Erronka bioteknologikoa – Mikroorganismoak detektatzeko eta kuantifikatzeko gailu azkarren garapena azkartzea – DIRAMIL proiektua

0

Estatu mailan, kontsumorako esnearen berme higieniko-sanitarioa legez definituta dago, baina eratorriak egiteko lehengai gisa erabiltzen den esnea aztertzeko parametro mikrobiologikoak ez daude inongo arauditan definituta, eta operadore bakoitzaren esku dago aztertu beharreko mikroorganismoak eta kontrolaren maiztasuna ezartzea.

Gaur egun, esnearen eraldaketan lan egiten duten Euskadiko 145 enpresek kontrol-laborategi espezializatuetara bidaltzen dituzte esnearen laginak. Horietan, analisirako metodo tradizionalak erabiltzen dituzte, eta hainbat egun behar izaten dira emaitza jakiteko. Horrek galarazi egiten du operadoreek neurri zuzentzaileak hartu ahal izatea, beharrezkoa den kasuetan. Dena den, teknologiaren eta digitalizazioaren aroan, diziplina anitzetako aurrerapenak egiten ari dira detekziorako gailu txiki eta azkarrak garatzeko. Horiek azkartasun metodologikoa eta beharrezko emaitzak bermatu liezazkiokete esnearen sektoreari.

Aurrekari horiekin, DIRAMIL Erosketa Publiko Berritzaileko ekintzak esne gordinean Listeria monocytogenes eta Salmonella spp hautemateko eta S. aureus koagulasa positiboa zenbatzeko gailu azkarren garapena azeleratu nahi du. Gailu horiek ustiategian bertan modu errazean erabili ahal izatea da helburua, berehalako eta in situ emaitza eman ahal izateko. Esnearen ustiategietan denbora errealeko kontrola egitea ahalbidetuko luke horrek, eta berehala hartu ahal izango lirateke neurri zuzentzaileak. Hala, kalitate mikrobiologiko arriskutsuko esnea ekoizpen-lerroan sartzea saihestuko litzateke.

Honako hauek dira aurre egin beharreko erronka tekniko nagusiak:

  • Fidagarritasuna: gailuen emaitzen egiazkotasuna eta sentsibilitatea frogatzea, mikroorganismo bideragarriei dagokienez, ingurune errealetan egindako baliozkotze-eragiketa sendoen bidez.
  • Eramangarritasuna: gailuen eramangarritasuna frogatzea.
  • Aplikagarritasuna: fabrikatutako gailuak amaierako erabiltzaileentzat baliozkoak izango direla bermatzea.
  • Kontserbagarritasuna: gailuak berrerabilgarriak direla eta bizitza erabilgarri luzea dutela frogatzea, prebentziorako edo zuzentzeko mantentze-lanak barne, bitartekoekin eta erantzuna emateko zentzuzko gutxieneko denborarekin.
  • Eskuragarritasuna: amaierako gailuen kostu teknologikoen (kapitala eta operatiboak) estimazioaren gaineko konfiantza handitzea.

DIRAMIL proiektuak esne-ustiategietan eta/edo gaztandegietan martxan izan nahi ditu analisirako gailuen prototipoak, denbora tarte adierazgarri batez (6 hilabete inguru), merkaturatu aurretik, aurrez adierazitako ezaugarriak frogatzeko.

DIRAMIL proiektuak 5 etapa izatea espero da, 4 urtetan zehar. Gaur egun, honela identifikatzen dira:

  • 1. etapa: Proposatutako aplikazioen kontzeptu-probak.
  • 2. etapa: Diseinua fintzea, laborategiko probak eta baliozkotzea.
  • 3. etapa: Diseinu zehatza, fabrikazioa eta aplikazio-ingurunean baliozkotzea.
  • 4. etapa: Sistema prototipoak eskuratzea.
  • 5. etapa: Frogatzeko sistemak eskuratzea.

Hizkuntza: Gaztelania, Euskara.
MAKera proposamenak aurkezteko epea: MAK argitalpenetik 60 egun
Hasierako TRL eta amaieran esperotakoa: Enpresek proposamen berritzaileak aurkez ditzakete TRL-3tik abiatuta; HAZIk TRL-7ra iristea espero du.

DIRAMIL erronkari buruzko kontsulta teknikoen arreta diramil@hazi.eus postontzian.