Nerea Melgosak Estibalizko Desagrabioen Azoka ospatu du

0
  • Jatorria XII. mendean duen jaia eta Erdi Aroko Araba elkarteak berreskuratutako erromeria

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Desagrabioen Azoka eta Erromeria ospatu ditu gaur goizean Estibalizko Santutegian, Gasteizen. Beste ordezkari instituzional batzuekin batera, elizkizunean eta jatorria XII. mendean duen jaian eta Erdi Aroko Araba elkarteak berreskuratutako erromerian parte hartu du.  “Garrantzitsua da santutegiak euskal erreferentzia historikoa izaten jarraitzea, beneditarren komunitateak urte askoan hain egoki egin duen lanari jarraituz”.

Nerea Melgosa sailburua eta Irma Basterra Arabako Batzar Nagusien lehendakariarekin batera izan den mezan Maite Vicuña´k zuzendutako Vicente García abesbatzak parte hartu du.

Sailburua, foru- eta udal-kargudunekin batera, artisautzako, gastronomiako eta kulturako bertako produktuen postuetan ibili da.  Aire zabaleko pintura azkarraren lehiaketa, Arabako patataren XXX. sukaldaritza-lehiaketa, herri kirolen erakustaldia, aizkolari promesen txapelketa –Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa– eta emakumezko eta gizonezko harri-jasotzaileen saioak izan dira eguneko beste erreferenteetako batzuk.

Estibalizko Desagrabioen jaia XII. mendekoa da, eskualdeko jendea azokan elkartzen zenekoa. Egun horretan egiten ziren Jainkoaren Epaiketak edo Desagrabioak izenekoak ere. Erdi Aroko Araba kultura-elkartearen arabera, “XVI. mendeko agiri batean adierazten denez, 1000. urtetik, gutxi gorabehera, eskualdean sortutako arazoak konpontzeko unea izaten zen maiatzaren 1a Estibalizen”.

Erdi Aroko Araba elkartearen datuen arabera, “goizeko lehenengo orduan meza izaten zen, eta bakeak egiten ez zituztenak dueluan aritzen ziren.  XIX. eta XX. mendeetan, Estibalizek pertsona bakarra zuen: Pater, nekazari etxezaina.  XX. mendearen hasieran, Udalak eta Foru Aldundiak Estibalizko eraikin erromanikoa zaharberritzeari ekin zioten. Hainbat hamarkadatan, Lazkaora joan aurretik, lekua kudeatu zuten beneditarrek Euskadiko ta Arabako kulturaren eta ohituren erreferentziazko lekua bihurtu zuten”.