Harkaitz Canok gaur egungo euskal literatura sisteman egin duen ibilbidea ulertzeko liburua

0
Harkaitz Cano

Euskal sistema literarioa sistema ahula dela esan ohi da, baina azken urteetan inguruan dituen eta hizkuntza handiek baliatzen dituzten sistemek izandako garapenaren antzeko eboluzioa lortu du literatura-testuen moldeen, gaien edo generoen alderdian. Eta ez da ohikoa izan euskal letren historian. Hala, horren zergatiak aztertu ditu ‘Harkaitz Cano eta gaur egungo euskal literatura sistema’ liburuan Aiora Sampedro Alegria Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikaren arloko irakasleak.

Bi atal nagusitan egituratu da lana. Lehenean, euskal sistema literarioa zein ikuspegitatik aztertuko den azaldu eta sistemaz egindako neurketa kuantitatiboa azaleratu dira eta euskal sistema literarioa eta haren egiturak aztertzen dira haren funtzionamendua ulertzeko. Hori justifikatzeko, ideia nagusi bat nabarmendu du egileak lanean: “euskal sistemaren funtzionamenduan egileek eta kritikak beste eragiten dutela kontsumitzaileen iritziek, editorialetako politikek edo irakurle elkarteek, besteak beste”.

Aurrekoarekin lotuta, sistema literario luzean ibilbide oparoa lortu duen idazlea aztertzearen interesagatik, Harkaitz Canoren azterketari ekin dio UPV/EHUko irakasleak bigarren atalean, Canoren literaturaren merkaturatze bideei eta irakurleekin duen harremanari erreparatuz eta sistemako gainerako egileen adibide gisa ulertuz.

«Euskal sistemako sariketen eta euskal kritikaren arreta garrantzitsua izan da ekoizleen ibilbidea bideratzeko. Harkaitz Canoren ereduarekin frogatu denez. Bigarrenik, aurreko errekonozimenduak jaso ondoren, prentsa hispanikoaren arreta bereganatzea erraztu egiten da, baita argitaletxe hispanikoen (komunikazio taldeak) nahiz horietatik eratortzen diren beste sistemetako ekoizleen arteko giza harremanak mantentzea ere. Horretarako, idazle-ekitaldiak edo literatura azokak baliagarriak izaten dira», azaldu du Sampedrok.

Eranskinen atalean, etorkizunera begira literatura merkantilizazioaren azterketari ekiteko bideak ireki nahi izan ditu egileak. Horretarako, euskal editorialak elkarrizketatu dira, haien merkatu eta ekoizpen estrategiak nahiz erronka posibleak irudikatzeko. Liburuaren ekarpenik interesgarriena osatzen duen atala da hau. Parte hartu dute Txalaparta, Pamiela, Elkar, Igela eta Susa argitaletxeek.

Jon Kortazar Uriarte UPV/EHUko literatura katedradunak idatzi du liburuaren sarrera. Bertan, irakasleak nabarmentzen du Aiora Sampedrok “inoiz egin den euskal sistema literario eta kulturalaren deskribapen zehatz eta iradokitzaileena egin du”-ela.

Egileari buruz

Aiora Sampedro Alegria (Beasain, 1993). Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikaren arloko irakasle atxikia da, eta Literatura Konparatuan eta Ikasketa Literarioetan doktorea da unibertsitate berean (2023). Bere unibertsitate ibilbidean bi atal jorratu ditu: batetik, literaturaren didaktikan aritzen diren irakasleen prestakuntza landu du, besteak beste, UEUko irakas-eskaintzaren baitan. Bestetik, ikerketa-lanean sistema literarioaren azterketarekin lotutako lanen edizioa nabarmentzen da, hala nola Circuits in Motion. Polysystem Theory and the Analysis of Culture liburukia, D. Souto eta J. Kortazar irakasleekin batera argitaratutakoa eta EHUko argitalpen-zerbitzuak 2021ean publikatu zuena.