Ostatu erabilerei buruzko HAPOren aldaketari hasierako onarpena eman zaio

0

Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako beste gai batzuk: Txomin Eneako anbulatorioa, Martuteneko biribilgunea, Eguzki instalazioa, Igeldoko espaloia, Kirol Txartela SPEIS

Donostiako Udalak hasierako onarpena eman dio ostatu erabilerei buruzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketari. Aldaketa honen helburua da ostatu eta establezimendu turistikoen (hotelak, pentsioak, apartamentu turistikoak, aterpetxeak, erabilera turistikoko etxebizitzak, erabilera turistikoko etxebizitzetako gelak, etab.) ezarpenari buruz indarrean dauden hirigintza-aurreikuspenak berregokitzea.

Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, «aldaketa honen hasierako onarpenak ekarriko du hirian ostatu erabilerak ezartzeko lizentzien emakida etetearen luzapena beste bi urtez, hau da, 2026ra arte«.

Aldaketa-proposamenak bi eremu bereizten ditu hirian:

  • Alde batetik, hirigintzako lurzati guztien etendura orokorra ezartzen du, horien kalifikazio xehatua alde batera utzita, Antiguo-Ondarreta, Ategorrieta-Ulia, Erdialdea, Gros eta Ibaeta auzoetan.
  • Hiriaren gainerakoan, bizitegi lurzatietan baino ez da aurreikusten etenaldia.

Etenaldiaren ondorioz, ezinezkoa izango da ostatu establezimendu eta erabilera berriak ezartzeko lizentziak ematea, bai eta dagozkion obrak egitea edo lehendik daudenak handitzea ere.

Alde Zaharra etenaldi horretatik kanpo geratzen da, eremu saturatutzat jotzen baita jada, 2020an araututako ostatu erabileren ezarpenari dagokion mugarekin. Era berean, neurri honetatik kanpo geratzen dira lurzoru urbanizaezinean ezar daitezkeen kanpinak, nekazalturismoak eta landetxeak.

Txomin Eneako anbulatorioa

Tokiko Gobernu Batzarrak hasierako onarpena eman dio Txomin Enea auzoko anbulatorioko 4 lurzatiren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari, Horrela, Arteleku plazako gune publikoa prestatzen da, Osakidetzaren osasun zentroa behin betiko kokapenera eraman ahal izateko, eta lursail bat erabilera komunitarioetara bideratzeko.

Plan Berezia antolamendu berria bi eremutan banatutako mugaketa eten batean definitzeko idatzi da:

  • Lehenengo eremuak honako hau hartzen du barne:
  • g.000.1 lurzatia – ekipamendu erabileretarako
  • Bigarren eremuak Artelekuko plaza hartzen du, eta honako lurzatiak hartzen ditu barne:
  • g.000.2 lurzatia – ekipamendu erabileretarako
  • g.000.3 lurzatia – osasun erabilera
  • f.10.3 d lurzatia – gune libreak
  • Kristobaldegi kalearen aldameneko azalera txiki bat

Martuteneko biribilgunea

Tokiko Gobernu Batzarrak Urbycolan, SLri esleitu dio Pilarreko Andre Maria eta Tanbia kaleen eta Martuteneko pasealekuaren arteko elkargunean biribilgune bat eraikitzeko proiektuari dagozkion obren kontratua, 4 hilabeteko egikaritze-epearekin eta 246.427 euroko aurrekontuarekin.

Jarduera-eremua 2.140 m²-koa da gutxi gorabehera, eta proiektu honen helburua da joan-etorriak antolatzea eta kolektibo guztien zirkulazioa hobetzea. Ingurunearen hobekuntza integrala lortu nahi da, eremura egokitutako biribilgune bat eginez, oinezkoen eta bizikleten mugikortasun alternatiboa erraztuz eta ingurunea hobetuz.

Eguzki instalazioa

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Iniciativas de Tecnologia y Sostenibilidad, SLri esleitzea Altzako ikastetxe publikoaren gaineko autokontsumorako eguzki instalazio fotovoltaikoaren proiektua gauzatzeko kontratua, 8 hilabeteko egikaritze epearekin eta 81.991 euroko aurrekontuarekin.

Igeldoko espaloia

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Construcciones Moyua, SLri esleitzea Igeldoko saihesbidearen mendebaldeko irteeraren eta kanpinaren arteko espaloia eraikitzeko obra proiektua gauzatzeko kontratua, Next GenerationEU Europako Funtsekin finantzatua. Kontratuak 20 asteko gauzatze epea eta 1.446.477 euroko aurrekontua du.

Proiektuak 4 jarduera nagusi ditu:

  • Oinezkoentzako espaloi bat sortzea, 1,5 eta 2 metro arteko zabalerakoa, bi zonak lotuko dituena
  • Zorua berritzea, bai zabaleran, bai luzeran
  • Telefono-sareak, elektrizitatea eta argiteria publikoa lurperatzea
  • Euri-uren sare berria

Kirol Txartela SPEIS

Tokiko Gobernu Batzarrak SPEISeko langileentzako 2022ko Kirol Txartela Kiroletako Udal Patronatuari ordaintzeko baimena ematea onartu du, 26.555 euroko zenbatekoarekin.