Ekialdeko Barrutiko Batzarrak egoitza berria du

0

Instalazio berriak Altzako Harrobieta plazan daude, eta Udalinforen bulego bat izango dute

Ekialdeko Barrutiko Batzarrak egoitza berria du Donostiako Udalak Altza auzoko Harrobieta plazako 17. zenbakian horretarako prestatu dituen bulegoetan.

Udaleko Tokiko Gobernu Batzarra instalazio berrietan egin gaur goizean, eta horrek, Eneko Goia alkatearen hitzetan, «esanahi sinbolikoa ez ezik, historikoa ere badu. Udalak duela bi legealdi sortu zuen Ekialdeko Barrutiko Batzarra, eta denbora honetan udal-egitura hau sendotzen joan da, indarra hartzen, eta gaur egun bere jarduera propioa duela esan genezake».

Goiak, Carlos García Ekialdeko Barrutiko Batzarreko presidentearekin batera agertu denak, nabarmendu du udal-egitura deszentralizatzeko eta herritarrengandik hurbilago egoteko hasitako bidea egonkortzen ari dela, eta Barrutiaren ekimenak eta erabakiak geroz eta gehiago direla.

Bulego berriak Barrutiko Batzordearen eskura egongo diren hainbat gunez osatuta daude: bi bulego, bilera eta batzar aretoa itzulpen gelarekin, erabilera publikoko komunak eta langileentzako office bat.

Udalinfoko bulegoak

Ekialdeko Barrutiko egoitza hartzeaz gain, instalazio berri hauek Udalinfo Herritarren Arretarako Zerbitzua ere eskainiko dute. Horrek bi postu izango ditu, 9:00etatik 14:00etara, eta autotramitazio makina bat, ordutegi zabalagoa izango duena. Postu horiei beste bat gehitu ahal izango zaie, beharrezkoa izanez gero. Konpostajerako zabor-poltsak banatzeko makina bat ere egongo da eskuragarri.

Bulego horiez gain, Udala lanean ari da etorkizunean Udaltzaingoaren komisaria bat irekitzeko Herrera inguruan, udal-administrazioa herritarrengana hurbiltzeko eta zerbitzu hurbilagoa emateko.