Merkataritza Euskadiko herri txikietan: egoeraren erradiografia eta sustatzeko proposamenak

0
  • Eusko Ikaskuntzak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarekin lankidetzan, 2023ko abenduan egindako azterlan integrala

  • Ikerketak 2.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietako tokiko merkataritzaren egoera aztertu du eta eredu erresilientea, berritzailea eta euskal landa-ingurunera egokitutakoa proposatzen du etorkizunerako.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Eusko Ikaskuntzaren bitartez, “herri txikietako merkataritzari buruzko azterketa” egin du. Horren helburua da Euskadiko herri txikietako (2.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietako) merkataritza-egoera sakonago ezagutzea, hura hobetzen lagunduko duten politika espezifikoak diseinatzeko.

Azterketa hiru fasetan banatu da: herri horietako merkataritza-jardueraren azterketa kuantitatiboa, jarduera handiena dutenak eta egoera hobetzeko bultzada behar dutenak identifikatuta; azterketa kualitatiboa, tokiko merkatariei egindako galdeketaren bidez, erronka nagusiak identifikatzeko eta herrietako merkataritzaren egoera hobetzeko har daitezkeen neurriak identifikatzeko; eta, azkenik, proposamen-txosten bat, tokiko denda horien jarraipena ziurtatzeko ekintza-plan bat eskaintzeko, merkataritza-sektorea eraldatzen ari den garai honetan.

Diagnostiko kuantitatiboa: tokiko landa-merkataritzaren erradiografia

Euskal Autonomia Erkidegoan, herri txikiak diren udalerrien kopurua nabarmena da. Hiru lurralde historikoetako 251 udalerrietatik 144 (guztien % 57,37) herri txikiak dira. Udalerri horietan EAEko biztanleriaren % 5,08 soilik bizi bada ere (111.073 pertsona), nukleo horiek funtsezko zeregina dute lurraldearen garapen sozioekonomikoan.

Hala, herri horietako tokiko merkataritza oinarrizko zerbitzua izateaz gain, funtsezkoa da tokiko ekonomian, udalerriari enplegua eta ezinbesteko zerbitzuak ematen baitizkio. Horrez gain, gizarte-kohesioa sustatzen du, tokiko saltoki horiek herrien topagune eta sozializaziorako gune izan ohi baitira.

2008 eta 2022 urteen artean, behera egin du herri horietako denda kopuruak, 706tik 546ra pasa dira; horrek adierazten du tokiko merkataritzak badituela zailtasunak, kontsumo-ohiturak aldatzen joan baitira. Kopuru hori jaitsi arren, udalerrian gutxienez denda bat dute gehienek, eta merkataritza-dentsitatea, batez beste, 0,6koa da.

Denden tipologiari dagokionez, % 46,7 elikagai-sektorekoak dira, eta % 35,1 hornitze pertsonalerako eta etxeko hornikuntzarako establezimenduak. Farmaziak eta elikagai-dendak dira azpimarratzekoak, estrategikoak izan eta duten merkataritza-funtzioaz gain, gizarte-zereginak betetzen dituztelako: lagundu, etxez etxe banatu eta laguntza informala eskaintzen dutelako, bereziki adineko pertsonei.

Merkataritza finkoaz gain, beste formula osagarri batzuk ere identifikatu dira, hala nola, kaleko merkataritza (funtsezkoa da gune sakabanatuetan) eta denda-ostatuko eredu hibridoak (txikizkako salmenta eskaini eta jarduera komunitarioak dituztenak), tokiko udalekin elkarlanean.

Diagnostiko kualitatiboa: lurraldeko ahotsak eta datozen erronkak

Azterketaren bigarren fasea kualitatiboa izan da, eta merkatarien esperientziak, pertzepzioak eta proposamenak jaso ditu.

Nabarmendutako alderdi bat digitalizazioa da. Errealitate bikoitza du digitalizazioak: batetik, oinarrizko produktuak hornitzen dituzten dendak daude, eta, bestetik, kalitate handiko produktu bereiziak eskaintzen dituztenak.

Hala, oinarrizko produktuak eskaintzen dituzten saltokiek (janari-dendak, supermerkatu txikiak…) digitalizazio-estrategia gutxi erabiltzen dituzte, tokiko bezeroen egonkortasunari eta produktu motari esker.

Aldiz, kalitate handiko produktu bereiziak eskaintzen dituzten dendak (harategia, artisau-okindegiak, tokiko gourmet produktuetan espezializatutako dendak) estrategia digitalak sustatzen ari dira, hala nola promozioak edo salmentak online egitea, beren produktuak kontsumitzaileei zuzenean saltzeko.

Egiturazko beste erronka bat kontsumo-ohiturak aldatzea da: egungo kontsumitzaileak lehentasuna ematen die komenigarritasunari, prezioari eta aniztasunari, eta faktore horiek mesede egiten diete saltoki handiei eta merkataritza elektronikoari, tokiko merkataritzaren kaltetan.

Gero eta kezka handiagoa eragiten du, halaber, belaunaldien arteko errelebo ezari eta gazteak negozio-mota horietara erakartzeko zailtasunei dagokienez.

Hala ere, azterketa kualitatiboak alderdi positiboak ere nabarmentzen ditu. Jendarteak nabarmen balioesten du landa-merkataritza, gertukoa delako, tratua hobea delako eta elkargune ere badelako; merkatariek komunitatearekin konpromiso sendoa dutela erakusten du. Aztertutako hainbat esperientzia arrakastatsuren artean, zero kilometroko produktuen eta bidezko merkataritzaren alde egiten duten kontsumitzaile taldeek autogestionatutako ekonomatuak daude.

Etorkizunerako proposamenak: landa-merkataritza berrasmatzea

Azterketaren hirugarren zatiak estrategia espezifiko bat azaltzen du, proposamen zehatzen bidez, merkataritza horren etorkizuna ziurtatzeko. Proposamen horiek hiru ardatz estrategikotan egituratzen dira: sare kolektiboa berreraikitzea, landa-ingurunera egokitutako berrikuntza eta belaunaldien arteko erreleboa sustatzea.

Testuinguruan kokatutako digitalizazioa nabarmentzen du, ez helburu gisa, tresna baliagarri gisa baizik. Eskualdeko marketplaceak, mentoretza-sareak, tailer ibiltariak eta WhatsApp edo sare sozialak bezalako kanal irisgarriak kudeaketa komertzialerako erabiltzea proposatzen da, betiere tokiko erritmora egokituta.

Merkataritza-guneen multifuntzionaltasuna ere bultzatzen da, salmenta eta gizarte-, kultura- edo turismo-zerbitzuak uztartuta (tabernak, farmaziak, informazio-guneak edo gizarte-zentroak), hala, haien balio ekonomikoa eta komunitarioa handitzeko.

Funtsezko aliatu gisa proposatzen da turismoa: ibilbide tematikoek, pasaporte turistikoek, saski esperientzialek eta tokiko azokek, merkatarientzat hizkuntza- eta storytelling-prestakuntzarekin batera, merkataritza dinamizatzea eta bisitariekin konektatzea dute helburu.

Belaunaldien arteko erreleboari dagokionez, proposamenak dira prestakuntza dualeko programak, belaunaldien arteko ezagutza-bankuak, negozioei lotutako etxebizitza sozialerako sarbidea erraztea, probaldiak, unibertsitateekiko lotura eta gazteen talentua erakartzeko “landa-hiri” inbertsio-azokak.

Hortaz, txostenak nabarmentzen duenez, Euskadiko herri txikietako merkataritzak, egiturazko erronkak gorabehera (despopulazioa, biztanleriaren zahartzea, errelebo falta, digitalizazioa…), eraldaketari ekin diezaioke, tresna egokiak eta erakundeen babesa izanik. Digitalizazioa funtsezko elementua da, eta gehitu egin behar da eragileen arteko lankidetzari eta belaunaldien arteko erreleboaren ikuspegi berritzaileari. Funtzio ekonomikoaz harago, merkataritza hori gizarte-kohesioaren, lurralde-nortasunaren eta jasangarritasunaren oinarria da. Merkataritza eredu gizatiar, egokitu eta erresilientearen alde egitea, azken batean, euskal landa-eremuaren bizitzaren eta etorkizunaren alde egitea da.

https://www.euskadi.eus/merkataritza-behatokiaren-azterlan-propioak/web01-a2behmer/eu/