planak emisioak murrizteko eta energia aurrezteko itxaropenak gainditu ditu

0

Eusko Jaurlaritzak 2021-2024ko Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Planaren ebaluazioari buruzko azken txostena argitaratu du, eta argi geratu da aurrerapen handiak izan direla Berotegi Efektuko Gasen emisioen murrizketan eta erresilientzia klimatikoan, nahiz eta azpimarratu duen energia berriztagarrien  instalazio berrien ezarpena bizkortzeko beharra dagoela.

Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Planak helburu handinahiak ezarri zituen, berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko, energia berriztagarrien kuota handitzeko eta euskal lurraldeak klima aldaketari begira daukan erresilientzia hobetzeko. Txosten horren arabera, 2005. urtearekin alderatuta, BEG emisioak %33 murriztea lortu daeta, hala, %30eko helburua gainditu da. Hala ere, energia berriztagarrien kuota %17,1era baino ez da iritsi, eta %20ko helburutik behera geratu da.

Planaren helburuak betetzeko 88 jarduera baino gehiago egin dira, 15 ekimen enblematikotan bilduta. Jarduera horiek gauzatzean izandako aurrerapen maila %75ekoa izan da. Hidrogenoaren ekoizpen eta kontsumo ekosistema eta, bestetik, trantsizio energetikoa ekimenek aurrerapen motelagoa erakutsi dute: %43ko eta %50eko betetze mailarekin, hurrenez hurren. Aitzitik, etorkizun elektriko eta berriztagarri baten aurrean eguzki-energia fotovoltaikoari buruzko ekimena % 100era iritsi da.

Txostenak nabarmentzen du Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Planak 413,9 milioi euroko inbertsioamobilizatu duela guztira eta, beraz, hasieran kalkulatutako aurrekontua %135ean gainditu duela. Inbertsio horrek eragin positiboa izan du euskal ekonomian, BPGa urtean batez beste 160 milioi euro igotzea eta 2021-2024 aldian urtean 2.013 enplegu baino gehiago sortzea ekarri baitu.

Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Planaren jarduketen adibideak

  • Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren 1/2024 Legea onartzea.
  • Eguzki energia fotovoltaikoa. EKIOLA ekimena nabarmentzen da, Energiaren Euskal Erakundeak eta Kreanek sustatutako 12 energia komunitateren sorrera bultzatu duena. Gainera, berriztagarrien arloan, offshore energia eolikoaren berrikuntza bultzatu da, Bimep plataformaren bidez, Euskadiko itsas energien saiakuntza-zentroa dena.

Energia berriztagarrien arloan, Energiaren Euskal Erakundeak bere laguntza-programen bidez eman duen bultzada aipatu behar da; izan ere, energia elektrikoa ekoizteko 3.400 instalazio berri eta 1.300 termiko ezartzea sustatu da.

  • Hidrogenoaren euskal korridorea. Aurrerapen handiak lortu dira 10 MWko elektrolizagailu bat instalatuta eta sistema logistiko bat sortuta.
  • Mugikortasun jasangarria. MOVES III izeneko laguntza programa erabakigarria izan da Euskadin mugikortasunaren elektrifikazioa sustatzeko, ibilgailu elektrikoen erosketa eta karga puntuen instalazioa bultzatu baitu.
  • Energia eraginkortasuna eraikinetan. 600 jarduera baino gehiago egin dira, eta horien bidez 5.778 MWh-ko aurrezpen energetikoak lortu dira.
  • Ekonomia zirkularra. Berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko hainbat ekintza inplementatu dira, eta nabarmentzekoak dira Basque Ecodesign Centerren proiektuak, eta erakundeen eta produktuen karbono eta ingurumen aztarnak kalkulatzeko aukera ematen duen Climate & Circularity Calculator tresna.
  • Karbono hustubideak eta ingurune naturalean egokitzea. Klima aldaketara egokitzeko irizpideak txertatu diraNatura 2000 Sarearen Kudeaketa Planetan. Gainera, basotze eta birnaturalizazio jarduera ugari egin dira eremu degradatuetan, eta hori lagungarria izan da karbonoa atzemateko eta klima aldaketara egokitzeko.
  • Klima aldaketara egokitzea eta Naturan Oinarritutako Irtenbideak. Europako Egokitzapen Misioak erresilientzia klimatikoan eta Naturan Oinarritutako Irtenbideen inplementazioan «front runner» eskualde gisa aitortzen du Euskadi,  Bermeoko Tonpoiko, Bakioko Estepona ibaiko eta Punta Zorrotzako azpiegitura berde-urdinak nabarmenduz.
  • Kostaldeko lurraldearen erresilientzia. Kostaldeko lurraldearen erresilientzia hobetzeko proiektuak hasi dira, hala nola Kostegoki itsasoaren zaurgarritasunari eta itsas maila igotzeko arriskuari buruzko analisia egitea eta Euskadiko ibai tarteetan uholde arriskua kudeatzeko teknika naturalak ezartzea.
  • Administrazio publikoa eredu gisa. Aldez aurretik egindako energia-auditoretzen ondorioz, energia-eraginkortasuneko eta energia berriztagarrien aprobetxamenduko proiektuak ezarri dira Eusko Jaurlaritzaren eraikinetan.

Ebaluazioaren azken txostenak emisioen murrizketan eta erresilientzia klimatikoaren hobekuntzan izandako lorpen esanguratsuak azpimarratzen ditu. Hala ere, agerian utzi du energia berriztagarriak erabiltzeko joera azkartzeko eta klima aldaketara egokitzeko politikak indartzen jarraitzeko beharra dagoela. Sektore guztien eta herritarren inplikazioa erabakigarria izango da etorkizun jasangarriago eta erresiliente baterantz aurrera egiten jarraitzeko.

Ebaluazio horrek Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Planaren zikloa itxi, eta 2024ko otsailean onartutako Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren EAEko Legeak ezarritako plangintzak markatutako beste bat irekitzen du; hain zuzen, Epe Luzerako Ibilbide Orri bat eta 2030. urterako Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako lehen Estrategia egitean oinarrituko dena.