Aita Donostia plazako bide guztiak ireki dira

0
binary comment

Zirkulazio-ibilbide guztiak gaur aktibatu dira

Aita Donostia plaza berrurbanizatzeko eta inguruko bideak berrantolatzeko jarduketa amaitu egin da eta gaur bide guztiak ireki dira, ibilgailuen, oinezkoen eta txirrindularien zirkulazio-ibilbide guztiak ahalbidetuz.

Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak adierazi duenez, “lanak egin diren bitarteko hilabeteak zailak izan diren arren, jarduera honekin Amara auzoak oinezkoentzako plaza handi bat berreskuratu du, trafikoari irabazia, oinezkoei, mugikortasun aktiboari eta garraio publikoari lehentasuna emanez. Hemendik aurrera, ibilgailuentzako bakarrik zen eremu bat gozamenerako ingurune bihurtu da, segurtasun handiagorekin, kutsadura txikiagoarekin eta espazio publikoaren erabilera arrazionalagoarekin”.

Horrela, gaurtik aurrera, Ospitaletatik edo Zorroaga pasealekutik Errondo pasealekura doazen ibilgailuek Aita Donostia plazatik egin ahal izango dute ibilbidea, Toribio Alzagako biribilgunetik, Irun plazara iritsi beharrik gabe. Madril hiribiderantz doazen ibilgailuek Aita Donostiatik egin ahal dute ibilbidea, duela aste batzuetatik egiten duten moduan.

Era berean, oinezkoek plaza zeharkatu ahal izango dute Anoetara edo Madril hiribidera doazen edozein oinezkoen pasabidebide berrietatik. Plazako bide horiek, gainera, estadioan ekitaldiak dauden egunetan segurtasun handiagoa izateko zabalerarekin diseinatu dira.

Horretaz gain, inguruko bidegorri zatiak erabat lotuta geratu dira, Aita Donostia Zorroaga pasealekuaren, Errondo pasealekuaren eta Madril hiribidearen arteko nodo garrantzitsu batean bilakatuz.

Donostiako Udalaren eskariaz ETSk egindako jarduketa hori Anoetan Topoaren atari berria eraikitzearekin lotuta dago, pasabide berria martxan jartzerakoean gehiago erabiliko dela aurreikusita. Hala, antzinako biribilguneak oinezkoentzako plaza handi batean bilakatu da. Gainera, egiten ari diren atari berriaren sorrerak estadioaren aurrealdea berrurbanizatzea ekarriko du, eta garrantzi intermodal handia izango du gune horrek.

Plazaren inguruko hesiak gaur eta bihar bitartean kenduko dira behin betiko, eta datozen asteetan amaituko dira plazako landaredia eta beste elementu batzuk jartzeko lanak.