URBNSURF enpresa australiarrak berriro aukeratu du Euskadiko Wavegarden bere bigarren surf parkerako

0

Kirol olinpikoaren sorlekua Australian, Sydneyko Parke Olinpikoa, Wavegardenek herrialde honetan instalatzen duen bigarren surf parkearen egoitza da orain. 75 milioi dolar australiarretik gorako inbertsioarekin, URBNSURFek Donostiako olatuen ingeniaritzan konfiantza izan du bigarren aldiz, 2020an Melbourneko surf parkea ireki ondoren. “Proiektu berri honek enpresa australiarrak Wavegardenengan duen balioa eta konfiantza nabarmentzen ditu”, azpimarratu du Fernando Odriozola, Wavegardeneko zuzendari komertzialak. 

Horrela, Wavegarden mundu osoan zortzi surf parke martxan dituen sustatzaile bakarra da: bi Brasilen, bat Suitzan, Erresuma Batuan, Hego Korean, Espainiako iparraldean eta, orain, bi Australian. “Sydneyk surfa egiteko hondartza ugari izateko zortea badu ere, hondartzetara sarbidea eta olatuak hartzeko ilaretan pilaketa gero eta arazo larriagoak dira”, azaldu du Odriozolak. Hori dela eta, “Sydneyko Wavegarden Cove urmaela ozeanoetako surfaren alternatiba bat da, surflariei kirol hau segurtasun, erraztasun eta maiztasun handiagoarekin egiteko aukera emanez“, gaineratu du. 

“URBNSURF Sydney sortu genuen, 2020an Melbournen Australiako lehen surf parkea garatu, abiarazi eta arrakastaz martxan jartzean lortutako esperientzian eta ezagutzetan oinarrituta”, azpimarratu du Damon Tudor URBNSURFeko CEOak. “Harro gaude industria berri eta zirraragarri honetan aitzindaritzat hartu gaituztelako, Sydneyko gure bigarren parkearen irekierarekin primizia mundiala bihurtu garelako. Ezin dugu itxaron gure bezeroei erakusteko Australia eta munduan zer lortu dugun”. 

Instalazioak diseinu jasangarriko elementuak, energia berriztagarria eta ura aurrezteko sistemak ditu. Orduko 90 surflarirentzako edukierarekin, lau gune espezifikotan banatuta, eguneko 1.000 bisitari hartzeko diseinatuta dago, eta surflari bakoitzak 10-12 olatu izango ditu saio bakoitzean. 

Jendearentzat ireki aurretik (aurtengo maiatzerako aurreikusita dago), Dylan Moffat, Owen Wright eta Milla Coco Brown surfeko profesionalek frogatu dute urmaela, eta baldintza guztiak betetzen dituela ondorioztatu dute. “Sinestezina da Australian horrelako surf parkeak ditugula pentsatzea”, azpimarratu du Wrightek, eta gaineratu du “olatuak mundu mailakoak direla benetan”. 

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.