UPV/EHUk ongi etorria eman die bigarren lauhileko honetan mugikortasuneko 1.200 ikasle baino gehiagori

0
Argazkia: Unai Susperregi. UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateak ongi etorria emango die bigarren lauhilekoa hiru campusetako batean egingo duten 1.200 mugikortasun ikasleei. Gaur, Udaberriko Harrera Eguna Gipuzkoako Campusean ospatu da, eta bertan, jai giroan, mugikortasuneko ikasleez gain, campuseko ikasleek parte hartu dute. Gipuzkoaren ostean, ongietorri jardunaldiak otsailaren 20an Bizkaiko Campusean eta 21ean Arabako Campusean izango dira.

Era berean, ekitaldian ongietorria emango zaie beste unibertsitate batzuetako 1.427 ikasleei, 1.232 nazioartekoei (820 Erasmus+ programan eta 412 UPV/EHUren programetan) eta 195 SICUE programan. Ikasle horiek gutxienez lauhileko bat egingo dute UPV/EHUn.

“Harrera Egunek-dio Junkal Gutierrez UPV/EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak- bilgune bat izan nahi dute, bertoko eta kanpoko ikasleak elkartuta gure unibertsitatearen eskaintzaren berri jasotzeko jai-giroan. Ikasturte hasieran egin ziren lehenbizikoak, eta oraingoa bigarren lauhilekoaren hasieraren aitzakia hartuta antolatu dira. Bigarren lauhilekoan etorritako nazioarteko ikasleei harrera egiteaz gainera, gure ikasleen mugikortasunari buruzko informazio-saioa ere egin da. Programazioa koordinatu da saio horietatik irtendakoan bestelako informazioa ere banatu dezaten EHUkirola edota EHUkultura bezalako zerbitzuek. Laster master astea ere izango dugu UPV/EHUn eta horren berri banatuko da.  Ikasle kontseilua, ikasle taldeak… ere mahai bat izan dute informazioa banatzeko muntatutako azokan. Nolabait, gure unibertsitateko zerbitzuen berri ematea da gakoa, bai bertoko ikasleei, bai kanpotik datozenei. Dena izaten da gozoagoa kultur ekitaldi baten inguruan eta saio guztietan eskainiko zaie parte hartzaileei dela erakusketa gidatu batean parte hartzea, dela musikaz gozatzea, dela hizkuntza gutxituetako animazioez gozatzea. Horretarako gure unibertsitateko campusetako kultura zerbitzuekin eta UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrarekin koordinatu gara. Horrez gainera, talo-edariak jasotzeko aukera izango da”.