Barakaldoko Udalak hustubideak aztertu eta ibaien maila kontrolatu du, euriteengatik ezarritako alerta laranja dela eta

0

Larrialdiko talde bat sortu da Alkatetza, Udal Zerbitzu, Azpiegitura, Udaltzaingo… arloetako teknikariekin, gorabeherarik gertatuz gero berehala jarduteko. Euriagatik ezarritako alerta handia bihar 12:00etan amaituko da. Herritarrei gomendatzen zaie udaleko sare sozialen eta komunikazio-kanalen zain egotea

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarri du biharko 12:00ak arte euriteengatik. 24 ordutan 80l/m2-tik gorako ur-pilaketa aurreikusi denez, Barakaldoko Udalak larrialdi-plana jarri du abian, eta lantalde bat sortu du hainbat udal-arlotako teknikariak biltzeko (Alkatetza, Udal Zerbitzuak, Azpiegiturak, Udaltzaingoa…). Gainera, eta prebentzioz, hustubideak aztertzen eta ibaien ibilgua kontrolatzen ari dira.

Udalak talde bat jarri du martxan azken orduetan, euriteengatik ezarritako alerta laranja nola garatuko den zain egoteko. Horretarako, alertan mantentzen dira udal-zerbitzuetako langileak, hala nola garbiketakoak edo brigadetakoak, euriteek eragindako arazoengatik iristen joan daitezkeen abisuei azkar eta eraginkortasunez erantzuteko aukera izan dezaten. Hiriko hustubideak prebentzioz berrikusten ari dira, bereziki ur-pilaketa ohikoena den eremuetan. Gainera, ibaien ibilgua kontrolatzen ari dira, arreta berezia jarriz mareetan.

Bestalde, sare sozialetan eta udaleko informazio-kanaletan (argi-pantailak, komunikabideak, etab.) komunikazio-kanal berezi bat aktibatu da, herritarrei alerta laranja horren aurrerapenaren berri emateko.