Aurten Bizkaiko Foru Aldundiak 60.000 euro erabiliko ditu toki erakundeek Europar Batasunaren programetan eta ekimenetan parte hartzea sustatzeko laguntzak emateko. Deialdiko laguntzak Bizkaiko 150.000 biztanletik beherako udalentzat eta haiek parte duten elkartzeentzat dira.
Helburua da toki erakundeek beren proiektuak aurkeztea Batasunaren laguntzen deialdietan eta finantzabide osagarriak lortzea beren ekimenetarako. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiak Batasunaren laguntza eskatzeko egin behar izan dituzten aholkularitza-gastuen ehuneko bat finantzatuko du.
2024ko deialdiko berrikuntzak
Aurten berrikuntza batzuk daude. Batetik, udalek ez ezik mankomunitateek, landa garapenerako elkarteek, enplegua sustatzeko «Behargintza» zentroek eta Bizkaiko turismoa kudeatzeko erakundeek ere eskatu ahal izango dute laguntza.
Bestetik, udalerriaren tamainaren araberako dirulaguntza-tartean ezarri dira. Horren arabera, txikienen dirulaguntza % 100ekoa izango da.
Eskaerak aurkezteko epealdia irekita dago eta 2024ko urriaren 31ra arte luzatuko da.
Europako Orientaziorako Bulegoa: informazioa eta aholkuak
Dirulaguntza-lerro honez gainera, Bizkaiko udalek Europako Orientaziorako Bulegora jo dezakete laguntza-eske: Bruselako prozedurak azalduko dizkiete eta Next Generation funtsak lortzeko zer egin behar duten esango diete. Foru Aldundiak Bizkaiko udalen esku jarri duen zerbitzu horretan Batasunaren finantzabideen programei eta deialdiei buruzko informazioa ematen da eta azaltzen da zer egin behar den finantzabide horiek eskatzeko eta udal proiektuak Batasunaren deialdietara moldatzeko.
Europar Batasunak arlo askotako proiektuak finantzatzen ditu: gizarte politikak, ingurumeneko politikak, ekintzailetza, integrazioa, enplegua eta mugikortasuna, besteak beste. Zerbitzu horren helburua da udalei laguntzea Batasunaren prozedura konplexuei aurre egiten, berariazko prestakuntza eta baliabideak behar izaten dira eta.
Hain zuzen ere, Bizkaiko 85 udalerrik baino gehiagok jaso dituzte Next Generation funtsak beren proiektuak gauzatzeko: eraikinak birgaitzea, efizientzia energetikoa, turismoa, liburutegi-funtsak, ekonomia zirkularra, zerbitzu digitalak.