Talde turistikoak gehienez 25 pertsonaz osatuta egongo dira

0

Donostiako Udalak, Donostia Turismoaren bitartez, hirian dabiltzan turista-taldeak arautuko ditu, eta, horretarako, laster bisita gidatu turistikoa Espazio Publikoaren Ordenantzan sartzea onartuko du, bisita gidatuetan gehienez ere 25 lagunek parte har dezaten.

Neurria apirilaren 10ean sartuko da indarrean, eta tokiko gida-enpresekin adostu dute, muga hori errespetatzeko konpromisoa hartu baitute. Gainera, gida-zerbitzu horiek emateko ordu-muga ezarri da, goizeko 8etatik gaueko hamaiketara bitartean.

Mundu osoko bisitari, turista eta txangozaleen kopuruaren hazkundearekin bat, bisita gidatuen taldeen kopuruak nabarmen egin du gora Donostian azken urteotan. Talde horien presentziak eragina du hiriko eguneroko bizitzan eta bertako biztanleengan, batez ere jende gehien biltzen den lekuetan, eta horietan bizikidetza eta mugikortasuna baldintzatu dezake. Horregatik, Udalak eta Donostia Turismoak taldeen presentzia mugatu nahi dute, baita presentzia turistiko hori eta jarduera turistikoa bizilagunekiko bizikidetzarekin harmonizatuko dituen egoera sustatu ere.Insaustik, gainera, sektorearen eta, kasu honetan, turismo-jardueran aritzen diren tokiko enpresen laguntza eta inplikazioa eskertu du, udal-zerbitzuekin batera jarduera hori garatzeko esparrua adostu dutelako.

Erantzukizun adierazpena

Hiriko bide publikoan bisita gidatuak egin nahi dituen turismo-gidarien enpresa orok izapide bat egin beharko du. Izapide hori “Erantzukizunpeko adierazpen” bat da, online modu errazean egin ahal izango dena, ziurtagiri digitalaren bidez. Ziurtagiri horretan, enpresak edo gidak jarduera egiteko baldintza batzuk betetzeko konpromisoa hartuko du, besteak beste, 25 pertsonatik gorako taldeak ez gidatzeko konpromisoa.

“Erantzukizunpeko adierazpena” izapidea egitean, gida-zerbitzuen enpresak edo gidak jarduera gidatua egiten duen bitartean berekin eraman behar duen erregistro-zenbakia duen dokumentu bat lortuko du, paperean edo euskarri digitalean. Udaltzainek erantzukizunpeko adierazpen hori eskatu ahal izango diote bisita gidatua egiten ari den profesionalari, eta halakorik ez badute, 750 €eta 1.500 € arteko isunekin zigortu ahal izango du.

Izapide horrekin eta lantzen ari diren beste ekintza batzuekin, Donostia turismoaren kudeaketaren aldaketaren buru diren helmuga turistikoen artean kokatzen da, jarduera arautzen eta herritarrentzat atseginago egiten ari baita. Gainera, izapide horri esker, lehen aldiz jaso ahal izango dira hirian lan egiten duten enpresen eta profesionalen datu zehatzak.