Bildarratz sailburuaren eta Alegria ministroaren arteko bitariko bilera

0

Hezkuntza Ministerioaren Madrilgo egoitzan izan da Pilar Alegria Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroaren eta Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren arteko bilera. Hezkuntza-arloko hainbat gai jorratu diren bileran parte-hartzaile izan dira, halaber, José Manuel Bar Hezkuntzako estatu-idazkaria, Clara Sanz Lanbide Heziketako idazkari nagusia, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea eta Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordea.

Hezkuntza Lege berria

Joan den abenduaren 21ean Legebiltzarrean onartutako Euskadiko Hezkuntza Lege berriak hartu du topaketaren zatirik handiena. Sailburuak ministroari eta bere taldeari helarazi dizkie 30 urte geroago euskal hezkuntza-sistema eguneratu eta indartzen duen Legearen ezaugarri nagusiak.

Bikaintasuna bilatzen duen hezkuntza-sistema bat bultzatzeren beharra nabarmendu du Jokin Bildarratzek, ekitatiboagoa izango den eta ikasle ahulek aukera berberak izatea lortuko duen sistema bat. Sare publikoa, hezkuntza-eraldaketa eta euskara ardatz nagusi dituela, testu berriak helburu horiek lortzeko aurreikusten dituen ekintza espezifikoak azpimarratu ditu sailburuak. Horien artean, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eskaintzeko apustua nabarmendu du, funts publikoekin finantzatutako ikastetxe guztien eskutik.

Bildarratzek zein bere taldeak arau berriaren alderdirik berritzaileenak nabarmendu dituzte, hala nola ikastetxeen autonomia zabalagoa, zuzendaritza-taldeen profesionalizazioa, udalen parte-hartze handiagoa, derrigorrezko etapa amaitzean hizkuntza-helburuak identifikatzea edo hezkuntza-sistemari lotutako elementu guztien etengabeko ebaluazioa – emaitza akademikoetatik hasi eta ikastetxeen antolaketaraino, irakasleen prestakuntza barne-.

Mugikorrak eta USE

Hezkuntza Legeaz harago, telefono mugikorren ikastetxeetako erabilera ere aztertu da bileran. Bi taldeek gaiaren inguruko hausnarketa partekatu dute, eta bat etorri dira ikuspegi hezitzailetik aztertzearen garrantzia azpimarratzerakoan. Ildo horretan, sailburuak ministroari jakinarazi dio Euskadi denbora luzez ari dela gai horren inguruan hezkuntza-komunitatearekin lanean, eta laster jakinaraziko dituela horri buruzko proposamenak. Nolanahi ere, eta Hezkuntza Legearen espirituarekin koherentzian, Eusko Jaurlaritzak ikastetxeak orientatzen jarraituko du eremu estrategikoetan, betiere ikastetxeen autonomia pedagogikoa errespetatuz, baita gai honetan ere.

USE unibertsitaterako sarbide probei eta 2024-2025 ikasturterako horien diseinuari dagokienez, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du sartu nahi den edozein aldaketak aldez aurreko eztabaida, bi gobernuen arteko hausnarketa lasaia eta Euskadik hezkuntzaren arloan duen autonomia errespetatzeko eskakizuna izan beharko dituela. Hezkuntza sailburuak egungo sistemaren bilakaera nabarmendu du, bai eta unibertsitate-etapara sartzean euskal ikasleek erakusten duten prestakuntza ona ere.

Lanbide Heziketa

Euskadin Lanbide Heziketako sistema berria ezartzeak bultzada berria emango dio euskal ikasleen trebakuntzari. Lanbide Heziketako Euskal Legea lehenik eta ondoren Estatuko Legea onartuta, Lanbide Heziketako sistema berriak prestakuntza malguagoa ahalbidetuko du, produkzio-eremuari erantzuna emango diona eta prestakuntza-beharrei hobeto erantzungo diena – bai hezkuntza-sistemari dagokionez, bai lanean edo langabezian dauden pertsonei dagokienez –. Hori guztia, etapa bakoitzean prestakuntza duala sustatuz. Sailburuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak araudi berrian jasotako hobekuntza guztiak ezartzeko konpromisoa duela, arreta berezia jarriz enpresekiko berrikuntzan, ekintzailetzaren bidez enpresak sortzean. Era berean, Euskadik Lanbide Heziketako ikastetxe adimendun berriak bultzatuko ditu. Kontzeptu berri horrek antolaketa eta funtzionamendu-egitura aldatzen ditu, eta eraldaketa digitala bultzatzen du espazio berriak sortuta.

Bilera amaitzean, Hezkuntza sailburuak zein Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak oso positibotzat jo dute gaurko topaketa, eta konpromisoa hartu dute elkarrizketari eusten jarraitzeko, etorkizunean hartuko diren erabakien mesedetan.