Bizkaiak mihi urdinaren 3 serotipoaren aurkako borondatezko txertaketa bultzatzen du, lurraldeko azienda babesteko

0

Bizkaiko Foru Aldundiak mihi urdinaren 3 serotipoaren aurkako borondatezko txertaketa-kanpaina abiarazi du, birusa heldu aurretik lurraldeko azienda babestuta egoteko. Mihi urdina gaixotasun biriko bat da, ez zaie pertsonei transmititzen, eta, batez ere, ardi eta behiei eragiten die.

Hori dela eta, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saileko Nekazaritza Zuzendaritzak informazio-gutun bat bidali die baserritarrei, abeltzaintzaren sektorea prebentzio-kanpaina honi atxikitzeko deia egiteko. 100.000 dosi ematea aurreikusi da: 55.000 inguru ardi-aziendarentzat, eta 40.000 baino gehiago behi-aziendarentzat. Txertaketa erabat doakoa izango da eta Aldundiak finantzatuko du. Guztira, Aldundiak 1.500.000 euroko inbertsioa egingo du animalien osasunaren arloan.

Mihi urdina nahitaez deklaratu beharreko gaixotasuna da; Culicoides generoko eltxoek transmititzen dute eta, gaur egun Estatuan 1, 3, 4 eta 8 serotipoetan dago. APA 229/2025 Agindua argitaratzearekin batera, penintsulako lurralde osoa «mihi urdinaren aurrean estatusik gabeko eremua» izatera igaro da, eta mugimendu-murrizketak kendu eta txertaketa borondatezko neurri gisa utzi dute.

Egoera berri horren aurrean, eta kontuan hartuta 3 serotipoa dela gaur egun problematikoena – behietan sintoma klinikoak eragiten ditu, eta ardien heriotza-tasa % 15 -, Bizkaiko Foru Aldundiak prebentziozko txertaketa hori bultzatzea erabaki du, sektorea babesteko funtsezko tresna gisa.

Txertaketa ustiategi bakoitzeko albaitariak egin dezake, edo bestela, urteko saneamendu-kanpainaren barruan. Bizkaiko Foru Aldundiak dosien eta txertaketaren kostu guztiak (% 100) hartzen ditu bere gain, eta, horrela, lurraldeko animalia-osasuna eta lehen sektorearen segurtasunarekin duen konpromisoa sendotzen du.