Ibilkom ibilgailuak konpontzetik mugikortasun urriko pertsonentzat egokitzera igaro da

0

Ibilkom duela 40 urte baino gehiago jaio zen Hernanin (Gipuzkoa) Autotalleres Santa Barbara izenarekin, ibilgailuak konpontzen eta salerosten zituen familia enpresa. Merkatuan zegoen hutsune baten ondorioz, ordea, enpresa ibilgailuak konpontzetik horiek egokitzera pasa zen, eta, horrela, gaur egun Ibilkom izenez ezagutzen den konpainia bihurtu zen. Orain, Astigarragatik, “edozein ibilgailu erabiltzailearen beharretara egokitzen du”, esan du Ibilkomeko David Sampronek. 

Gehien nabarmentzen den negozio-arloetako bat mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuen egokitzapena da. “Gaur egun merkatuan dagoen edozein elementu instalatzen dugu pertsona horien mugikortasuna errazteko, bai gidatzeko bai eta garraiatzeko garaian”, azaldu du Sampronek. “Adibidez, gidatzeari dagokionez, azeleragailuak eta balaztak jartzen ditugu bolantearen eremuan, beheko gorputz-adarretan funtzionaltasun osoa edo partziala ez duten gidariek gidatu ahal izan dezaten; edo, goiko gorputz-adarren batean funtzionaltasunik ez duten, edo malformaziorik eta abar duten pertsonentzat, bolanteari eustea errazten duten heldulekuak eta aginteak jartzen ditugu, baita funtzio anitzeko sateliteak ere aginte laguntzaile nagusien kudeaketa ahalbidetzeko, hala nola, argiak edo norabide-adierazleak”, zehazten du. 

Gidatzeko konponbideekin batera, garraiorako irtenbideak ere ematen ditu enpresak. “Urte guzti hauetako esperientziak erabiltzaileari hobekien egokituko zaion irtenbidea txertatzeko gaitasuna eman digu. Horrela, ibilgailura sartzeko ateak automatizatzen ditugu, arrapalak eta plataforma elektrikoak instalatzen ditugu, erabiltzaileei sarbidea errazteko eserlekuak ibilgailutik kanpo geratzeko moduan egokitzen ditugu, eta beste aldaketa asko egiten ditugu”, nabarmendu du Sampronek. 

Baina hori ez da Ibilkomek bere baitan hartzen duen eremu bakarra, aisialdirako ibilgailuak ere kanperizatzen baititu. “Familia, pertsona edo bikote bakoitzak akabera eta erosotasun desberdinak bilatzen ditu mota horretako ibilgailu batean. Gu arduratzen gara hobekien egokitzen diren konponbideak aholkatu eta proposatzeaz, hala nola, sabai goragarriak, barne-altzariak, instalazio elektrikoa eta ur-instalazioa, oheak, berogailua, etab. “, azpimarratu du. 

Era berean, bere azken apustuetako bat tailerreko ibilgailuen diseinua da. “Sektore eta enpresa batzuetan merkataritza-ibilgailua lantoki bihurtzen da. Beste edozein lan-ingurunetan bezala, honetan ere garbitasunak, ordenak eta diseinu eraginkorrak produktibitatea handitzen dute eta beharrezkoak ez diren arriskuak murrizten dituzte”, azpimarratu du Sampronek. Beraz, Ibilkomek furgoneta tamaina desberdinetara egokitutako altzari modularrak instalatzen ditu, handienetatik txikienetara. “Aluminio tolestuarekin egindako moduluak dira, material arina eta erresistentea, eta espazioa arriskurik gabe txukun mantentzeko aukera ematen dute. Apustu honekin emaitza positiboak lortzea eta betiko hurbiltasuna eta kalitatea eskaintzen jarraitzea espero dugu, gure bezero bakoitzaren beharretara egokituz “, amaitu du. 

Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu. kin, enpresa-dinamismoari eusteko