Nazioarteko ibilbideak indartzea gradu eta graduondokoetan, eta Welcome Center sortzea: UPV/EHUren ekintza berriak nazioarteko arloan

0

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak 2023-2026 aldiko Nazioartekotze Plana onartu du, datozen urteotan esparru horretako jarduna bideratze aldera. UPV/EHUren jarduera osoa gidatzen duten zeharkako lau ardatz nagusietako bat da nazioartekotzea, Plan Estrategikoaren arabera. Gaur onartu den planarekin, euskal unibertsitate publikoak arlo horretako jarduna areagotzea lortu nahi du, eta nazioartean jada erdietsia duen proiekzioa indartu; izan ere, hamarkada bat baino gehiago baitarama munduko 500 unibertsitate onenetako bat izaten, Shanghaiko rankingaren arabera.

Gaur onartutako planaren aurrekaria 2019-2022 aldiko Prestakuntza Nazioartekotzeko Plana zen. Aurrera egin da, nabarmen, plan batetik bestera: aurreko planaren (2019-2022) ardatz nagusia prestakuntzaren arloa zen, eta Plan berrian (2023-2026) beste urrats bat egiten da aurrera nazioartekotzea modu integralean lortze aldera; horretarako, jardueraren arlo guztietarako zehaztu dira ekintzak, betiere 2030 EHUagenda etorkizuneko ereduan eta Garapen Jasangarrirako Helburuetan oinarrituta.

Nazioartekotze integraleko proiektuaren barruan, bost arlotan ezarri dira ekintzak: Prestakuntza; Ikerketa, Transferentzia eta Lankidetza; Pertsonak; Antolakuntza; eta Posizionamendu Instituzionala. Arlo bakoitzean, jardun lerroak, ekintza zehatzak eta adierazleak aurreikusi dira, ekintza bakoitza ebaluatu ahal izateko.

Nazioartekotze Plan berriaren helburu zehatz garrantzitsuenak dira, besteak beste, graduko titulazioetan nazioartekotze ibilbideak sustatzea eta nazioartekotzearen kalitate zigilua duten unibertsitate masterrak bultzatzea. Bi kasuetan, prestakuntzaren zati bat ingelesez egin behar izatea dakar nazioartekotzeak, baita atzerriko unibertsitateren batean egonaldia egitea ere. UPV/EHUk planaren bitartez lortu nahi du bere fakultate eta ikastegi bakoitzean nazioarteko ibilbidea duen gradu bat eta nazioartekotzearen kalitate zigilua duen master bat, gutxienez, izatea, nahiz eta dagoeneko ikastegi askok betetzen duten eskakizun hori.

Planaren beste alderdi garrantzitsu bat Nazioarteko Talentua Erakartzeko eta Zaintzeko Welcome Center sortzea da. Zerbitzu berri horren helburua atzerritik datozen irakasle-ikertzaileei eta ikasleei laguntza ematea da. Kontua ez da soilik euskal unibertsitate publikora irakastera, ikertzera eta ikastera datozenei gizarteratzen laguntzea, baizik eta baita mugikortasun eredu hori indartzea ere, atzerriko gero eta akademiko eta ikasle gehiagorentzat izan dadin UPV/EHU beren garapen pertsonal eta profesionalerako aukera erakargarria.

Eva Ferreira UPV/EHUko errektorearen esanetan, “Nazioartekotze Plan honek aukera berriak zabaltzen ditu, baina, batez ere, helburu bat finkatzen du: gure unibertsitatea postu nabarmenean kokatzea nazioartean. Nazioarteko ibilbide gehiago izan nahi ditugu, master bateratuak lortu ENLIGHT unibertsitateen Europako aliantzan eta Latinoamerikako Graduondoko Sarean, mugikortasun programak biderkatu, praktikak beste herrialde batzuetan ere egiteko aukera izan, eta profil hirueleduna duten plaza gehiago izan nahi ditugu, bai irakasle-ikertzaileei dagokienez, bai gestioko teknikariei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei dagokienez. Nazioartekotzea gure lanaren funtsezko ardatzetako bat da, eta, plan honi esker, gure euskal nortasunaren sustraiak ezagutza globalera irekitzearekin uztartzeko aukera izango dugu”.