Palestinak ba al du eskubiderik Israelen aurka indar armatua erabiltzeko?

0

ARITZ OBREGÓN

Hamasek urriaren 7ko erasoak egin zituenetik, nazioarteko komunitatea osatzen duten estatu askok Israelen defentsa legitimorako eskubide zalantzagarriari eutsi diote. Ordutik, erakunde palestinarrak bahitutako pertsonen askapenean eta Israelgo Estatua gauzatzen ari den errepresalia bidegabeetan jarri dute arreta komunikabideek, gatazkaren goraldi berri honen berri ematean.

Zentzu horretan, Hamasen eraso krudelen eta mendebaldeko estatuek horiek ekintza terrorista gisa kalifikatu izanaren (Nazio Batuen Batzar Nagusiak ez bezala) ondorioz, ez da mahai gainean jarri ere egin palestinar herriak indarra erabiltzearen legitimitatea.

Irakurleentzat harrigarria gerta badaiteke ere, menderatze kolonialak edo atzerritarrak azpiratutako herriei ‘erresistentzia’ egiteko legitimitatea aitortzen diete estatuek, baldin eta autodeterminazio eskubidea urratzen duten indarrezko neurriak ezartzen badizkiete. Hain zuzen ere, dokumentu garrantzitsuetan jasota dago eskumen hori. Adibidez, nazioarteko zuzenbide garaikidearen egiturazko printzipioak jasotzen dituen Batzar Nagusiaren Ebazpeneanagresioaren definizioa jasotzen duen ebazpenean, edota 1977ko Genevako Konbentzioen I. Protokolo Gehigarrian; Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa osatzen duten arauetako bat da azken hori, eta nazioarteko komunitateko 170 estatuk baino gehiagok onetsi dute.

Hala, Batzar Nagusiak hainbat kasutan onartu du eskumen hori modu orokorrean (196519661970 edo 1973) eta, horrez gain, berretsi egin du kasu zehatzetan. Adibidez, 1968an, Hegoafrikak Namibia okupatu zuenean, Nazio Batuen organo horrek defendatu zuen zilegi zela namibiarrek okupaziotik askatzeko ‘borroka’ egitea. Handik urte batzuetara, 1971n, adibide gisa balio digun beste kasu bat gertatu zen: Portugalek Angola, Mozambike eta Ginea Bissau okupatu zituenean, Batzarrak berriro ere onartu zuen legitimoa zela mendeko herrien askapen nazionaleko borroka, Portugalen kolonizazioari aurre egiteko.

Irakurleak harritu egin litezke, eta esan lezakete, egiaz, eskumen hori lotuta dagoela deskolonizazioarekin; eta deskolonizazio prozesua ia amaituta dagoenez, ikusmolde hori gaindituta dagoela eta ez duela lekurik mende honetan. Dena den, ez dugu ahaztu behar oraindik ere badirela deskolonizatu gabeko lurraldeak. Eta, gainera, ezin da baztertu etorkizunean atzerriko okupazio posibleak gerta litezkeenik ere. Hori dela eta, nazioarteko komunitatea osatzen duten 190 estatu baino gehiagoren artetik, Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduko 120 estatuek eskumen horren garrantzia eta indarraldia aldarrikatzen jarraitzen dute. Horren erakusle, Fronte Polisarioak Marokoren aurkako ekintza militarrei ekin die berriz ere, oinarri juridiko berberean oinarrituta.

Palestinaren autodeterminazio eskubidea

Hala, eragile mota orok aitortzen duen moduan (horien artean, Batzar Nagusiak eta Nazioarteko Justizia Auzitegiak), palestinar herriak autodeterminazio eskubidea du, eta Israelek, haien lurraldearen zati handi bat okupatzen duenez, eskubide hori egikaritzea galarazten du.

Okupazio hori eraso ekintza bat da, Errusiak Ukrainari egindako erasoaren antzekoa. Gainera, juridikoki larriagoa dela ere esan liteke, hamarkadatan zehar modu jarraituan egindako erasoa delako. Zirkunstantzia horiek kontuan hartuta, palestinar herriak eskubidea du ekintza mota oro gauzatzeko, indar armatua barne, autodeterminazio eskubidea egikaritzea galarazten dion okupazioarekin amaitzeko.

Zer dakar okupazioaren aurka borroka egitearen legitimitateak?

Okupazio kolonialaren edo atzerritarraren aurkako ‘erresistentziak’ edo ‘borrokak’ askotariko ekintzak har ditzakete barne, hala nola ‘borroka armatua’. Zentzu horretan, aintzat hartu behar da estatuen defentsa legitimorako eskubide mugatuaz harago joan daitezkeela ekintza horiek. Eskubidea mugatua dela esaten da, estatu bat edo estatuz gaindiko eragile bat (estatu batek modu eraginkorrean kontrolatua) une honetan egiten ari den edo berehala gauzatuko duen eraso armatu bat gelditzeko beharrezkoa, aldi baterakoa eta proportzionala izan behar duelako aipatutako erreakzio militarrak.

Nolanahi ere, autodeterminazio eskubidea galarazten dieten egoerei aurre egiteko herriek “eskura dituzten baliabide guztiak” erabili ahal izateak ez du esan nahi ekintza horrek mugarik ez duenik. Israel Gazan egiten ari den legez kanpoko erasoei buruz behin baino gehiagotan esan den moduan, ekintza militar orok errespetatu behar du Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa. Gatazka armatuak gertatzen direnean aplikatu beharreko arauak jasotzen ditu zuzenbide horrek, estatuek adostutakoak. Horrek esan nahi du Palestinaren ekintza armatu batek barne har litzakeela helburu militarren aurkako eraso legitimoak, adibidez, unitate edo base militarren aurkakoak. Dena den, inola ere ezin da egin zibilen aurkako erasorik; ezin dira pertsonak bahitu eta ezin da terrore ekintzarik egin.