Kitu Foods, snack osasungarriak fabrikatzen dituen mikroETE bizkaitarra

0

Snack osasungarriak fabrikatzen dituen mikroETE bizkaitarra da Kitu Foods, eta aurten 60 tonatik gora merkaturatzea aurreikusten du. Olio kantitate erdia behar duen teknologia erabiltzen du enpresak, eta merkatuan existitzen ez diren fruta-snackak eskaintzen ditu. Informazio hau “Zutaz mintzo gara” egitasmoaren bidez sortu da. Horren bidez, euskal enpresei haien proiektuak ezagutzera emateko aukera ematen die SPRI Taldeak, bere plataformaren bidez.

Enpresa 2017an sortu zen Ernesto García Marquésen ekimenez. Enpresaren fundatzailea eta CEOa da, eta enpresen zuzendaritzari buruzko master batean ezagutu zuen bere beste bazkidea, Luis Santos. “Hondurasetik zetorren, eta ezagutzen zuen aperitiboen sektorea. Aperitibo jasangarriagoak eta osasungarriagoak merkaturatzea pentsatu genuen, tonu exotiko batekin. Merkatua aztertu genuen, eta egingarria zela ikusi genuen”.

Snacken fabrikazioa Ekuadorren hasten da. Hango klima eta altitudea ezin hobeak dira produktuarentzat. “Dena den, diseinua europarra da”. 2018aren hasierarako, landare exotikoen snackak eskaintzen zituzten belar-dendetan eta alergenoen dendetan, “eta ostalaritzara eta publiko gourmetarengana zabaltzen joan ginen”. Era berean, hainbat herrialdetara esportatzen hasi ziren, hala nola Italiara, Finlandiara, Danimarkara, Frantziara edo Ingalaterrara. “Orduan pandemia etorri zen eta esportazioak gelditu egin ziren, baina Espainian eta Italian hazten jarraitu genuen”.

Pandemia lehertu zenean, bazkidea enpresatik eta herrialdetik irten zen. Une zaila izan zen hura. “Proiektuari jarraipena emateko egoera zailean geratu nintzen, bakarrik”.

Iaz, Ekuadorren fabrikazio propioa egiten hasi zen Kitu Foods, eta teknologia berri bat erabiltzen hasi zen. “Hutsean frijitzen dugu: produktu zaporetsuagoa eta osasungarriagoa egiten dugu, olioaren erdiarekin. Hala, merkatuan ez dauden snackak eskaintzen ditugu, frutaz eginak: sagarra, banana edo anana.  Horrekin negozioa handitu dezakegu. Hain zuzen ere, merkatua Asiara irekitzeko aukera sakon aztertzen ari gara”.

Dendan saltzeko snackak eskaintzen dituzte, eta ostalaritzako formatuetan ere bai, entsaladetan, hanburgesetan eta postreetan erabiltzeko. “Orain Corte Inglésen, NH Hotelen, Kanarietako Dinosol supermerkatuen, Carrefourren edo Healthy Poke katearen hornitzaileak gara. Azken horrek 30 denda baino gehiago ditu Espainian”. Batez ere, sektore hauentzat egiten dute lan: dendak, ostalaritza eta vending makinak.

Produktu naturala

Latinoamerikan Espainiarako landare-snackak ekoizten dituzten bakarrak dira, produktu latinoamerikarren nitxotik kanpo, eta hori da beste ekoizle batzuengandik bereizten dituena. “Hemen kalitatea askoz ere industrialagoa da, ez da hain jasangarria. Landare-snacketan espezializatuta gaude, eta lehiakideek erabiltzen duten olio kantitatearen ia herena erabiltzen dugu. Produktu natural baten zaporea eta testura ditu snackak”. Euskadin ez dute lehiakiderik.

Urtean 30 tona baino gehiago merkaturatzen dituzte gaur egun, eta aurten ekoizpena bikoiztea aurreikusten dute. 2024a ia milioi bat euroko fakturazioarekin ixtea espero dute. Gaur egun ekoizpenaren % 5 esportatzen dute, baina ekitaldi honetan zifra hori laukoiztea aurreikusten dute.

Enpresak hiru langile ditu, eta Bizkaian ontziratze-zentro bat sortzea da asmoa, produktua soltean ekarri eta eraginkorragoak izateko.

I+G arloa garrantzitsua da proiektuan, eta makina bat garatzeko balio izan du. Makina horrek “90 gradutan frijitzen eta liofilizatzen du. Hala, akrilamida sortzea saihesten du, olioa tenperatura altuan erretzean sortzen den toxina bat. Lehiakideek erabiltzen duten olio kantitatearen erdia erabiltzen du”.

Honako erronkak ditu: Euskadiko eta Espainiako saltoki handietan sartzea; Europako hainbat herrialdetarako esportazioa handitzea, hala nola Portugal, Frantzia, Alemania eta Erresuma Baturakoa; eta Bizkaian ekoizpen-fabrika bat muntatzea. “Eta lantaldea handitu nahi dugu, marka ezagun gisa presentzia handiagoa izateko eta, hala, aperitiboen sektoreko erraldoiekin lehiatzeko”.

Kitu Foods Basque Food Clusterrera batu da. “Horiek digitalizazioarekin laguntzen digute”.