BasqueFIK sortu da, Euskadiko Finantza eta Inbertsio Kluster berria

0

Euskadiko finantza eta inbertsio Kluster berria, BasqueFIK, irabazi-asmorik gabeko elkarte gisa sortu da, euskal ekonomiaren finantza-ekosistema eta inbertsio-ekosistema eraldatzeko, enpresa- eta industria-sarearen lehiakortasun iraunkorrari laguntzeko, eta lurralde-ongizatea eta -garapena handituko dituen ekonomia sozialagoa eta iraunkorragoa sortzeko.

Iñigo Urkullu lehendakariak ongietorria eman dio Lehendakaritzan kluster berriaren talde sustatzaileari, eta erakundearen eraketaren buru izan da. Klusterrak estatutu propioak izango ditu, gobernantza definitu bat, eta laster Industria Koiunturaren Behatokian parte hartuko du, Euskadiko gainerako klusterrekin batera.

Lehendakariarekin batera, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburua eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua izan dira, eta BasqueFIKen talde sustatzailearekin bildu dira.

Urkulluk azpimarratu du BasqueFIK izaera estrategikoko ekimena dela, ibilbide onari erantzuten diona; izan ere, historikoki, Euskadik ekosistema finantzario sendoa izan du, eta erreferentzia izan da historia berrieneko etapa askotan. “Gure ibilbideak ekosistema finantzario eta inbertitzaile dinamiko gisa bermatzen gaitu. Une historiko bakoitzak erronka, behar eta aukera berriak planteatzen dizkigu, denboran eta baliabideetan apustu irmoa eskatzen dutenak “, esan du.

BasqueFIKen talde sustatzailea

BasqueFIKeko buru izango da Jon Ander de las Fuentes (Artizarra Fundazioa) eta lehendakariorde izango da Fernando Del Hoyo (Kutxabank). Talde sustatzailea batez ere erakunde pribatuek osatzen duten arren, Eusko Jaurlaritzak klusterrean duen ordezkaritzari eusten dio, Arrisku Kapitalaren Kudeaketaren bidez (SPRI Taldea) eta Finantzen Euskal Institutuaren bidez, eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Seed Capital Bizkaiaren bidez. Izaera pribatuko gainerako erakunde sustatzaileak honako hauek dira: ABE capital partners SGEIC, Elkargi, Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Federazioa, BBK Fundazioa, Garrigues, IKEI Research & Consultancy, Kaizaharra Corporacion Empresarial, Kutxabank, Laboral Kutxa, Multiverse Computing, Norgestion S.A., SANTANDER, Sociedad Rectora de la Bolsa de Valores de Bilbao, S.A.U., Artizarra Fundazioa eta Tecnalia Ventures.

Finantza-kultura zabaltzea eta talentua sortzea 

Kluster berria Lehendakariak berak eskatuta eratu da, eta bere lehentasun nagusia finantza-kultura zabaltzea da. Halaber, tresnei, erakundeei eta finantza-funtzioari buruzko ezagutza areagotzea enpresan eta herritarrengan. Klusterra euskal ekonomiarako zeharkako ikuspegi batekin sortzen da.

Horretarako, beharrezkotzat jotzen dute profesionalak eta talentua sortzea. Euskadin ezagutza eta talentu finantzarioa eta inbertitzailea erakartzeko eta errotzeko lan egingo du, tokiko lehiakortasuna eta enpresen errotzea indartzen laguntzeko eta Euskadi ingurune erakargarriagoa bihurtzeko, proiektu estrategikoak eta eraldatzaileak garatzeko eta inbertsioak erakartzeko.

Nolanahi ere, eraldaketa digitala eta teknologia aurreratua sustatzeari emango dio lehentasuna, I+G-ren bidez, eta teknologia berriak inbertsio- eta finantzaketa-tresnetan ere aplikatuko dira, startupak azeleratuz.

BasqueFIK klusterrak bere gain hartuko du sektorea bera dinamizatzea, networking-, prestakuntza- eta lankidetza-jarduerak sustatuz, bai eta Informazioa Zabaltzeko Behatokia sortzea.