UPV/EHUk Kode Etikoa onartu du

0

Euskal Herriko Unibertsitateak badu bere Kode Etikoa, Gobernu Kontseiluak onartu berri baitu. Abian jarri den ekimena hau guztiz berria da gure unibertsitatean, eta Unibertsitate-komunitatea osatzen dugun pertsona guztiok inspiratu behar gaituzten printzipioak zehazten ditu. Besteak beste, jakintza sortu, kritikatu eta zabaltzeko duen konpromisoa adierazten da testuan. Halaber, zorroztasun zientifikoz eta zintzotasunez eta esfortzuan eta lankidetzaren aintzatespenean oinarrituta lan egiteko eskatzen du.

Kodeak dio unibertsitateko kideek balio hauei eutsi beharko dietela beren jardunean: berdintasunari, askatasunari, egiari, errespetuari, zerbitzu publikoari eta gizartearekiko konpromisoari, eta jasangarritasunari. Era berean, testuan adierazten da unibertsitateak konpromisoa hartzen duela jakintza sortu, kritikatu eta zabaltzeko; ikasleen heziketa osoa bultzatzeko; euskararen eta euskal kulturaren garapena eta normalizazioa sustatzeko; nazioarteko lankidetza indartzeko; premia bereziak dauzkaten pertsonen integrazioa bultzatzeko; bakea, justizia eta bizikidetza demokratikoa sustatzeko; eta gizartearen garapen jasangarria bultzatzeko, terrorismo eta indarkeria oro arbuiaturik. Halaber, gure erakundearen konpromisoa da emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatzea, beharrezko neurriak hartzea inor diskriminatua izan ez dadin, eta aniztasuna eta diferentzia errespetatzea.

Aipatu bezala, ekimen hau guztiz berria da euskal unibertsitate publikoaren barne araugintzan. Haren helburua da jokabide ildo batzuk ematea berton ikasten, irakasten, ikertzen edo kudeaketan diharduten guztientzat, eta, horretaz gain, tresna izatea unibertsitatearen arautegi guztien interpretaziorako, eta etorkizuneko erabakiak hartzeko gidari.

Kode berriak ez du izaera arauemailea, bere helburua izanik unibertsitateko kideen, organoen eta unibertsitatearekin harremanik izan ohi duten pertsona guztien jokabidearen eredu izatea, baina haren bidez interpretatu ahal izango dira UPV/EHUren funtzionamendurako indarrean dauden barne arauak. Bi lantalde, unibertsitateko sektore guztien ordezkariez osatuak, bi urte baino gehiago aritu dira testua sortzen.

Errektoreak abegi onez hartu du Kode Etikoaren onarpena: “Dokumentu hau ikaragarri garrantzitsua da, euskal unibertsitate publikoa osatzen dugun guztiok gidari izan behar ditugun printzipioak eta balioak zehazten dituelako. Gainera, azpimarratu beharra dago era honetako lehen testua dela Euskal Herriko Unibertsitatean, eta adostasun irmoa behar izaten dela halako dokumentuak sortzeko. Oraingoan babes zabala lortu dugu, kolektibo eta pentsaera desberdinetako pertsonena. Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkiet proiektuan parte hartu duten pertsona guztiei beren ahaleginagatik. Beren ekarpenei esker, gaur geroz UPV/EHUk badu bere Kode Etikoa.

Gainera, kodeak ezartzen du, besteak beste, ikasleek esfortzua egin beharko dutela jakintza bereganatzeko eta ebaluazio probak behar bezala egiteko  “kopiatu edo plagiatu gabe, eta zintzotasun eta ahaleginarekin bateraezinak diren bitartekoak edo estrategiak baliatu gabe”, eta UPV/EHUk bere esku jartzen dituen baliabideak “behar bezala eta arduraz” erabili beharko dituztela. Irakasle-ikertzaileentzako portaera arauak ere ematen dira. Eskatzen zaie “zorroztasun zientifikoz eta zintzotasunez” lan egiteko, “esfortzuan eta lankidetzaren aintzatespenean oinarrituta, eta, betiere, beste inoren jakintza modu irregularrean baliatu edo plagiatu gabe”.

Unibertsitateko Bizikidetza Batzordea arduratuko da Kode Etikoa ezagutzera emateaz, eta, horretaz gain, etengabeko hausnarketa bultzatuko du printzipio etikoez, argituko ditu kodearen interpretazioaren inguruan sortzen diren zalantzak, identifikatuko ditu prozeduretan egon daitezkeen akatsak, eta aztertuko ditu kodearen kontrakoak izan daitezkeen portaerak, bai eta haien inguruko gomendioak eman ere.